Gipuzkoarrak izango dira finalaurrekoetako bertsolarien erdiak

U. Zubeldia

Abenduaren 18ko finalera begira, pixkanaka forma hartzen ari da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Irailaren 24an hasi zen txapelketa, Getxon (Bizkaia), eta Gipuzkoako hamasei bertsolari aritu dira lehian lehen fase horretan. Horietatik bederatzi sartu dira finalaurrekoetan, eta zazpi gelditu dira bidean: Amaia Iturriotz, Beñat Iguaran, Iban Urdangarin, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Maialen Akizu, Unai Gaztelumendi eta Unai Mendizabal.

Lehen galbahea igarota, urriaren 22an hasiko dira finalaurrekoak, Elizondon (Nafarroa). Lau saio izango dira finalaurrekoetako lehen itzulian, eta sei bertsolari ariko dira saio bakoitzean: 24 bertsolari guztira. Horietatik hamabi gipuzkoarrak dira, lehen fasetik sailkatu diren bederatzi bertsolariekin batera —Agin Laburu, Alaia Martin, Ane Labaka, Asier Azpiroz, Eñaut Martikorena, Haritz Mujika, Iñaki Apalategi, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran— lehian hasiko baitira Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre —hiru horiek finalistak izan ziren duela bost urte—. Finalerako sailkatuta dago, berriz, Maialen Lujanbio, duela bost urteko txapelduna.

Lau saio eta galbahea

24 bertsolari lehian, eta, lehen lau saioak jokatuta, bigarren galbahea. Izan ere, finalaurrekoetako 24 bertsolarietatik hemezortzi igaroko dira bigarren fasera. Hori bai, bigarren fase horretan aintzat hartuko dituzte finalaurrekoetako lehen faseko puntuak. Hiru saio izango dira finalaurrekoetako bigarren fase horretan, eta bi saioak kontuan hartuta puntu gehien pilatzen duten zazpi bertsolariak sailkatuko dira abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko duten final handirako.

Finalaurrekoetako lehen fasean, aldatu egingo da bertsolariek egin beharreko lana: binaka, gaia emanda, hiruna bertso bota beharko dituzte lehenengo, zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian gero; binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan ariko dira ondoren, zortzi bertso osatu arte; binaka, gaia emanda, hiruna bertso kantatu beharko dituzte sei puntuko motzean; eta ganbarako lana izango dute azkenik: banaka, gaia emanda, hiru bertso osatu beharko dituzte, nahi duten doinu eta neurrian.

Finalaurrekoak:

Urriaren 22an eta 29an eta azaroaren 5ean eta 12an jokatuko dituzte Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako lehen itzuliko lau saioak. 17:00etan hasiko dira saio guztiak. 24 bertsolarietatik hemezortzi igaroko dira finalaurrekoetako bigarren fasera.

Urriak 22, larunbata
Elizondon (Nafarroa): Agin Laburu, Alaia Martin, Iñaki Apalategi, Joanes Illarregi, Onintza Enbeita eta Unai Agirre.

Urriak 29, larunbata
Donibane Garazin (Nafarroa Beherea): Aitor Etxebarriazarraga, Amets Arzallus, Asier Azpiroz, Haritz Mujika, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran.

Azaroak 5, larunbata
Irunen: Ane Labaka, Jone Uria, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina.

Azaroak 12, larunbata
Durangon (Bizkaia): Aitor Bizkarra, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Julio Soto eta Saioa Alkaiza.

Leave a Reply

Your email address will not be published.