Euskaltegiaren egoitza berria, elkarlanerako

Euskaltegiaren egoitza berria, elkarlanerako

Jone Markuleta

Joan den irailaren 28an Arrasateko udal euskaltegi berriaren egoitza inauguratu zuten. Trikiti, pandero eta txalaparta artean hasi zuten euskaltegiaren ibilbide berria. Ikasturtea eta egoitza, aldaketa bikoitza izan du udal euskaltegiak bere 40. urteurrenean. Kulturola kultur fabrikaren lehen solairuan eta bestelako kultur eragileek inguraturik ekin dio udal euskaltegiak 2022-2023ko ikasturteari. Guztira, hemezortzi batzorde edo kultur eragilek eta euskaltegiak berak osatzen dute Kulturolako espazioa, eta euskaltegiaren aldaketa elkarlanerako aukera gisa hartu dute herrian.

Berrogei urte egin ditu dagoeneko Arrasateko udal euskaltegiak, eta, gaur egungo “erronka berriei” aurre egiteko prest badaude ere, euskaltegiko kideen esanetan, hasierako urteetatik izan dute helburu bera: herria euskalduntzen jarraitzea eta euskara sustatzea, Arrasateko euskararen alfabetizazioan aurrera egiteko urratsak eginez.

Esker oneko hitzak

Elena San Martin udal euskaltegiko zuzendariak eskerrak eman nahi izan dizkie bidelagunei, ikasleei eta urteotan euskaltegiaren udal zerbitzuan konfiantza izan dutenei eta laguntzaile izan diren denei. Maria Ubarretxena alkateak ere inaugurazio ekitaldian eskerrak eman zizkien euskaltegiko arduradunei eta langileei, Arrasaten euskararen alde egiten duten “eguneroko lanagatik”.

ARRASATEKO UDAL EUSKALTEGIA

Berrogei urteotan ehunka ikasle pasatu dira Arrasateko udal euskaltegitik. Aurreko ikasturtean, esaterako, 323 ikasle izan zituzten: 303 aurrez aurreko ikastaroetan eta beste hogei autoikaskuntza modalitatean.

Gune anitzez eta argitsuz sortutako lokal berriak 11 gela funtzional ditu, bai eta liburutegi bat ere; horrez gain, langileentzako beste hainbat espazio ere baditu, tutoretzak egin ahal izateko. Udal euskaltegiko zuzendari San Martinek adierazi du “egoitza berriaren helburua bertako ikasleek euskara giro goxo eta lasaiago batean” ikastea dela.

Arrasateren historian garrantzitsua izan da Union Cerrajera industria enpresa, eta hark aurrez espero gabeko etorkizun bat izango du orain Kulturola kultur fabrikarekin. Izan ere, industria produkzio izandakoa kulturaren eta kulturgileen sinergia espazio bihurtuko da.

Eraikinak, arkitektura saria

Obrak hasieran aurreikusi baino gehiago luzatu ziren arren, merezi izan duelakoan daude euskaltegiko arduradunak, Kulturolakoa aurtengo lanik onenetako baten moduan aukeratu duelako AV Arquitectura arkitekturan espezializatuko aldizkariak.

Haur, gazte eta heldu, herritar guztientzat eskura dago jada udal euskaltegia. Hori dela eta, urteroko ohiko eskolak emango dituzten arren, izena emanda ez dauden herritarrentzako ere hainbat ikastaro sortuko dituztela adierazi du San Martinek: online ikastaro laburragoak, enpresentzako eskolak, gurasoentzako ikastaro bereziak, merkatarientzat nahiz haur eta nerabe etorkinentzat errefortzuak… Euskaltegiak herritarren beharretara moldatzeko aukera duela adierazi du zuzendariak, eta, horregatik, edozein zalantza argitzeko Kulturolara bertara dei egiteko eskatu du San Martinek.

Dagoeneko martxan da egoitza berrian euskara ikasteko matrikulazio kanpaina. Telefonoz, Whatsapp bidez edo online eman daiteke izena, Arrasateko Udalaren webgunearen bidez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.