Lau hankako biztanle gehiago

Lau hankako biztanle gehiago

Maria Ortega Zubiate

Itxialdi garaian, helduleku eta salbazio izan ziren askorentzat txakurrak: emandako babesaz eta konpainiaz gain, kalera ateratzeko baimena zekarten animalia horiek. Ordurako, alegia, 2020rako, jada igotzen ari zen txakurren kopurua Gipuzkoan, eta geroztik ere gorantz jarraitu du joerak. Egun, Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorraren (AIEO) arabera, ia 106.000 txakur daude lurraldean; hots, batez beste, zazpi biztanletik batek txakurra du. Maskoten kopuruak gora egiteak, alde batetik, poza ekarri du txakurrak babesteaz arduratzen diren zentroetan, adopzioak ugaritu direlako; baina, beste alde batetik, txakurren heziketan dabiltzanak kezkatuta daude, txakurrak abandonatzeko arriskua ikusten dutelako, eta txakur horien portaera ere arazo bihur daitekeelako.

Txakur kopuruak izandako joeraren erakusle, herri batzuetan lau hankakoen zein bikoen biztanleria parekatu egin da. Orexan, adibidez, Gipuzkoako udalerririk txikienean, INE Espainiako Estatistika Institutuak 111 biztanle zenbatu zituen iaz, eta AIEOren azken erroldak dio 99 txakur daudela herrian. Hau da, ia-ia orexar bakoitzeko txakur bat dago. Donostia hiriburuan, berriz, 21.210 txakur daude; alegia, hamar donostiarretik batek du txakurra.

Adopzio gehiago

Txakur jabeen ugaritzea zuzen-zuzenean nabaritu du Marisol Zubiaurre Gipuzkoako Animaliak eta Landareak Babesteko Elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak. Esan du jende gehiagok egin duela adoptatzeko hautua, baina aspalditik datorren kontua dela: “Azken hamahiru urteetako joera da gehiago adoptatzearena. Hori orokorra da, jendeak gero eta kontzientzia handiagoa duelako”. Babeslekuan dauden txakurren kopuruak nabarmen egin du behera: duela urte batzuk 140 inguru zituzten, eta, gaur egun, 80ren bat dituzte. Adopzioetan erritmo ona dutela dio Zubiaurrek: “Ni oso pozik nago, inoiz ez dugulako horrelako kopururik izan”. Gehitu du COVID-19ak eragindako itxialdiaren ostean ere igo dela kopurua: “Konfinamendu garaian ez genuen txakurrik eman adopzioan, gero abandonatzea ekiditeko; Espainiako Gobernuak emandako gidalerroak jarraitu genituen. Adoptatu nahi zutenek itxaron egin zuten, eta txakurra beste zerbaiterako nahi zutenak, haiek gabe geratu ziren”.

Adopzioak ugaritu soilik ez, txakur abandonatuen kopuruak ere behera egin duela jakinarazi du Zubiaurrek. “Zorionez, jasotzen ditugun txakur gehienak jabeek hartzen dituzte bueltan. 250 eta 290 artean jasotzen ditugu urtean, gehien-gehienak galdu egin direlako”, azaldu du babeslekuko langileak. Udaltzainek edo Ertzaintzak eraman ohi dituzte babeslekura; horri lotuta, gogoratu du txakur galduren bat ikusiz gero Udaltzainengana jo behar dela esaten duela protokoloak. Txakurrak jaso ostean, txipa baldin badute, babeslekutik bertatik jartzen dira jabearekin harremanetan, animaliaren bila joan daitezen. “Horrela izan beharko luke beti”. Baina badaude txipik ez duten txakurrak ere, eta, kasu horietan, sare sozialen bidez ematen dute haren berri, eta modu horretan ere erantzun zabala jasotzen dutela dio Zubiaurrek.

“Ezjakintasun handia”

Hark bakarrik ez du nabaritu maskoten igoera; Xabier Arrese Beasaingo Kangune txakurrak hezteko eta bizitzeko zentroko kideak ere ikusi du txakur gehiago etortzen zaizkiela. Baina Arresek, Zubiaurrek ez bezala, ez du hain begi onez ikusten bat-bateko igoera hori. Arrazoiez galdetuta, jabeen kontzientzia falta aipatu du: “Txakur kopurua ikaragarri hazi da, eta horrek ekarri du lehen burutik pasatu ere egiten ez zitzaion batek txakur bat izatea, edo ezezkoan zegoen familia batek ere ekartzea. Ezjakintasuna gero eta handiagoa da”. Haren ustez, ez dute informazio zehatza jaso, eta horrek eraman ditu txakurra hartzera berez horretarako asmorik ez zuten asko. “Internetek eragin handia du. Han azaltzen diren txakurrak oso ondo heziak dira, eta jendeak, hori ikusten duenean, pentsatzen du: ‘Zergatik ez dut hartuko nik?'”.

Arreserentzat, beraz, kezkatzeko modukoa da igoera, nahiz eta Kangunen bezero gehiago izan: “Ikusten ari gara jabeak txakurren kontrola galtzen ari direla”. Alegia, azaldu du hezitzera eramaten dizkieten txakurrak lehen baino okerrago joaten zaizkiela: “Lehen, etortzen ziren, gauzatxo batzuk zuzentzera edo lagunekin kirol apur bat egitera; baina, orain, etortzen dira txakurrak guztiz kontrolik gabe, jabeek ez diotelako behar duen denbora eman”. Aipatutako nahasmen horren zergatia zein den argi du Arresek: lehen aipatutako ezjakintasuna.

Txakur jabe eredugarrien programa daukate martxan Kangunekoek Gipuzkoako zenbait herritan: Beasainen, Lazkaon, Tolosan eta Iruran. Programa horretan, jabeei irakasten diete txakurrei nola irakatsi kasu egin diezaieten. “Jabeek ikasten dute zenbait estimuluren aurrean nola lortu txakurrak berarekin egon nahi izatea. Betiere, helburua da kalean aurkitu ditzaketen estimuluen aurrean txakurrak lasai egoten irakastea”, dio Arresek.

Baina bezeroen azkenaldiko igoerarekin, eta lehen aipatu duen ezjakintasunari lotuta, nabaritu du jabeek ez dutela nahikoa pazientzia heziketa prozesuan. “Txakur jabeek txakurra hezten gozatzea nahi dugu”, azaldu du. “Baina gertatzen da jendea konturatzen dela txakurra hezi beharra dagoela, eta ez du hori ondo ulertzen. Txakurra pare bat astean hezitzea nahi dute askok, baina ez dute gozatu nahi txakurrari erakusten”.

 

Horregatik, Zubiaurre ez bezala, Arrese beldur da txakur gehiago ez ote diren geratuko jaberik gabe. “Abandonuak gertatzen ari dira. Jende askok prest egon gabe hartzen du txakurra, eta, ondorioz, abandonuak ugaritzen dira konturatzen direnean txakur hori hezitzen denbora asko pasatu behar dutela; edo opari gisa ere ematen dituzte txakurrak. Baina hori gertatzen da txakurra erabat kontrolez kanpo dagoenean”.

Arresek eta Zubiaurrek dute argi zein den helburua: txakurrik ez geratzea jaberik gabe. Hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarrak onartu berri du lagun egiteko animaliak babesteko legea. Haren arabera, helburua da “abereak abandonatzearen eta abereak fisikoki edo psikologikoki gaizki tratatzearen aurka egitea, eta konpainiako abereak adoptatzea sustatzea”. 100 eta 100.000 euro arteko isunak finkatzen ditu legeak animaliak abandonatu edo gaizki tratatzen dituzten herritarrentzat.

Legeak lege, abandonuak gutxitzeko bidea kontzientziazioa dela uste du Zubiaurrek: “Kontzientziatzen jarraitu behar dugu, idealena baita ez egotea txakur bakar bat ere jabearen zain. Alemanian, esate baterako, itxaron zerrendak daude adoptatzeko. Horretara heldu behar dugu guk ere”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.