Hamarkada luze batez hazia ereiten

Hamarkada luze batez hazia ereiten

Josune Zarandona

Antzeztaun antzerki zikloaren 11. edizioa hasiko da gaur Ataunen, eta hilaren 27ra arte iraungo du. 11 urte hauetan antzerkia herritarrei gerturatzeko ahaleginean aritu dira, etenik gabe, Ataungo Udala, herriko hainbat eragile eta Intujai Teatro antzerki taldea. Lau emanaldik osatuko dute aurtengo eskaintza, eta, lehendabiziko aldiz, emakumez soilik osatutako konpainiak igoko dira taula gainera, edo artista andrazkoak. Urtero bezala, herriko hainbat gunetan eskainiko dituzte ikuskizunak. Ez da sarrerarik ordaindu beharko ikuskizunez gozatzeko.

Antzeztaun antzerki zikloaren sorrera taldeko kideetako bat da Aitor Aldasoro. Ataungo Troskaeta tabernaren jabea da, eta gaur egun ere zikloarekin kolaboratzen du oraindik, urtero antolatzen baitute haren tabernan formatu txikiko ikuskizunen bat edo beste. Aldasorok kontatu duenez, “udal antolaketan aldaketa gertatu zen garaian” sortu zen Antzeztaun. Bera zinegotzia zen orduan. Dioenez, Ataunen “beti” egon da antzerkizaletasuna. “Bizilagunik helduenek beti kontatu izan digute 36ko gerra ostetik, gutxienez, antzerkia egiteko ohitura zegoela herrian”. Garai hartan, herriko pisu batean zegoen batzokian agertoki txiki bat zegoela kontatu du Aldasorok, eta “hiruzpalau herritarrek” oholtza gainera igo eta antzerki emanaldiak eskaintzen zituztela.

Antzokiak, erabili gabe

San Gregorion eta San Martinen ere —Ataungo hiru auzoetatik bitan— antzokia edo zinema aretoa zegoen. “Gaur egun, bertan bizi diren gazte askok ez dute jakin ere egingo auzoan antzoki bat dagoenik. Oraindik han dago aretoa, baina ez du erabilpenik”. Aldasororen gurasoen belaunaldiko ataundar askok ere antzerkia egiteko ohitura zutela kontatu du Troskaetaren jabeak.

Urte askoan Oargi kultur elkarteak ere gogotik lan egin izan du Ataunen, antzerkiaren esparruan. Horren guztiaren ondorio da, adibidez, gaur egun, Jentilen Etorreran, ehundik gora ataundar biltzen direla antzerkia egiteko. Horrez gain, Ataungo eskolan antzerkiak bizirik jarraitzen du oraindik ere. Hala, herrian horren errotuta egon den ohitura hori indartu eta ez galtzeko helburuarekin sortu zuten Antzeztaun, duela 11 urte, ordura arte antolatzen ziren antzerki emanaldien osagarri. “Urtean pare bat antzezlan ekartzen zituzten orduan normalean, sona handiko konpainienak”.

ANTZEZTAUN ANTZERKI JAIALDIA

Zikloari forma emateko, Tolosako Intujai Teatrorekin jarri ziren harremanetan, eta, ordutik, haiek aukeratzen dituzte ikuskizunak. “Ziztu batean ohartu ginen Ataunek aukera asko eskaintzen zituela herri moduan. Areto txiki oso politak eta xarma handikoak dauzka: udaletxeko ganbara, Troskaeta taberna, Erroipe Aia auzoan, plaza izugarriak auzoetan…”, esan du May Gorostiaga Intujai Teatroko kideak eta Antzeztaunen koordinatzaileak. Izan ere, Antzeztaunen helburuetako bat izan da antzerkia herritarrei gerturatzea eta ikuskizunak “ohikoak ez diren lekuetan” eskaintzea.

Formatu txikia lehenetsita

Urte hauetan guztietan zikloa aldatuz eta behar berrietara egokituz joan den arren, hasieratik egin dute formatu txikiko ikuskizunen alde, “formatu txikikoak izateak kalitate kaskarrarekin zerikusirik ez duela aintzat hartuta”, gogoratu du Gorostiagak. Intujai Teatrok “zubi moduan” lan egiten du, profesionalizatzeko bidean dauden artistei Ataunen espazio bat eskainiz, baita Ataungo sortzaileei beste jaialdi edo ziklo batzuetarako bideak irekiz ere.

Aurtengo ikuskizun guztiak emakumez osatutako taldeenak edo bakarlarienak izateaz gain, emanaldiek badute beste gauza komun bat ere: “Guztiek dute hariarekin edo sareekin lotura bat”, aurreratu du koordinatzaileak. Guztia prest dago jada, eta aurrekoak bezain arrakastatsua izatea espero dute antolatzaileek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.