Brinkolako ezkurrek ez dute txortenik

Brinkolako ezkurrek ez dute txortenik

Kerman Garralda Zubimendi

Aizkorri-Aratz parke naturalak altxor handi bezain ezkutua du bere magaletan: Aitzondo basoa. Legazpiko Brinkola auzotik gora joanda, 800 bat metroko altueran dago, eta, 400 hektarea zabal denez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haritz kandugabeen basorik handiena da.

Haritz kandugabea (Quercus petraea) edo mendiko haritza da zuhaizti horretako espezie nagusia, eta horrek egiten du Aitzondo eremu hori berezi. “Haritz kandugabeen basoak ez dira arruntak gure mendietan”, azaldu dute Aizkorri-Aratz parke naturaleko Anduetza parketxeko arduradunek. “Alde batetik, mendez mende haritzen baso zabalak desagertuz joan direlako, eta, beste alde batetik, haritzen familiaren barruan espezie jakin hori ez delako oso ugaria”, zehaztu dute. Inguru honetan beste haritz mota bat da arruntagoa: haritz kanduduna edo Quercus robur. Gernikako Arbola, adibidez, espezie horretakoa da.

Itxuraz ez dira oso desberdinak bi zuhaitz motak; kanduan dago gakoa: haritz arruntaren fruituaren txanoa bizpahiru zentimetroko txorten edo kandu baten bidez dago lotuta adarrera. Gereziak bezala, alegia. Baina haritz kandugabearen ezkurrak ez du horrelako txorten edo kandurik, eta ia zuzenean ateratzen da adarretik edo hosto multzoetatik. Orriak ia berdinak dituzte, txortenaren luzeran diferentzia txiki bat duten arren.

Haritz kandugabea leku garaiagoetan hazten da, 600 eta 800 metro artean, eta horregatik deitzen zaio mendiko haritza; haritz kanduduna edo haritz arrunta gehienez 600 metroan egoten da, eta hedatuago dago. Bestalde, kandugabea lur siliziagoetan eta lehorragoetan bizi da. Egurraren aldetik, berriz, kalitate hobeagokoa da kandugabea. Oso preziatua zen garai batean, itsasontziak egiteko.

AIZTONDO BASOA

Life proiektuaren laguntza

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan haritz kandugabeen hiru baso besterik ez dago. Brinkolakoa ez besteak Gorbeiako eta Arlabango magaletan daude, Araban biak. Aitzondo hariztia Urola ibaia jaiotzen den eremuko Urkimendi (783 m), Altzola (869 m) eta Pagola (834 m) mendi inguruetan dago.

Baso gaztea da, haritzek 50-60 urte baitituzte. Mehatxua auzoan dute, pagoz inguratuta dagoelako. Pagoak ahalmena dauka haritzen sustraiak xurgatzeko, eta, ukitu gabe utziz gero, hariztiak pagadi bihurtuko lirateke. Horregatik, basozainek lepatu edo moztu egin dituzte pago batzuk, eta beste batzuk eraztunekin markatu, hazkundea gelditzeko eta ondoan dituzten haritzak ez oztopatzeko. Argi gehiago sartzen da horrela basoan, eta haritzak modu naturalean sorberritu daitezke horrela.

Gipuzkoako Foru Aldundia ari da proiektua gidatzen, Biodibertsitatea eta Zuhaitz Motzak programaren barruan. Europatik datorren Life+ Natura programaren laguntza ere badute. Aldundiak hainbat baso pribatu erosi ditu, eta baso publiko bihurtu. Legazpin, 200 bat hektarea, gehienak haritz kandugabekoak. Inguruko sail pribatuetan ez dago giza eta ekonomia jarduera handi-handirik: eremu basatia da.

Hariztian hainbat animalia espezie daude. Galtzeko arriskuan daude batzuk, gainera. Bechstein saguzarra, esaterako (Myotis bechsteinii). Okil ertainak ere badaude han (Leiopicus medius), Gipuzkoan ezohikoak diren arren. Basurdeak, orkatzak, basakatuak eta abar ere badaude.

Basora iristeko, bi bide nagusi daude, eta bietarako abiapuntua Brinkola auzoko tren geltokia da. Alde batetik, Barrendiola urtegira jo daiteke. Han, presaren ezkerreko bidetik, metro gutxira dagoen mendi pista aldapatsua hartu behar da, mendi lepo bateraino iritsi arte. Aierdi erreka igarotzen da bertatik. Arroari gora jarraitu besterik ez da egin behar. Beste bidea Aierdi baserri ingurutik doa. Trenbidearen paraleloan doan bidetik jarraitu behar zaio, Brinkolazarrera iritsi arte. Eskuinera biratu eta Aierdi baserrira iristen da. Erreka ondotik joanda, zubi estu bat igarotakoan, bidea aldapatsu bihurtzen da. Gainean, Pagola menditik gertu dagoen lautadara heltzen da. Han daude haritzak, pagoak, pinuak, alertzeak…

Leave a Reply

Your email address will not be published.