Josune Zarandona
Mitologiak eta alpinismoak bat egiten dute Koke Lasa alpinista ormaiztegiarrak ondu duen azken ikus-entzunezkoan. Aketegiko Mari, alpinismoa eta mitologia uztartzen izena jarri dio lanari, eta azaroan hasiko ditu jendaurreko aurkezpenak. Mendiaren eta mitologiaren arteko lotura bat egitea “aspaldiko” asmoa zuela esan du mendizaleak. Buruan zituen ideiak eta etxean gordeta zituen mendietako irudiak ordenatu, berriak gehitu eta forma hartu du azkenean aspalditik irudikatutakoak. “Betiko sineskeria eta usteak mendiarekin lotu nahi izan ditut, alpinismoa aitzakiatzat hartuta”, laburbildu du Lasak.
Asmatutako kontakizun baten aitzakian, inguruko mendi, haitzulo eta kanaletako hainbat irudi erakusten ditu: “Aizkorrin asko ibilia naiz; batez ere, neguan. Mariren kobazuloetako bat ere bertan dagoela entzun izan dugu beti”, azaldu du Ormaiztegikoak. Lanean kontatzen duenez, mendizale gazte batzuk Aizkorrira joango dira, eta laino zuri bat ikusiko dute Aketegi inguruan. Kea Aketegiko haitzulotik datorrela eta ziurrenik Mari ogia egitean ariko dela esango die beste mendizale batek. Hortik abiatuta, Mari aurkitzeko ahaleginean haitzuloz haitzulo abiatuko dira gazte horiek Murun, Anboton, Txindokin, Aloñan…
Hurrengo geltokia, Nepal
Irudi guztiak Lasarenak dira, eta edizio lanak ere berak egin ditu. Gidoian bidelagun izan ditu Alex Areizaga eta Maite Loidi. Ikus-entzunezkoak, ordea, badu aurrekaririk. Hain zuzen, Lasak Areizagarekin batera orain urte batzuk egindako film labur bat: “Mari, Aketegiko dama izena du. Hortik hainbat zati hartu ditut, eta irudiak eransten joan naiz kontakizuna osatzeko”. Irudiak hartzen “asko” gozatu duela dio: “Ilunabarrak eta egunsentiak, batez ere”. Prozesua aurkikuntza bat ere izan da, erakusten dituen hainbat kobazulo ez baitzituen aurretik ezagutzen.
Ez da Lasak ikus-entzunezko bat egin duen lehendabiziko aldia, baina hau “ezberdina” dela aitortu du. “Orain arte, batik bat, kanpora egindako bidaietan igotako mendien ikus-entzunezkoak egin izan ditut, diapositibekin. Egiturari dagokionez, oso lan linealak izan dira beti, kronologia jakin bati jarraitu diotenak”. Lan honetarako, orain arteko lan egiteko moduak aldatu behar izan ditu. Muntaketak “lan handia” eskatu diola esan du, eta baieztatu du halako “lehendabiziko eta azkeneko” lana izango dela.
Alpinismoan jarraitzen du Lasak, eta datorren asteazkenean Nepal aldera joango da, beste hiru mendizale goierritarrekin batera, Himlung Himai (7.126 metro) mendira antolatutako espedizioan. “Lagun artean gozatzea espero dut bidaia honetan”. Azaroaren 8an itzuliko da, eta orduan hasiko ditu filmaren jendaurreko ikustaldiak: azaroaren 10ean Ormaiztegin eta 11n Legazpin eskainiko du, estreinakoz, ikus-entzunezkoa. Abadiñon eta Lazkaon ere itxita dauzka emanaldiak.
Leave a Reply