Maria Ortega Zubiate
“Trafiko aldetik arazo handiak daude Urnieta aldetik datorren A-15 errepidea eta N-1 errepidea batzen diren gunean; auto ilara handiak sortzen dira”, esan du Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak. Hain zuzen ere, diputazioak aurkeztu berri du leku horretan, Andoainen, Bazkardo izeneko eremuan, obra egingo dute. Gipuzkoan gehien erabiltzen den errepidea da Andoainen biltzen diren bi bideen arteko zatia. “Korapilo” horretan, auto ilarak soilik ez, zaratak ere sortzen direla salatu dute Andoaingo auzokideen zenbait plataformak, eta Oiarbidek azaldu du errepide berriak kexa horiek ere kontuan izango dituela. Bidegik egingo ditu lanak, 2024an hasiko dira, eta 75 milioi euroko aurrekontua izango dute.
Aldundiaren aurreikuspenak betetzen badira, bi urteko iraupena izango dute lanek. Oraingoz, proiektua idazten ari dira, eta, Oiarbidek esan du horretarako urtebete inguru beharko dutela. Aldundiak iragarri du, A-15 eta N-I errepideen arteko lotunean, Sapa enpresaren parean, zubibide bat egingo dutela. Horrez gain, Txistokiko zubia zabaldu eta ikastolako bihurgunea leunduko dute. N-I errepidetik A-15erako sarbidea bostehun metro luzatzeko asmoa ere badu aldundiak.
Batez beste, egunero 70.000 auto igarotzen dira handik, eta trafiko horrek ere konplikatuko ditu lanak. Auto ugari pasatu arren, Oiarbideren esanetan, errepideak ez die beren beharrizanei erantzuten. “Bi erei direnak errei bat bihurtzen dira; estugune bat dago. Gure errepideetako trafikoan toki arazotsu bat da, egunero trafiko ilara asko sortzen direlako”. Beraz, eremu horretan esku hartzea premiazkoa dela deritzo foru diputatuak.
Zarataren aurkako neurriak
Legegintzaldi hasieratik zuten, Oiarbideren hitzetan, lehentasunezkoa da obra: ez soilik tokia arazotsua izateagatik, baita bizilagunen kexengatik ere. “Gure helburu nagusia zen lotune hori hobetzea, baina Andoaingo Udalari eta herritarrei planteatu diegunean obra, konturatu gara behar duela zarataren aurkako babesa ere”. Errepideak kontuan izango du arazo hori ere: “Zarataren aurkako oso neurri zabalak hartuko ditugu”.
Neurri horien artean dago Aita Larramendi Ikastolaren aurrean pantaila batzuk jartzea. Hori obra hasi aurretik egingo dute, baina gerora ere aurreikusi dute soinuak kontrolatzeko bestelako neurririk, Mimendi inguruko etxe altuetan: “Mimendi inguruan etxe batzuk daude errepidea baino altuago direnak; han ezin dira pantailak jarri, ez delako eraginkorra. Hori aztertu dugu, eta aurreikusi dugu tunel antzeko bat jartzea”. Errepidea estaltzeak “oso emaitza onak” ekarriko ditu, diputatuaren esanetan.
Lanak egiteaz Bidegi arduratzea “logikoa” iruditu zaio Oiarbideri, urtarrilaren 9tik aurrera N-1 errepidea ordainpekoa izango delako garraiolarientzat,. “Hor ordainsaria egongo da eta hori Bidegik kudeatzen du. Guk aurreikusita duguna da hortik jasotzen den diruarekin egitea Andoaingo obra, edo obraren parte handi bat bai, behintzat”. Bidegiren aukera defendatu du: “Ordainsarietako dirua horretarako da, errepideak mantentzeko eta hobetzeko. Diru guztia horretara doa”. Gehitu du aukera hori dela egokiena, aldundiak ez duelako “baliabiderik” obrari heltzeko.
Leave a Reply