Leka Enea, mahai tenisean bidea egiten

Leka Enea, mahai tenisean bidea egiten

Mikel Del Val

Jakina da mahai tenisa, inguruan behintzat, ez dela kirol mediatiko bat. Kirol horren gaineko informazioa jasotzea ez da erraza izaten askotan, baina, gutxi praktikatzen bada ere, Gipuzkoan badira mahai tenisean bidea egiten ari diren zenbait klub. Horietako bat da Irungo Leka Enea kluba.

Duela 37 urte abiatu zuen bere kirol jarduna, eta, denbora horretan, hainbat lorpen esanguratsu pilatu ditu. Arlo federatuari dagokionez, gizonezkoen eta emakumezkoen taldeak Espainiako Estatuko ligarik onenetan jokatzen ari dira, eta urte dezente daramatzate jarraian Europako bigarren txapelketarik onenean jokatzen.

Klubeko jokalari eta entrenatzaile Ioana Teclak azaldu du, federatuez gain, gazteen mahai teniseko eskola eta beteranoen taldeak ere badituztela Irunen: “Mundu guztia da ongi etorria Leka Enean, eta denek aurkitzen dute euren txokoa klubaren barruan”. Leka Eneak “oinarrizko xede bat” duela baietsi du Teclak: bertaratzen direnek “mahai teniserako sarbidea eta praktikatzeko aukera” izatea, “beti giro onean eta disfrutatuz”.

Dena den, denboraren poderioz, jendeak “zerbait gehiago” bilatzen zuela ohartu ziren klubean. Hori dela eta, lehiaketaren esparruan eta arlo federatuan ere buru-belarri dabiltza lanean: “Txapelketak lehiatzea eta irabaztea dugu helburu hor”.

Gaur egun, egunero, 50-60 jokalari joaten dira Leka Eneak Irungo Olaketa kalean dituen instalazioetara. Lehiatzen dutenek denboraldia hasi berri dute; aurtengo sasoia “oso modu berezian” hasi dute, gainera, Europako Txapeldunen Ligako partidak jokatu baitzituzten irailean Irunen, Leka Enearen egoitzan. Emakumezkoen zein gizonezkoen talde nagusiak aritu ziren. Emaitzak ez ziren onegiak izan, eta bi taldeak Europako txapelketa gorenetik at geratu ziren, baina, berriz ere, Europako txapelketarik onenetako bigarrenean lehiatzeko sailkatu da Leka Enea. Bi aste barru izango dituzte hurrengo norgehiagokak: emakumezkoek Italian jokatuko dute, eta gizonezkoek, Txekiar Errepublikan.

Lehia nagusitik kanpo geratu arren, Teclak onartu du Leka Enearentzat “ohore handia” izan dela Europako txapelketarik onenean aritzea eta partida horiek Irunen jokatu ahal izatea. Horrek mahai tenisari eta Leka Eneari “ikusgarritasun handiagoa” eman izana espero du: “Nazioarteko topaketak antolatzeak beti ospe handiagoa ematen dio klubari, eta gehigarri bat da ezagunago egiteko. Klubeko jokalarientzat oso onuragarria izan da Irunen bertan gure kirolak daukan maila ikustea. Oso jokalari onek jokatzen dute txapelketa hori”.

Teknifikaziorako, bi solairu

Bere eguneroko jarduna bideratzeaz gain, Gipuzkoako mahai teniseko teknifikazio gune bakarra ere kudeatzen du Leka Eneak. Klubaren instalazioetan bertan dago Sonia Etxezarreta teknifikazio gunea. Bi solairukoa da, eta guztira hamasei mahai dituzte entrenatzeko eta jokatzeko.

IRUNGO LEKA ENEA MAHAI TENIS KLUBA

Irungo klubeko zenbait jokalari entrenatzen dira teknifikazio gunean, baina horko jarduna ez da mugatzen Leka Eneara. “Gainerako klubetako jokalariek mahai tenisean entrenatzeko aukera dute teknifikazio gunean. Gipuzkoan klub gutxi daude, eskari txikia dago, eta gure gunearen helburua da bertaratzen direnek entrenatzeko, hobetzeko eta jokalari gisa hazteko aukera izatea. Oraintxe, Irungoa da Gipuzkoako teknifikazio gune bakarra. Nahiko genuke gehiago egotea”, azaldu du Leka Enea klubeko kideak.

COVID-19ak kluba gogor jo zuela onartu du Teclak: “Birusaren beldurrez, jende askok etortzeari utzi zion, eremu itxi batean gaudelako”. Hala ere, “gutxika”, pandemia aurreko zenbakiak berreskuratzen ari dira. “Jokalariak biltzen ari dira, baina gehiago etortzea nahi genuke”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.