Josune Zarandona
Beasaingo Udalak ParteCar autoa partekatzeko aplikazioa aurkeztu berri du, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen barruan, Beasainen egin den Smart Mobility: mugikortasun adimentsu eta jasangarri baterantz ikastaroaren testuinguruan. Adur Ugartemendia Beasaingo Udaleko Lurraldea saileko zinegotzi eta lehendakariak esan duenez, “Beasainen gisako ingurune batean garraio publikoak izan ditzakeen gabeziak osatzea” da app honen helburu nagusietako bat. Jasangarritasunaren ikuspegitik gizarte gisa “pauso txikiak eman beharra” dagoela ere gaineratu du. “Gipuzkoan isurtzen ditugun gas kutsatzaileen %40 mugikortasunak sortzen ditu. Ohitura aldaketa bat egin beharra dago; arazoa ez da teknologiaren bitartez edo ibilgailu elektrikoekin soilik konponduko”, gehitu du.
Horri lotuta sortu du Beasaingo Udalak ParteCar aplikazioa. Ibilgailu pribatua erabiltzen duten eta ibilbide eta egutegi antzekoak dituzten pertsonak harremanetan jartzeko balioko du. Ugartemendiak adierazitakoaren arabera, gaur egun, ibilgailu pribatuek duten okupazio tasa ibilgailuko 1,2 eta 1,5 pertsona artekoa da. Tasa hori igotzeari “oso garrantzitsua” deritzo. Batetik, klima aldaketaren erronkaren barruan ibilgailuek sortutako isurpen tasa hori murrizteko. Bestetik, erregaien kostua aintzat hartuta, familiengan duen inpaktu ekonomikoan laguntzeko. Eta, azkenik, trafikoaren ikuspegitik, “errepidean dabiltzan ibilgailuen kopurua murrizteko bidea” emango duelako.
Aplikazioa, beasaindarrentzat ez ezik, Beasain abiapuntu edo jomuga duten erabiltzaile guztientzat egongo da eskuragarri datozen asteetan. Kanpo mugikortasunean eragiteaz gain, Beasain barneko mugikortasunean ere eragin nahi du. Hiri handien aldean, Beasainen modukoko herri txikiagoek “arazo eta erronka” ezberdinak dituzte, Ugartemendiaren hitzetan, eta, horregatik, irtenbide ezberdinak bilatu eta eskaini behar dira: “Beasainek herrigunea badauka, baina baita landagune eta auzoak ere. Esaterako, Arriaran eta Garin auzoetako bizilagunak Beasainekin hobeto konektatzeko ere balioko du”.
Mendekotasuna murriztea
Klima aldaketaren kezkak eraginda, Beasaingo Udala mugikortasun plan bat ere osatzen ari da. Dagoeneko badute gaiaren inguruko diagnostiko bat egina. Zinegotziaren esanetan, besteak beste, diagnostikoak dio “ibilgailu pribatuarekiko mendekotasun eta erabilera handiegia” daukala, oro har, Beasainek.
Eta etorkizunerako zehaztuta dauzkaten erronketako bat izango da, hain zuzen, ibilgailu pribatuarekiko mendekotasun hori murriztea. “Nola? Oinezko sareak indartuz, espaloiak zabalduz, irisgarritasun egokia bermatuz, bidegorri sarea osatuz, bizikletentzako aparkaleku berriak sortuz eta garraio publikorako dauden markesinen baldintzak hobetuz”, zerrendatu du Ugartemendia zinegotziak. Autoa partekatzeko aplikazioa litzateke beste tresna bat.
ParteCar “proba pilotu” gisa ulertzen dute Beasainen; izan ere, uste dute herrian dauden mugikortasun arazoak eta erronkak Gipuzkoako beste herri eta bailara batzuetara ere estrapolatu daitezkeela. “Benetan sinisten dugu egitasmoa arrakastatsua izango dela eta atzetik beste batzuk etorriko direla. Horrela, denon artean, Gipuzkoak dituen mugikortasun gabezia horiek osatuz joango gara”.
Hobariak bidaiarientzat
Aplikazioa Hoop Carpool enpresak egin du. Carpooling esaten zaio, hain zuzen, autoak partekatzeko ekintzari, eta munduan asko hedatzen ari da kontzeptu hori. Hoop Carpooleko Alexis Atalaiak esan du aplikazioa “erraz” erabiltzeko modukoa izango dela. Aplikazioa sakelakoan instalatuta, hainbat datu bete beharko dira komunitatearen parte izateko: “Erabiltzaileak ibilbidearen xehetasunak zehaztu beharko ditu, eta gidaria edo bidaiaria izango den ere adierazi beharko du”. Behin beharrezko datuak beteta, ez da beste ezer egin behar: “Aplikazioa bera arduratuko da ibilbide berberak edo antzekoak dituzten bidaiariak harremanetan jartzeaz”.
Erabiltzaileen artean egingo diren bidaien kostua gidariak zehaztuko du. Hoop Carpoolek batez besteko prezio bat gomendatu du: “Kilometroko 10 zentimo”. Gehienezko bat ere ezarri dute, 15 zentimoan: “Ez dugu nahi aplikazioa espekulaziorako tresna izatea”, esan du Atalaiak. Bidaiak doakoak izatea ere aukeratu dezake gidariak.
Beasaingo Udalak hobariak eskainiko ditu erabiltzaileentzat. “Denbora jakin batez bidaien kostuaren erdia finantzatuko du udalak”, dio Ugartemendiak.
Leave a Reply