Julia Roberts eta biok

Juan Luis Zabala

Gaztetatik naiz zinemazalea, eta oraindik ere zinemazaletzat daukat neure burua, garai bateko grina dezente apaldu bazait ere, logikoa ere badenez. Inoiz ezin izan naiz, ordea, Donostiako Zinemaldiaren oso zale izan. Ez naiz inoiz Zinemaldiko jai giroaren partaide eta konplize sentitu. Zinemaldian izan naizenean —ikusle soil zein kazetari lanetan—, arrotz sentitu izan naiz beti. Neuk ere ez dakit oso ondo azaltzen zergatik. Bat baino gehiago eta askotarikoak izan daitezke motiboak.

Azalekoena eta prosaikoena, begi bistakoena, da Zinemaldian kazetari lanetan aritzea egokitzen zitzaidanean, lan egunak luzeak eta estresagarriak izaten zirela, salbuespenik gabe, eta zama hori ez zuela arintzen lanegun horien parte bat pelikulak ikusten emateak, lanerako ikusi beharrak asko baldintzatzen baitu, nire kasuan behintzat, film bat ikusteak eman diezazukeen plazera.

Baina bazen, eta bada oraindik ere, motibo sakonago bat, barrurago barneratutako beste arantza bat, zauritutako urguiluarena, hala esaterik badago. Hain da handia eta arranditsua jaialdia, hain kosmopolita eta jasoa hedabideetan egiten dioten erretratua, hain dago beti glamour gose, non norberaren txikitasun irudipena —edo konplexua— biderkatu egiten den, eta hori etxetik hain gertu bizi izatea laidogarria gerta daiteke.

Ez da kontu pertsonala soilik. Ez neu bakarrik, neure kultura eta neure hizkuntza ere sentitzen ditut oso txiki eta ezereztuta Zinemaldian, eta batez ere —hori egiten zait mingarri— oso esaneko eta oso mendeko, uzten zaizkion zirrikituak eta lekutxoak urre gorria balira bezala estimatu eta eskertzera behartuta —seguru asko horixe direlako, urre gorria, egile, ekoizle eta abarrentzat— , kulturalki goitik behera kolonizatuta. Espainiako zinemagintza da Donostiako Zinemaldian etxean jokatzen duena, eta euskarazko filmen multzoa Espainiako filmen multzoaren azpimultzo txiki eta beti mendekoa izatera kondenatzen dute politikak eta finantzek. Horretan alde nabarmena dago, adibidez, euskal zinemaren eta euskal literaturaren artean.

Kosta egiten zait etxekotzat hartzea Donostiako Zinemaldia. Etxetik gertu dagoen atzerri dira, Zinemaldiaren egunetan, Kursaala eta inguruak.

Nolanahi ere, esanak esan, Zinemaldiaren aldeko bihurtzen nau estimatzen dudan jende askori pizten dion ilusioak, bizipozak, eta aitortzen dut erakargarri, interesgarri, eta aberasgarri ere badela, batzuetan, atzerri hori. Neuk ere badut Zinemaldiari lotutako oroitzapen ederrik: film bikainak, lagun edo lankide arteko solasak eta baita akreditazio txartela paparrean egindako lan gogoangarri bat edo beste ere. Adibidez, Stephen Frears elkarrizketatzeko ausardia izan nuenekoa, ingelesez!, neure kosmopolitismoaren markak gaindituta. Frantsesez ere egin nuen elkarrizketarik, txirrindularitzari buruzko film bat aurkeztu zuen —eta izenik oroitzen ez dudan— zuzendari bati, besteak beste.

Zinemaldiko nire oroitzapen bizienetako bat Julia Robertsen prentsaurrekora joan nintzenekoa da. Hain ikusmin handia piztu zuen, non, txiki-txiki sentituta, lepo betetako areto handiaren atzealdeko azken bazterreraino joan nintzen, ezkutatu edo desagertu nahiko banu bezala, han egon gabe egon, aldi berean harro han nengoelako eta umiliatuta gailur mediatiko goren sekulako hartan Don Inor Ezik ezerezena baino ezerezago izateagatik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.