Maria Ortega Zubiate
Gaur dute egun handia Arantzazuko santutegian, Oñatin. Gaur ospatuko dute, ohi duten bezala, Arantzazuko Ama Birjinaren eguna, Gipuzkoako zaindariarena; eta azken egunotan prestaketa lanetan ibili ostean, santutegia prest da bisitariei ongietorria egiteko. Gaurko egunez Arantzazura joatea erlijioari hertsiki lotuta dagoen zerbait dela pentsatu daitekeen arren, ohitura bihurtu da herritar askoren artean. “Garai bateko gauzak direla ematen du, baina irauten dute. Ez dut esaten duela 50 urteko zentzu bera duenik orain, baina erritual bat da, eta gizartean behar ditugu erritualak”, esan du Juan Miguel Dorronsoro santutegiko zaindariak.
Lehen urtea du Dorronsorok santutegiko zaindari moduan, eta kideek kontatutakoengatik ezagutu ditu hobeto santutegia eta haren eguna. Jendetza espero dute gaur, azken bi urteetako egoerari buelta emanda. Ohi bezala, agintariei harrera egin ostean, meza izango dute. Kanpaiek egingo diete ongietorria mezara doazenei. “Nik uste nuen bozgorailuak zirela, baina ez; kanpaiak dira!”, esan du Dorronsorok, eta aitortu kanpai hotsak izan direla Arantzazun gehien harritu duten gauzetako bat, ordu laurdenean behin jotzen baitute. Saltzaileen postuak ere izaten dira gaurko egunez. “Gazta saltzaileak izaten dira urtero; batez ere, elizaren alboan”, kontatu du Dorronsorok. Normalean, eguerdian, herri bazkarirako tartea hartzen dute Santuario Arantzazu hotelean. Aurten, ordea, ez dute horrelakorik egingo, hotelean obrak egiten ari baitira; hau da, taberna irekita egongo da, baina ez da jateko aukerarik izango.
Ohiturei fin helduko diote zenbaitek, eta Oñati eta Legazpitik oinez igoko dira, urteroko irteerak izaten baitira herriotan. “Hemen, jende gehiena mendira etortzen da, joera ikaragarria dago”. Alabaina, autoz edo autobusez igotzeko aukera ere izango da, Legazpiko Udalak antolatutako autobusetan eta Oñatitik orduero igotzen den Herribusean. Gainera, jaieguna eta ostirala izanda, jende gehiago bilduko dela aurreikusi du zaindariak: “Egun ona da jendea etortzeko”.
Gaurkoa egun berezia den arren, Dorronsorok azaldu du urte osoan izaten dituztela bisitak: “Jendea tantaka etortzen da, baina etortzen da; batez ere, talde txikietan, bidaian-edo ari direnak. Asteburuetan etortzen dira, batik bat”. Talde txiki horiekin, Debagoieneko turismo bulegoko langileek egiten dituzte bisita gidatuak. “Santutegi osoko bisita egiten dute: oso ondo egiten dute, profesional onak dira”. Dena den, azken urtean erabaki dute fraideak ere han egotea, bisitariei azalpenak emateko kriptari buruz.
Gaur egun, hogei fraide
Hogei fraide baino ez daude gaur egun Arantzazun; duela urte batzuk, berriz, 140 inguru zeuden: “Lehen, fraideekin bakarrik betetzen zen kripta!”, esan du, irribarrez, Dorronsorok. Haren hitzetan, gizartearen aldaketak eta fraiderik zaharrenak hiltzen joateak ekarri du kopuruak behera egitea. 49 urte ditu Arantzazuko fraiderik gazteenak, eta hurrengo gazteenak, berriz, 69. Hildakoak izan ditu gogoan Dorronsorok Arantzazuko aurpegirik ezagunenetako bati buruz galdetzean, Pello Zabalaz. “Kanpotik begiratuta, hura zen famatuena: irratian, BERRIAn, telebistan eta beste aritutakoa. Baina aurpegirik ezagunena baino gehiago zen. Musikan oso iaioa zen Pello, ez bakarrik asko zekielako: sen ikaragarria zeukan, sen sakon bat”. Otoitzaldietako piezak ere hark jotzen zituen. “Hura zen organoa jotzearen arduraduna; gitarra balitz bezala jotzen zuen, eta haren sen hori galdu da”.
Zabalaren galera “kolpe handia” dela esan du Dorronsorok: “Anaia bat hil zaigu”. Azken urtean beste bi galdu dituzte, “bakoitza bere berezitasunekin”, eta galera horiek betetzea zaila dela aitortu du. Horrela, hutsuneak bete gabe baina aurrera eginez ospatuko dute aurten izena ematen dien birjinaren eguna.
Leave a Reply