Ihintza Elustondo
Zaharberritze lanak egiten ari dira Azkoitiko hilerrian, denborak hango elementuetan eragindako kalteak konpontzeko. Hain zuzen ere, hango ermitako erretaula berritzen ari da Berta Banzo zaharberritzailea, bi ikasleren laguntzarekin, Azkoitiko Udalaren eskariz. Denboraren lanak lehengoratzea eta ondareari balioa ematea dira helburuak.
Ez da Banzo Azkoitiko hilerrian lanean ari den lehenengo aldia. 2020ko udan beheko elizaren aurrealde gotikoa zaharberritu zuen, eta orain ermitako erretaula txukuntzen ari da. Ermitaren teilatua “oso gaizki” zegoen, eta, hori dela eta, ura sartzen zen erretaulara. Hainbat kalte eragin zuen horrek. “Berniza denborarekin herdoildu egiten da, eta arrosa koloreko eremuak beltz bilakatu ziren”. Udalak teilatua konpondu ostean, kolore galdu horiek lehengora ekartzen ari da hura.
Erretaula 1710. urtearen bueltakoa dela nabarmendu du Banzok. “Neoklasikoa da; garai barrokoko ezaugarri batzuk ditu. Trantsizioaren arrastoak nabari dira”. Haren arabera, “erretaula bikoitza” izatea bereizgarri nabarmen bat da; “hau da, bi alde ditu. Nik ez nuen sekula halakorik ikusi”. Duela bi aste hasi zen zaharberritze lanekin, eta zeregin horretan, gehienez ere, beste bi aste emango dituela aurreikusten du.
Erretaulaz gain, hilerrian bada duela gutxi zaharberritu duten eta “garrantzi handia” duen beste elementu bat: arku erromanikoa. Juan Bautista Mendizabal historialari eta Azkoitiko Udaleko Ondare zinegotziaren arabera, “Gipuzkoako zaharrena” da arku hori. Iazko abenduan zaharberritu zuten, eta, Banzok azaldu duenez, gainean pilatua zuen zikinkeria kentzeaz gain, pitzadurak bete zizkioten arkuari, horietan ura sar zitekeelako eta harria honda zezakeelako.
Mendizabalek azaldu duenez, 1200. urte ingurukoa da arkua, erromanikoa, garai gotikorako trantsizio garaikoa. Haren arabera, sasoi hartako “oso artelan gutxi” kontserbatu dira Gipuzkoan. “Arrazoietako bat da garai hartako elizak egurrezkoak zirela eta egurrak ez duela denboran iraun. Beste arrazoi bat da, XVI. mendean, ekonomiaren goraldiarekin, eliza guztiak modernizatu zituztela, eta, beraz, halako elementuak galdu egin zirela”.
Parrokia egungo hilerrian
Historiari erreferentzia eginez, arkuaren testuingurua zein zen azaldu du Mendizabal zinegotziak: duela hainbat urte, Azkoitiko parrokia egungo hilerrian zegoen, eta parrokia horretakoa zen zaharberritu duten arkua. “1186-1187koa da Azkoitiko dokumentaziorik zaharrenetakoa, eta han aipatzen da egun hilerria dagoen lekuan Baldako Santa Maria eliza izan zela. 1413. urteko beste dokumentu batean ere aipatzen da gauza bera”. Dokumentu horien arabera, parrokia horrek XVI. mendera arte jarraitu zuen martxan.
Dena den, lekuz aldatu zuten gero. “Azkoitiko herrigunea gaur egun Plaza Berria dagoen lekuan sortu zen, eta Baldako Santa Maria eliza oso urrun gelditzen zen handik. Gaixorik zeudenak eta adinekoak ezin ziren hara joan. Horregatik, Azkoitiko alkateak beste eliza bat egiteko baimena eskatu zion erregeari, eta hark Julio II.a Aita Santuari. Horrek baimena eman zuen Azkoitiko herrigunean eliza berria egiteko”. Eraikin berriari Santa Maria Real izena jarri zioten, eta Baldako Santa Maria izenarekin gelditu zen hilerrikoa.
Herriguneko eliza berriaren obrak hastean, pixkanaka desmuntatu egin zuten Baldako Santa Maria eliza. “Ermita gisa funtzionatu zuen XVIII. mendera arte. 1709an, gorpuak parrokiatik kanpo lurperatu behar zirela agindu zuten, eta egun hilerria dagoen lekuan lurperatzen hasi ziren”, azaldu du Mendizabalek. Eliza haren arrastoak dira egungo ermita eta arku erromanikoa.
Azkoitiko hilerrian egiten ari diren esku hartzeak garrantzitsuak direla nabarmendu Juan Bautista Mendizabalek: “Beti jakin nahi dugu gure historiaz pixka bat gehiago”.
Leave a Reply