Maria Ortega Zubiate
Bihar eta etzi Piparraren ibilbidea egiteko parada izango dute Ibarran, Kilometroak jaialdiaren barruan. Ibilbideak, ordu erdi bat ingurukoak, herriaren erakusgarria den produktuari egiten dio goraipamena: Ibarrako piperrari. Hain zuzen ere, haren ekoizpena eta haren inguruan sortu diren erritual eta ohiturak erakutsiko dituzte ibilbidean zehar, herriko zenbait eragilerekin elkarlanean. Gaur da izena emateko azken eguna, eta animatzeko eskatu diote jendeari:. “Piperra irrikitan dago jendearen dastamenera iristeko”, esan du Nagore Leon antolatzaileak.
Kilometroen jai handirako astebete falta denean egingo dute ibilaldia, aurretiaz herrian egindako lan bat kontuan hartuta. Josu Ozaita antropologo eta Kilometroen koordinatzailearen Ibarrako piparra: Piparra liburua hartu dute horretarako oinarri. “Ozaitak egin zuen liburu bat piperraren historia kontatuz, bereziki Ibarran kokatuta”, dio Leonek. Liburu horretan oinarrituta, ibilbide bat sortu zuen duela urte batzuk Ibarrako Udalak, eta hori baliatu dute jaialdiko antolatzaileek egitasmoa sortzeko: “Erabaki genuen ibilbide hori bizitzea. Ibilbidea eta liburua oinarri hartuta, produktu turistiko bat sortu dugu”.
Barazki horrek herrian duen lekua aldarrikatuko dute. “Piperra aurkezten denean, Ibarrako piperra moduan aurkezten da. Indar handia du herrian: festetan beti dago piperra presente, eta erritu moduko batzuk ere sortu dira herrian. Horregatik nahi genion eman bere garrantzia”. Gainera, gastronomiari lotutako produktu bat denez, jendearen interesa erakar dezakeela uste du Leonek, Euskal Herriko turismo mota nolakoa den kontuan hartuta: “Azken urteetan Euskal Herriko turismo mailan gastronomiak sekulako garrantzia hartu du, eta, beraz, guk sortu dugun produktu hau interesgarria dela iruditzen zaigu”.
Denen artean
Ibilbidea Kilometroen barruan sortu bada ere, herri osora zabaldu da, eta hori txalotzekoa dela dio Leonek: “Herriko eragileek egin duten parte hartzea guztiz zoriontzekoa da”. Ibilbidean zehar parte hartuko dute Alurr dantza taldeak, Loatzo musika eskolak eta herriko antzerki taldeak. Azkenik, Uzturpe Ikastolako merenderoan bukatuko dute ibilaldia, izena ematen dion piperrak dastatuz. “Baina bidean ere egongo da jana eta edana”, gehitu du Leonek.
Leave a Reply