Mikel del Val
Touring kirol elkarteak ehun urte beteko ditu datorren urteko ekainaren 22an, eta, urteurren hori ospatzeko urtebete geratzen den honetan, denboraldi osora zabalduko duten programazioaren ildo nagusien berri eman zuten asteartean, klubeko kideek nahiz Errenteriako Udaleko ordezkariek. Mendeurrenaren ikurra ere aurkeztu zuten. Asier Ierobi Errenteriako kirol elkartearen presidenteak zehaztu zuen mendeurrena prestatzen urtebete daramatela. Programa “zabala eta askotarikoa” dute esku artean, urteurrena “berezia eta historikoa” izatea nahi dutelako. Muinean, hori bai, “Errenteria eta bertako herritarrak” izan nahi dituzte gogoan, “Touring herriarena baita”.
Touringen gertuko historia ezagutzeko, ordea, atzera egin beharra dago. 1923ko ekainaren 22ra, zehazki. Paco Arrillagak bizitzaren zati handi bat eman du Touringen, eta, besteak beste, presidente izan da. 74 urte daramatza bazkide. Touringen izena “bitxia” da, ez baitarama herriaren izenik edo euskal hitzik. Horren harira, Arrillagari beti kontatu izan diote istorio bera: “Herriko kuadrilla bat Maritxu tabernan zegoen herriko taldea izango zenaren izena aukeratzen. Une hartan, Frantziatik zetozen autobus batzuk pasatu ziren paretik, Touring izenekoak, eta horrela atera zuten taldearen izena”. Izena hautatuta, lehian hasi ziren herriko futbolariak. Lehen urteak Gipuzkoako ligetan egin zituzten, “taldea egonkortzeko”, eta 1955-1956ko sasoian Espainiako Hirugarren Mailara igo ziren, lehen aldiz.
Bigarren B Mailaraino
1983an Arrillagak hartu zuen Touringen presidente kargua, eta 1993an Touringek kirol arloan inoizko emaitzarik onena lortu zuen: Espainiako Bigarren B Mailara igo zen. “Oso oroitzapen onak” dauzka Arrillagak: “1991-1992ko denboraldian Gipuzkoako preferente mailan ginen. Urte hori oso ona izan zen, txapeldun izan ginen, eta [Espainiako] Hirugarren Mailara igo ginen”. Hurrengo sasoia ere, 1992-1993koa, “ikaragarria” izan zela gogoratu du Arrillagak. “Hirugarren Mailatik Bigarren B Mailara egin baikenuen jauzi. Bi urtean bi igoera lortu genituen. Sekulakoa izan zen, Touringen lehen aldia baitzen maila horretan lehiatzen”.
Herrian sortu zen ilusioa “nabarmena” izan bazen ere, maila horretako esperientzia “desio baino motzagoa” izan zen, hurrengo sasoian jaitsi baitziren. Baina, maila galdu bazuten ere, Arrillagak aitortu du esperientzia “ikaragarria” izan zela denentzat. Urte horietan Touringek zelaia ere aldatu zuen. 1997an, klubeko zuzendaritzari jakinarazi zioten Lartzabalgo zelaiak ez zuela betetzen gutxieneko segurtasunik, eta bertan jarraitzeko aukerarik ez zutela izango. Orduan hasi ziren Fanderiako zelaia eraikitzen, eta Touring 1998an hasi zen han jokatzen. Zelai berriaren urte hori, baina, ez zen oparoa izan: 1999an maila galdu zuen.
Hirugarren Mailara bueltan
Espainiako Hirugarren Mailatik jaitsi ondoren, 23 urte egin ditu Touringek Gipuzkoako hainbat mailatan jokatzen; biztanle kopuruan Gipuzkoako hirugarren herria da Errenteria, Donostia eta Irunen atzetik. 23 urte horietan “momentu zailak” bizi izan dituzte Fanderian, baina bueltan da Touring. Gizonezkoen lehen bi taldeek sasoi bikaina egin berri dute, eta biek ala biek koska bat gora egin dute. Lehen taldea Hirugarren Mailara itzuli da, eta bertan ospatuko dute mendeurrena. Egungo presidente Asier Ierobik baietsi du “momentu magikoa” bizi dutela egun, euren “ametsik onenetan” ere ez zutelako pentsatuko mailaz igotzeko gai izango zirenik. Denboraldia “ikaragarria” izan da, Ierobiren hitzetan euren mailako txapeldun izanik “eta merezimendu osoz” lortu baitute Hirugarren Mailara igotzea.
“Duela lau urte hasi ginenean esan izan baligute mendeurrenean Hirugarren Mailan egongo ginela, ez genukeen sinetsiko”, aitortu du presidenteak. “Amets baten parekoa izan da hau lortzea; ez zegoen gure proiektuan. Orain, baina, ilusioz hartuko dugu parean daukagun erronka”.
Denboraldi honetan izan duten kirol arloko arrakastaz gain, Touring osasunez “oso ondo” dagoela baieztatu dute presidenteak eta klubeko arduradunek. Gizonezkoen bi taldeak mailaz igotzeaz gain, gaur egun “bostehun jokalari baino gehiago” ari dira futbolean klubak dituen hamazazpi taldeetan; emakumeen arloa ere indartu eta sendotu dute, eta, sasoi honetan, 140 jokalarik jantzi dute Touringen elastikoa; 50 entrenatzaile eta hezitzaile ditu klubak; eta harrobiaren eta futbol eskolaren aldeko apustua egin dute azken urteotan.
Horren adibide da klubak laugarrenez antolatu duela Jon Bautista campusa. Ierobik aitortu du “izugarrizko arrakasta” izaten ari dela aurten ere: “Genituen toki guztiak bete ditugu. Haurren erantzuna primerakoa izan da, eta gu, klub gisa, oso pozik gaude, noski”.
Leave a Reply