June Romatet Ibarguren
Iraila, mundu osoan, haurren minbiziaz kontzientziatzeko hilabetea da. Horregatik, Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkartea eta antzeko elkarteak elkarlanean aritu dira gaixoekiko eta haien familiekiko batasun mezua helarazteko asmoz. Irailean, pankarta ibiltari bat pasatu dute herriz herri, eta topaketak egin dituzte.
Haur minbizidunen eta haien familien bizimodua hobetzea da Aspanogi elkartearen helburu nagusietakoa. Horretarako, gaixoari eta familiari arreta eskaintzen diete, eta diagnostikoan eta garapenean sortzen diren oztopoak gainditzen laguntzen diete. Bestalde, gizarteari eta erakunde publikoei ezagutarazi nahi diete elkarteko kideen errealitatea, eta haurren minbiziaren ikerketa bultzatu nahi dute.
Helburu horiek lortzeko eta haietan lan egiteko, hainbat eta hainbat langile daude; horien artean, Nekane Lekuona Aspanogiko gizarte langilea. Ikasketak Gasteizen egiten ari zela, praktikak Aspanofa elkartean egin zituen, Arabako haur minbizidunen gurasoen elkartean. Nahiz eta ez zuen inongo minbizi kasurik familian, gaixotasunaren inguruan dagoen tabua hausteko beharra ikusi zuen Lekuonak, eta, horregatik, ikasketak amaitu eta Gipuzkoara itzuli zenean, Aspanogin boluntario hasi zen. Beranduago, gizarte langile gisa kontratatu zuten, eta, gaur egun, haur minbizidunei eta horien familiei laguntzen aritzen da, ospitalean eta bulegoan.
Aspanogi elkartea 1998. urtean hasi zen lanean, familiei babesa eta arreta emateko. Lekuonak esan du gaixoak arreta behar izaten duela, baina familiak ere asko zaindu behar izaten direla: “Haurra dago gaixo, baina familiek ere behar izaten dituzte arreta psikologikoa, gizarte laguntza eta abar : gurasoek, anai-arrebek, aitona-amonek”.
Gaur egun, 222 familia bazkide dira elkartean. Lekuonak azaldu du kopuruak aldatuz joaten direla, batzuek bazkidetza amaitzen dutelako eta beste batzuk elkartean sartuz joaten direlako.
Aspanogiko gizarte langileak kontatu du familiak ospitaleko langileen bitartez jartzen direla kontaktuan eurekin: “Normalean, langile baten bidez jartzen dira gurekin harremanetan. Jende gutxik daki gutaz; batez ere, minbizia tabu bat delako gizartearentzat oraindik”.
Minbizia beti ezkutuan
Gaia ezkutuan mantentzen denez, eta jendeak ez duenez horren inguruan hitz egin nahi izaten, Lekuonak esan du jende gutxik dakiela iraila haurren minbiziaz kontzientziatzeko hilabetea dela: “Haur Minbizidunen Eguna otsailaren 15a da, baina kontzientziazio hilabetea iraila izaten da, eta, beraz, beharrezkoa da garrantzia ematea gizartearengana iritsi ahal izateko”. Horregatik, hainbat ekintza egin dituzte Gipuzkoan.
Urre koloreko xingola handi bat duen pankarta ibiltari bat udalerriz udalerri eraman dute. Udaletxeetan zintzilik jarri dute, eta eskualde guztietara iritsi dela esan du gizarte langileak. Hemezortzi herritatik igaro da, eta, egitasmoari lotuta, atzo, hainbat udaletxe urre kolorez argiztatu zituzten.
Era berean, Aspanogiko kideek hainbat jarduera egin zituzten joan den asteburuan. Larunbatean, kide nerabe eta gazteak elkartu ziren egun osoko plana egiteko. Goizean, Aspanogiko psikologoak eta Lekuonak berak gazteekin solasaldi bat egin zuten: haurren minbiziaren gaia ikastetxeetan nola tratatzen den azaldu zuten. Gazte bakoitzak bere kasua kontatu zuen, eta, Lekuonaren esanetan, batzuen esperientziak onak izan ziren arren, beste batzuek kontatu zuten gaixo zeuden unean harreman txarra izan zutela ikastetxearekin.
Solasaldia amaitu eta gero, scape room bat egin zuten, eta, ondoren, bazkaltzera joan ziren. “Batzuek ez zuten elkar ezagutzen, eta esperientzia polita izan zela esan ziguten denek”.
Larunbata gazteen eguna izan zen, eta igandea, familiena. Aiako Iturrarango parke naturalean 11 familia eta batzordeko hainbat kide elkartu ziren egun-pasa. Minbizia izan duten haurrak, haien anai-arrebak eta haien gurasoak bildu ziren elkarrekin jolasteko eta bazkaltzeko. Normalean horrelako topaketetan minbizia jada pasatuta daukatenak elkartzen direla azaldu du Lekuonak: “Oraindik tratamenduan daudenek kontuz ibili behar dute, eta ez da gomendagarria izaten besteekin elkartzea”.
Hilabete honetako ekintzak atzo amaitu ziren, eta datozen hilabeteetan beste batzuk egiteko asmoa dute. Horien artean, familien arteko bidaia bat egingo dute urrian: Portaventura parkera joango dira, eta ia 79 lagunek eman dute izena.
Horrez gain, gizarte langileak azaldu du datorren urtera begira gogoz daudela, mende laurdena beteko baitu Aspanogi elkarteak. “Porrotxekin harremanetan gaude datorren urterako zerbait egiteko edo ekintzaren batean parte hartzeko”. Azaldu du beraientzat garrantzitsua izan zela Marimototsekin haurren minbizia lantzea, gaia gizarteratu zutelako, eta, horren bidez, haurrei minbiziaren gaia azaltzea errazagoa izan zelako.
Leave a Reply