“Giroa oso polita izaten da; beraz, oraingoz, Klasikora joaten jarraituko dut”

J. Romatet Ibarguren

Astelehenean, Ordiziako Klasikoan, Txomin Perurena txirrindulari ohia (Oiartzun, 1943) omenduko dute. 1966tik 1979ra aritu zen profesionalen lasterketatan parte hartzen, eta 150 garaipen baino gehiago lortu zituen; horien artean, hiru aldiz irabazi zuen Ordiziako Klasikoa.

Nola hasi zinen txirrindularitza munduan?

Ni Astigarragako bentetan bizi nintzen, eta, garai hartan, bizikletaz joaten nintzen toki guztietara. Hasieran, bizikleta mistoa deitzen zitzaiona nuen, neskentzat eta mutilentzat zena. Gero, lasterketetan hasi nintzenean, gazte mailan eta horrelakoetan, berria erosi nuen, nire lehen lasterketa bizikleta.

Nolakoa izan zen profesionaletan hastea?

Lehen pausoak afizionatuen mailan eman nituen, eta, ondo ibiltzen nintzenez, Matxainekin profesionaletara pasatu nintzen. Polita izan zen hastea. Gainera, segur aski, garai hartan orain baino errazagoa zen maila pasatzea. Ekipoa behar zen. Fagor taldea sortu zen, eta hor hasi nintzen.

Bide eta etapa ezberdinetan beti ondo moldatzen zinen?

Baietz esango nuke. Aldapa handietan edo txikietan, zati luzeetan zein esprintean, ondo moldatzen nintzen. Karrera gehienak esprintean irabazten nituen, eta asko gustatzen zitzaidan. Hori bai, taldean aritzen nintzen maiz, eta asko laguntzen zidaten.

Aurten, Ordiziako Klasikoan omendu egingo zaituzte. Zer esan nahi du zuretzat horrek?

Badira urteak irabazi nuela lehen aldiz: 1971n izan zen. Niretzat Klasikoa beti izan da garrantzitsua. Urtero hartu nuen parte, eta behin edo behin tokatu zitzaidan Tourra bukatu eta hurrengo egunerako Ordiziara etortzea. Lasterketa zaharrenetakoa da, eta berezia. Poztu ninduen berria jasotzeak.

Gaur egun joaten zara Ordiziara, probaren egunean?

Bai, urtero joaten naiz lasterketa ikustera: ohitura dut. Hamaiketakoa egiten dugu Zaldibian, eta, nahiz eta ezin karreran parte hartu, ohitura mantendu behar da. Gainera, normalean eguraldi polita izaten dugu, eta jende asko agertzen da ikustera. Giroa oso polita izaten da; beraz, oraingoz, Klasikora joaten jarraituko dut.

Leave a Reply

Your email address will not be published.