«Zirkura», elkarren babesean

«Zirkura», elkarren babesean

Ez dakite ziur zerekin topo egingo duten asteburu honetan. Hori bai, «urduritasuna ondo kudeatuta», euren onena eman nahi dute biek. Urruti dago 2021eko irailaren 19a, baina Aimar Iraolak (Getaria, 2000) eta Irati Hernandezek (Tolosa, 2001) ondo gogoan daukate egun hartan Portugaleten (Bizkaia) bizi izan zutena. KAE 1 ligatik Eusko Label ligara igo zen Iraola duela bederatzi hilabete pasatxo, Getariaren tostetan. Hernandez, berriz, ETE ligatik Euskotren ligara igo zen, Tolosaldearekin. Arraunaren maila gorenean debuta egingo dute biek bihar, Bilbon (17:40, ETB1).

«Urruti ikusten genuen Eusko Label liga», aitortu du Iraolak. «Lau aldiz irabazi dugu KAE 1 liga, baina behin bakarrik igo gara», egin du hausnarketa getariarrak. Alde horretatik, KAE 1 liga irabazten duen ontziak —beste inork ez du irabazi Getariak adina liga KAE 1ean: lau— «bestelako sari bat» izan beharko lukeela uste du Iraolak: «Galiziako ligako txapeldunarekin Eusko Label ligara igotzeko zuzeneko estropada bat edo antzeko zerbait jokatzea, esaterako». Eskaerak eskaera, ordea, «oso gogotsu» daude orain zertarako gai diren erakusteko: «Gozatzeko gogoz gaude, gozatuz gero ez baikara gaizki ibiliko».

Getariak bezala, Tolosaldeak ere gorako joera nabarmena izan du azken urteotan. Horren erakusgarri, ETE ligako azken 27 banderetatik hogei irabazi dituzte tolosarrek. «Nork esango zigun Oria ibaian entrenatzen hasi zen traineru hura hain urrutira iritsiko zenik! Azken urteotako lanaren fruituak jasotzen ari gara pixkanaka», esan du Hernandezek.

ARRAUNA

Iaz, etxekoekin igo zen Getaria maila gorenera, eta filosofia horri eutsi dio klubak Eusko Label ligan ere. Getariatik kanpoko hiru arraunlari bakarrik daude aurtengo taldean: Mattin Etxaniz zumaiarra, Josu San Sebastian oriotarra eta Jon Ander Zelaiaran pasaitarra. «Beste arraun talde batzuek ere erakutsi dute etxeko arraunlariekin eta inbertsio handirik egin gabe gauza politak lor daitezkeela». Iraolak azpimarratu du elkar oso ondo ezagutzen dutela jada: «Badakigu bakoitzaren gauza onak eta txarrak zein diren, eta konfiantza handia daukagu elkarrengan».

Tolosaldearen kasuan, denboraldi honetan hamalau arraunlari dira Tolosaldekoak —Alkiza (1),  Amezketa (1), Anoeta (1), Elduain (1), Orexa (2), Tolosa (5), Villabona-Amasa (2) eta Zizurkilgoak (1)—, eta zortzi Tolosaldetik kanpokoak —Aia (1), Donostia (3), Idiazabal (1), Pasaia (1), Santurtzi, Bizkaia (1) eta Zarauzkoak (1)—. Klubak zortzi fitxaketa egin ditu aurten, eta bost hutsune izan ditu. «Baina talde berezia da gurea, eta kanpotik iristen diren arraunlariek berehala sentitzen dute kluba oso gertuko. Oso gustura gaude iritsi berri direnekin ere».

ARRAUNA

2009tik 2012ra Getaria-Tolosa proiektua sortu zuten emakumezkoen traineruan, bi herriek bat eginda, eta talde horrek liga irabazi zuen 2011n —Kontxako Banderan bigarren izan zen 2010ean eta 2011n, eta hirugarren 2009an eta 2012an—. Hernandezek aitortu du «beste proiektu bat» zela hura. «Ez dugu mantendu lotura hori». Gizonezkoen traineruan ere urte horietan hiru tolosar Getarian aritu zirela gogorarazi du Iraolak.

Emaitza onak testetan
Negua gogorra izaten du berez arraunak, hilabete askoko lana eskatzen baitu udako asteroko lehiak. Maila gorenera igota, Hernandezek nabaritu du fisikoki «are gehiago» estutu dituztela aurten. «Baina denboraldiaurreko testetan emaitza onak lortzen ari gara, eta asko ari zaigu laguntzen hori». Ramon Erostarbe ari da aurten Tolosaldea arraun klubeko entrenatzaile lanetan, eta «entrenatzaile soila baino gehiago» dela azpimarratu du Hernandezek. «Autoestimua igotzeko psikologorik onenetakoa daukagu aurten taldean. Babes handia ematen ari zaigu».

Iraolak «urteroko neurrian» igaro du denboraldiaurrea. «Askotan, ahaztu egiten zaigu lehen asteetako sufrimendua, baina hainbestean barneratu dugu karga guztia». Egindako lanarekin «gustura» daude Getarian, lehen testetan, Orion eta Hondarribian esaterako, «uste baino hobeto» ibili zelako Esperantza trainerua. «Hori bai, inoiz ezin da jakin test horietan traineru bakoitza nola ibiliko den gero».

Helburuez hizketan hasita, «gozatzea» aipatu dute biek berehala. «Iaz gehiegizko presioa geneukala uste dut», hasi du azalpena Hernandezek: «Eta, presio horren eraginez, ez genuen lortzen disfrutatzea. Aurten horregatik ari gara esaten gozatu egin nahi dugula, nahiz eta asko estutu beharko dugun». Euskotren ligara igota, inguruko muntaketa guztiak sor diezaiekeen urduritasunak ere sortu dio zalantzaren bat edo beste Tolosaldeko arraunlariari: «Gu ez gaude ohituta telebista kameretara, elkarrizketetara… Guztia ondo zaindu beharko dugu, tentsio gehigarria sorrarazten digulako beti».

Tolosaldean, oraingoz, «zozketa bidez» ari dira zehazten elkarrizketak-eta emango dituzten arraunlariak. «Gure kasuan, ordea, argi esan digute denok pasatu behar dugula hortik, beste esperientzia bat dela», esan du Iraolak. «Entrenatzaileak argi esan digu Eusko Label liga ez dela arrauna bakarrik, gauza asko dauzkala inguruan, zirku hori guztia ezagutu behar dugula eta konplitu egin behar dela». Getarian argi daukate «atzetik bi traineru uztea» dela beren helburua: «Badakigu zaila izango dela, baina ikusiko dugu Lekittarra, Santurtzi… traineru horiek non dabiltzan. Kaiku eta Cabo pixka bat gorago ibiliko direla iruditzen zait, Ondarroa ez dakit nola ibiliko den, Ares ere ez…».

Euskotren ligan, ustez, banderen lehian ibiliko dira Orio eta Donostia Arraun Lagunak, eta azken postuari ihes egin nahian Tolosaldea eta Donostiarra. «Baina Gipuzkoako ligan ezustekoa eman genuen, eta hor erakutsi genuen indartsu gaudela». Ekainaren 12an, Hondarribian, Oriok irabazi zuen Gipuzkoako Txapelketa; bigarren izan zen Tolosaldea, 10,24 segundora; Donostia Arraun Lagunak hirugarren, 11,60 segundora; eta Donostiarra laugarren, 12,80 segundora. «Polita izan daiteke liga».

Hurrengo denboraldian aldatu egingo da Euskotren ligaren egitura: lau traineru izan beharrean zortzi izango dira, eta horrek nabarmen eragingo du denboraldi honetako jaitsieretan eta igoeretan. ETE ligako eta Galiziako ligako lehen bi sailkatuak zuzenean igoko dira Euskotren ligara, eta kanporaketa bat jokatu beharko dute Euskotren ligako laugarren sailkatuak, eta ETE ligako eta Galiziako ligako hirugarren sailkatuek. Hernandezen ustez ez da oso bidezkoa eurek azken bi urteetan igotzeko kanporaketa jokatu behar izatea eta aurten ETE ligako lehen bi sailkatuak zuzenean igotzea. «Amorru pixka bat ematen du, baina tira…».

Arrauna bakarrik ez
Arrauna gora eta arrauna behera, biek aitortu dute saiatzen direla beren egunerokoan kirol kontuak aparte uzten —bikote dira—. «Garrantzitsua da norberaren ardurak etxera ez eramatea, gertatu izan delako egun edo aste txarra pasatu eta Iratik psikologo lana egin behar izatea, eta baita alderantziz ere. Baina saiatzen gara kontu horiek gure egunerokotik kanpo uzten».

Denboraldiko lehen estropada ate joka dutela, aholku bat eman dio Iraolak Hernandezi: «Gozatu, bizitzan behin tokatuko zaigu eta hau». Iraolak bueltan jaso du Hernandezen aholkua: «Lasai hartu eta sinistu zuengan, izugarrizko lana egin duzue eta orain arte». Getariak ondo-ondoan dauzka zaleak. «Eta izugarrizko babesa ematen du horrek». Tolosaldeak, berriz, oraindik ez du lortu zale asko erakartzerik. «Askok uste dute, adibidez, Oria ibaian entrenatzen dugula oraindik, baina hasieran Oriora eta azkenaldian Pasai San Pedrora joaten gara entrenatzera». Arlo fisikoa, berriz, Tolosako kiroldegiko gimnasioan lantzen dute. «Gero eta bandera gehiago ikusten dira leihoetan-eta, baina bultzada bat falta zaigu oraindik. Ea lortzen dugun grina hori piztea».