MOTZEAN

Museo bat? Txillidak sortu zuen Txillida-Leku, bada Manterolak izango du Manterola Toki. Ailegatuko den, ez dakit? Handinahia dirudi, baina buruan dut hori, eta segur aski itsasoari begira izan beharko luke.

Lanerako jartzen duzun musika? Denetarik entzuten dut. Askotan Spotify jarri eta pop musika, euskal kantak, Benito Lertxundi asko jartzen dut… Gustuko dut rumba eta Melendi. Izan ere, ni oriotarra eta ijitua naiz, eta bizipoza ematen dit musika horrek.

Zer inspiratzen zaitu gehien? Zaila da horri erantzutea. Momentuak izaten dira. Itsasoa izan liteke gai garrantzitsuena, nahiz eta gero eskultura abstraktua izan.

Erreferente artistikorik baduzu? Artezaleak elkartean Angel Uranga izan nuen maisu. Inpresionista frantsesen bolada izan nuen. Egun ez dut erreferenterik, baina Txillida eta Oteiza presente ditut beti.