K. Garralda Zubimendi
Herrilab3B laborategiko parte dira Beasaingo Alkartasuna, La Salle eta Murumendi eskolak,eta, ikasturtean zehar, aitak lehenetsi dituzte ikastetxearen eta familiaren arteko zubi lanak egiteko. Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako zuzendariak azaldu du berdintasunaren auzian ikasleengan ez ezik gurasoengan ere eragin nahi dutela.”Eskolak, dudarik gabe, ohitura berriak barneratzeko guneak ere badira. Baina heziketa eta berdintasuna eskolatik harago doaz. Gurasoek ere badute zeresana”. Zuzenean aitengana jota, horiek seme-alaben zaintzan gehiago inplikatzen direla ondorioztatu dute: hamar kasutatik zazpitan aitek beraiek kudeatu dute intzidentzia.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitasmo bat da Herrilab3B, Beasainen berdintasunean bizi, eta soldatapeko lanaren, zaintza eta etxeko lanen eta aisialdiaren kontziliazio parekidea lortzea du helburu. Hain zuzen, arlo horretan diseinatutako politikak Beasainen probatzen dituzte, ikasitakoarekin inertziak aldatzeko eta lurralde osorako legeak egiteko etorkizunean.
Gizonezkoek zaintza lanak beren bizkar hartzeko esperientzia “baliagarria” izan da Herrilabeko talde eragilearenzat. Era berean, ikastetxeek nahiz familiek “modu positiboan” baloratu dute. Dena den, Elgarrestak euforia hoztu du datuen hausnarketa egiterakoan. “Oraindik bide luzea egin behar da. Beharrezkoa da gizonak askoz gehiago inplikatzea”. Leire Artola Beasaingo alkateak ere antzekoa uste du: “Aurrera egin dugu, baina inplikazio hori hasiberria da oraindik. Beasainen gero eta aita gehiago ikusten dira seme-alabak zaintzen, edozein egoeratan edo lekutan, eta hori funtsezkoa da hurrengo belaunaldiak kontzientziatzeko, adingabeen zaintzaren eta arretaren ardura modu naturalean banatu dadin”.
Oporren zama
Oraindik ere emakumeek harreman estuagoa izaten dute ikastetxearekin gizonek baino. Hamar bilera pribatutatik zazpitan, esaterako, soilik amak joaten dira; bileren %17tan, bi gurasoak; eta %16tan, aita bakarrik. Bilera orokorrak direnean, bi gurasoen parte hartzeak gora egiten du. Erdietan biak joaten dira, eta beste erdietan, amak bakarrik.
Arrate Leunda Murumendi ikastetxeko ikasketaburuak esan du aitek euren rolaren garrantziaz gero eta kontzientzia handiagoa dutela, eta, ondorioz, inplikazioa ere gero eta handiagoa dela. “Beraiekin [aitekin] harremanetan jartzen garenean, batzuetan harritu egiten dira. Baina gehiengoak normal hartzen du”.
Azken urteetan, telefonoz deitu beharrean, oharrak Inika aplikazioaren bidez bidaltzen dituzte, eta biei batera iristen zaizkie, aplikazioa instalatua baldin badute. “Ikasleentzat garrantzitsua da aitak ere presente egotea zaintza lanetan. Seme-alaba bat haztearen arduraren %50 amari dagokio, eta beste %50 aitari. Dena behar da”.
Eta ikasleek oporrak hartu ondoren, zer? Seme-alabak oporretan eta gurasoak lanean egoteak sortzen dituen kontziliazio arazoek emakumeei gehiago eragiten die gizonezkoei baino. Izan ere, oporretan dauden haurren zaintza amen bizkar gelditzen da ia beti. Herrilabek egindako azterketan parte hartu duten emakume langileen %2,8k erantzun dute bikotekidea arduratzen dela zaintza horiez. Ikerketan Goieki garapen agentziak, inguruko hainbat enpresak eta eskolek hartu dute parte, aldi berean.
Emakumeek udan lana eta familia uztartzeko hiru aukera dituztela ikusi dute: bikotekidearekin partekatzea zaintza —gutxiengoko kasuetan—; hurbileko senideengana jotzea —aitona-amonengana, bereziki—, eta adingabeak hainbat erakundek antolatutako jardueretara bidaltzea —udalekuetara-eta—. Halaber, ikerketak dio Beasaingo emakumeek lanaldi hirukoitza dutela: soldatapeko lana, etxeko lanak, eta zaintza eta lan emozionala edo karga mentala bereizi dituzte.
Ikerketa gehiago ere bai
Eskolekin egindako lanketaz gain, merkatariekin ere egin dute saiakera bat aurtengo otsailean. Beasaingo 30 establezimenduk baino gehiagok ordutegia trinkotu zuten, 19:00etan itxi ahal izateko. Dendariek gustura amaitu zuten, arratsaldeko azken orduei zukua ateratzeko aukera izan zutelako. Herritarrek ere begi onez ikusi zuten ordutegi berria: 4,24ko puntuazioa eman zioten 5eko eskala batean. Ordutegi horiek jarraitu egingo dutela iragarri zuten balorazioak egiterakoan.
Kontziliazio parekidearen garrantziaz herritarrak jabetzeko eta berdintasunaren aldeko konpromisoak hartzeko, Berdintasunean Bizi Eguna egingo dute urrian. Herriko askotariko eragileek hartuko dute parte: Beasaingo Udalak, Asmube emakume elkarteak, BKL saskibaloi klubak, CAF enpresak, Goiekik, Bareak merkatari elkarteak, eskolek…
Leave a Reply