Jone Markuleta Etxegoien
1.700 ikasle berrirekin hasi berri du Mondragon Unibertsitateak bere 25. ikasturtea. Vicente Atxa (Oñati, 1965) errektorearen esanetan, metodologia etengabe berritu dute urteotan. Metodologia horietan, edukiek ez ezik, bestelako faktore batzuek ere garrantzia hartu dutela dio, hala nola balioek: “Oreka bat sortu behar dugu garapen pertsonalaren eta garapen profesionalaren artean”.
25 urte bete ditu aurten Mondragon Unibertsitateak. Nola eboluzionatu du urte hauetan?
Unibertsitate gaztea gara, baina gure sustraiak aurrez ondo errotuta genituen. Gure fakultateak —goi eskola politeknikoa, enpresagintza eta irakasle eskola— duela 60-80 urte sortu ziren; enborra sustraituta zuen zuhaitz baten adarrak eraikitzen hasi ginen Mondragonen sorrerarekin. Zenbait adar sortu ditugu —gradu eta master berriak, esaterako—, baina beti balio berberak gidatuta: berritzaileak izanez eta hezkuntzan apustu finko bat eginez.
Berrikuntzari lotuta, zertan ahalegindu zarete?
Metodologia etengabe aldatu dugu, eta horren adibide da Mendeberri proiektua: pertsonen prestakuntza, arlo soziala eta profesionala erdigunean jartzen dituen hezkuntza sistema. Etengabe berritzean dago gakoa: proiektuetan oinarritutako ikaskuntza bultzatu dugu, metodologia aktiboa erabiltzen dugu, eta konpetentzietan oinarritutako prestakuntza ezarri dugu. Hasieratik egin zuen aldatzeko hautua Mondragon Unibertsitateak, eta, horretarako, funtsezkoa izan zen hiru fakultateak elkartzea. Hiru fakultateak elkartzeak eta bakoitzak besteekin esperientzia eta jakituria banatzeak ekarri du gaur egun duen inpaktua.
Zer konpromiso du Mondragon Unibertsitateak gizartearekin?
Berritzaileak izateko konpromisoa, bai ikasleekin, hori da guretzat garrantzitsuena, eta bai gizartearekin. Gizartearekiko gure konpromisoa betetzeko hiru zutabe nagusi ditugu: ikerketa, ezagutza sortzeko; irakaskuntza, ezagutza hori ikasleei transferitzeko; eta, hirugarrena, transferentzia, ezagutza hori enpresekin eta ekonomiarekin partekatzeko. Horiek dira gure oinarrizko jarduerak, baina gure unibertsitatearen erantzukizun nagusietako bat da gizarte eraldaketa sortzea: hezkuntza eta gizarte berdintsuago bat sortzea dugu helburu.
Eta sinesten dugu hezkuntza eta ezagutza, biak, direla etorkizun hori lortzeko gakoak. Pertsonetan oinarritu nahi dugu, eta tresnak bilatu behar ditugu, gu geu, unibertsitate gisa, pertsona orori heltzeko. Bere egoera ekonomiko eta sozialak kontuan izan gabe. Tresnak bilatu behar ditugu, eta horretan ari gara.
Beraz, unibertsitatea pertsona ororengana iristea eta ikaslearen eboluzio pertsonala dira zuen etorkizuneko erronkak?
Argi dugu edukiak garrantzitsuak direla, baina denborak erakutsi digu bestelakoak ere sartu behar ditugula gure metodologian; adibidez, balioak. Hau da, oreka bat sortu behar dugu garapen pertsonalaren eta garapen profesionalaren artean.
Zer joera ikusten dituzue unibertsitate mailako hezkuntzan?
Garbi dago hezkuntza eredua pertsonalagoa izatera doala. Guk ikasle bakoitzaren onena atera nahi dugu. Bestalde, unibertsitate denek eta guk ere etorkizunari begira ditugun erronketako bat nazioartekotzea da: nazio mailan konfiantzazko unibertsitatea izatea. Nik sinesten dut, etorkizun batean, Mondragon Unibertsitatea ezagun bilakatuko dela Europa mailan, eta horrek Europako unibertsitateen sistema eta metodologia berriak txertatzea ekarriko dituela gure hezkuntzaren onurarako.
Azken urte hauetan gradu berriak sortu eta eskaini dituzue. Zeren arabera sortu dituzue gradu horiek? Zertan oinarritzen zarete horiek diseinatzeko?
Gradu bat diseinatu eta ikasleek lehen aldiz amaitzen dutenerako lau urte pasatu dira. Horregatik da garrantzitsua egungo gizartea baino pauso bat aurrerago joatea. Nondik norakoak aztertu behar dituzu: ez bakarrik joerak, teknologia, edukiak eta behar ditugun ezagutza berriak; horiek garrantzitsuak diren arren, gizartearen bilakaera eta balioak ere kontuan izan behar dira. Bi alderdi horiekin, gizartearen beharrak identifikatzen saiatzen gara, edo atzerrira joaten gara beste unibertsitate batzuetatik ikasteko. Horrela hasten gara gradu eta master berriak diseinatzen. Master edo gradu berri bat martxan jartzen dugunean, edukiari adinako garrantzia ematen diogu han landuko den metodologiari, lana nola egin den aztertzea ere garrantzitsua delako.
25 urte hauei begiratuta, zer nabarmenduko zenuke zuk zeuk?
Gradu eta master berri asko sortu ditugu, eta uste dut aitzindariak izan garela sistema dualean; hezkuntza berrikuntzan ere liderrak izan garela uste dut; eta oso berezia izan da Mondragonek enpresekin izan duen hartu-emana. Horrez gain, esan nahiko nuke uste dudala ekarpen berezi bat egin dugula euskal unibertsitate sisteman, arlo berriak sortuz. Horren adibide dira sukaldaritzako gradua lantzen duen Basque Culinary Center eta ekintzailetzara bideratutako Leinn programa.
Leave a Reply