June Romatet Ibarguren
Gipuzkoan, erleen egoerak okerrera egin du azken urteetan: gutxiago daude, eta hainbat arrisku dituzte. Horren ondorioz, eztiaren produkzioa ere gutxitu egin da. Mikel Zubeldia Gipuzkoako erlezainen elkarteko lehendakariak esan du aurten ez dela nabarmena izan erleen beherakada, baina azken urteetan jaitsiz joan dela. Elkartean 520 bazkide dira, eta denen artean 5.000 erlauntz inguru dituzte. Horiek zaintzen ikasteko formakuntzak egiteko, edota behar duten materiala erosteko jotzen dute Zaldibiako elkartera.
Eztia ekainaren bukaera inguruan jasotzen dute urtero Gipuzkoan, baina Zubeldiak azaldu du lehen geroago biltzen zutela: “Lehen, iraileraino izaten genituen erleak lanean, eta urrian jasotzen genuen. Orain, ezin da hori egin”. Hala, batzuek Arabara edo Nafarroara eramaten dituzte erleak, nahiz eta ekaina iritsi arte Gipuzkoan izaten dituzten.
Aurten, ordea, beroaldiaren ondorioz, Araban zein Nafarroan zelaiak ez dira beti bezainbeste loratu, eta produkzioa asko jaitsi da. Gipuzkoako erlezainen elkarteko lehendakariak esan du berak Valladoliden (Espainia) dituela erlauntz batzuk, eta produkzioa ez dela erdira iritsi. “Ez daukat kopuru zehatz bat, baina lehen 30 kilo ezti inguru jasotzen bagenituen erlauntz bakoitzeko, orain hamabost bat jasotzen ditugu urte ona izanez gero”.
Ezti kopurua jaisteak erleei ere eragiten die, normalean, gordetzen duten eztiarekin negua pasatzen baitute. Zubeldiak azaldu duenez, ordea, azken urteetan erlezainek gehigarri batzuk eman behar izaten dizkiete: “Glukosa edo antzekoak ematen dizkiegu; bestela, normalean hiltzen direnak baino gehiago hiltzen zaizkigu”. Jaten eman behar izatearen ondorioz, erlezainek gastu gehiago dituztela esan du, eta horrek eztiaren prezioa igotzen duela pixkanaka.
Erleen bizitza, arriskuan
Erle kopurua jaisten ari dela esan du Zubeldiak, eta horren arrazoietako bat barroa dela; zorri mota horrek erleei eragiten die, odola xurgatuz, hil egiten baititu. Erleek ezin dutenez beren kabuz barroaren aurka egin, erlezainek tratamendu bat egin behar izaten diete. Hala ere, erle asko hiltzen dira izurrite horien ondorioz, eta urte batetik bestera erlauntz bat baino gehiago gal dezaketela jakinarazi du Zubeldiak. “Ideia bat egiteko: nik hamar erlauntz baditut, negua pasatu ondoren bi gal ditzaket erraz, bai barroagatik, baita liztorrengatik ere”.
Izurrite horiei aurre egiteko, oraindik ez dute tratamenduaz gain beste aukerarik topatu, eta, horregatik, erlezainek adi egon behar izaten dute. “Nire ustez, hau ikertzeko laguntzaren bat jarri beharko litzateke; bestela, erleak hil egingo dira aurrerantzean ere”, azpimarratu du Zubeldiak.
Erleen gutxitzeak gizartean eragina izango duela esan du elkarteko lehendakariak. “Erleek loreetako polena zabaltzen dute, eta, ez badute beren lana egiten, zelaietako loreak ez dira jaioko”. Azaldu du epe motzera ez litzatekeela aldaketarik ikusiko, baina epe luzera aldaketak nabarmenak izango liratekeela. Loreen ugalketan laguntzeaz gain, sagarrondoetan ere laguntzen dutela aipatu du, eta beharrezkoak direla erleak sagarren kopurua eta kalitatea bermatzeko.
Erleen beherakada gelditzeko, erlauntzak zaintzea beharrezkoa dela uste du Zubeldiak. “Aldaketa klimatikoaren aurka guk zerbait egitea zaila da, baina, laguntzak jasoz eta ikerketak eginez, egoera hobetu daiteke”.
Ikerketen bidez, barroa aztertzeaz gain, liztorrek erleengan duten eragina aztertzea beharrezkotzat daukate Gipuzkoako elkartean. Horregatik, uste dute instituzioek laguntzak ematea garrantzitsua dela, nahiz eta zaila den konponbideak bilatzea, gertuago egongo baitira.
Prezioen gorakada
Erlauntzetako gorabeheren eraginez eta eztiaren produkzio baxuagatik, erlauntzetako produktuen prezioak igo egingo direla esan du Zubeldiak. Besteak beste, propolia, argizaria, eztia eta polena garestituko dira. Gainera, beste materialen prezioak ere igo direnez —beiraren prezioa, adibidez—, erlezainek gastu gehiago dituzte.
“Gastu horiek ezin ditugu gure gain hartu. Horregatik igo behar ditugu prezioak”. Zubeldiak eskatu du produktu horietakoren bat erostekoan kontuan hartzeko atzean duen guztia: “Bertan sortutako produktuei beharrezko garrantzia eman behar zaie, eta, prezio baxuagoa dutena nahi izanez gero, pentsatu nondik datozen”. Gaineratu du erleen munduan sartu nahiko lukeen edonori laguntza emateko prest daudela elkartean.
Leave a Reply