Jone Markuleta Etxegoien
Herriarentzat ikerketa proiektu gisa kaleratu zuten Eibarko Ego Ibarra batzordeak eta Eibarko Udalak Mercedes Kareaga beka. Lehen deialdian, aurtengo maiatzean, inor aurkeztu ez zenez, beste saiakera bat egitea erabaki dute: pasa den irailaren 1ean zabaldu zuten lanak aurkezteko epea, eta urriaren 31ra egongo da irekita.
Hain zuzen ere, bekari izena ematen dion Mercedes Kareaga pertsonaia historikoa izango da ikergaia oraingoan. 1908an jaio zen, Eibarren bertan, eta gaztetatik emakume eta behartsuen eskubideen alde aritu zen. EAJren alderdikide izan zen urte askoan, baita 1931ko urtarrilaren 9an sortu zen Eibarko AEB (Emakume Abertzale Batza) erakundearen sortzailetako bat ere. Emakumeek gizartean zuten garrantzi eta rolaren inguruan hausnartu zuen Kareagak. Horren gain, herriz herri ibili zen mitinak ematen, harik eta 1933. urtean politika alde batera utzi zuen arte.
Emakumeen egoera eta gizarteko jarrerak izan zituen beti hizpide Kareagak. Horri jarraituz, artikulu ugari idatzi zituen orduko aldizkari ezagunenetan; besteak beste Argia, Euzkadi eta El Di?a komunikabideetan. Era berean, herri interesa zuten proiektu ugari gauzatu zituen urteetan.
Hiru ekarpen nagusi
Eibarko memoria historikoa gordetzeko batzorde berezia da Ego Ibarra, Eibarko Udaleko kultura ondasunaz ere arduratzen dena. Herritarrek ondasun hori ezagutzea du helburu nagusi, bai eta herrian bertan ikerketa proiektuak sustatzea ere. Zeregin horretan kokatzen da Mercedes Kareaga beka.
Idoia Sarasketa batzordeko idazkari eta Kultura zinegotziak Kareagaren inguruan idatzitako biografiako atal batek azpimarratzen duenez, hiru dira Kareagak herriari egin zizkion ekarpen nagusietakoak: Goi Argi elkartearen sorreran parte hartu zuen 1951n; Eibarko Ongintza Patronatuaren fundazioa sortu zuen 1964an; eta Cayetano Careaga tailerren hastapenetan parte hartu zuen —tailer horiek egun Gureak enpresaren oinarria izan ziren—.
Goi Argi emakumeentzat soilik sorturiko lehen elkartea izan zen Hego Euskal Herrian, eta Espainiako Estatuan ere ez zegoen halakorik. Hasiera bateko arazoak eta oztopoak gainditurik, elkarte proiektuak aurrera egin zuen, eta emakumeen bilgune izan zen, garai hartako sozializazio neketsuaren prestakuntza eremu eta saretze oinarri moduan. Kareagak berak idatzi izan zuen Goi Argiri buruz, artikulu batean: “Bai, halaxe zen, emakumeen denbora-pasarako leku atsegina, baina batik bat, euren burua prestatzeko, gizartera ateratzeko elkartea zen”, zioen.
Sarasketaren esanetan, desberdintzat jotzen diren proiektu nagusi horiek bazuten helburu komun bat: “Karitatea baino gehiago, premia handiena zuen jendearekiko ardura eta kezka erakustea, behartsu eta emakumeen aldeko lan etengabea eginez”.
Zinegotziak esan duenez, beka bi urtez behin antolatuko dute, eta EHUren laguntza izango dute. Bekaren ikerketa eremua hiruren artean zehaztuko dute; izan ere, bekaren barruan osatuko duten batzorde mistoak edizio bakoitzean aukeratuko du zein izango den landuko duten intereseko historia gaia edo pertsona.
Leave a Reply