Miren Garate
Bihar Donostian egingo duten manifestaziorako Onkologikoa monografikoa eta bizirik leloa aukeratu dute Donostiako Onkologikoko langile batzordeak eta pazienteen elkarteak. Izan ere, “elkarri lotutako” bi arazo horiek plazaratu nahi dituzte. Batetik, iruditzen zaie Onkologikoak minbizian ardaztutako “izaera monografikoa” galdu duela, eta lehengo eredua “berreskuratu” nahi dute. Bestetik, Onkologikoaren eta Osakidetzaren arteko lotura akordioa sinatu zutenetik ia lau urte pasatu diren arren, azaldu dute oraindik ez dakitela zer gertatuko den eraikinarekin eta langileekin. Horren guztiaren ondorioak agerikoak direla diote: itxaron zerrendak luzatzea, probak egiteko toki batetik bestera ibili behar izatea, eta, minbizi kasu batzuetan, baita heriotza tasa altuak izatea ere. Bulebarretik aterako da manifestazioa bihar, 12:00etan.
Elena Ginea eta Sandra Barkaiztegi Onkologikoko pazienteek eta Mikel Lizarralde paziente baten senideak azaldu dute zertan ikusten duten “izaera monografikoaren” galera. Kontatu dutenez, lehen, proba guztiak Onkologikoan bertan egiten zituzten. “Ni, adibidez, prebentzio probetara etorri nintzen, eta segituan esan zidaten zer nuen. Ordutik, dena hemen egin didate, berehala; ebakuntzak ere bai”, esan du Gineak.
Ez da hala izan Barkaiztegiren kasuan. Minbiziari aurre egiteko tratamenduan, herriko osasun zentroan ateratzen zioten odola bezperan; Onkologikoan kontsulta zuen egunean, kontsultaren aurretik, Donostia Ospitalean egiten zizkioten beste zenbait proba, eta, ondoren, “ordubeteko edo biko itxaronaldia” izaten zuen askotan. Entsegu kliniko batean ere parte hartzen zuenez, kontsultaren ondoren beste proba batzuk ere izaten zituen batzuetan Donostia Ospitalean. “Ni indartsu nengoen, eta egin nezakeen, baina ahulago dagoen norbaitek, agian, ez”.
Itxaron zerrendak dira pazienteen beste kezketako bat. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak orain bi aste Eusko Legebiltzarrari emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 23.831 pertsona zeuden uztailean presazkoa ez zen programatutako ebakuntzaren bat egiteko zain, pandemia aurretik baino %27 gehiago. Gaineratu zuen pandemian prebentzio probek izandako geldialdiaren eraginez litekeena dela datozen urteetan “nolabaiteko eragin negatiboa” igartzea minbizia duten pazienteen bizirik irauteko tasetan. Lehendik ere tasa horiek ez direla batere onak diote pazienteek. “Espainiako Epidemiologia Zentroaren arabera, Gipuzkoak gainditu egiten ditu Espainiako batez besteko heriotza tasak: gizonetan, ohikoenak diren 25 minbizia motetatik hemezortzitan; eta emakumeetan, 25etik hamaseitan”.
Gogoratu dute bizkortasunak izugarrizko garrantzia duela minbizia kasuetan. “Nire emazteari proba atzeratu egin zitzaion COVIDagatik; gero ez zen ezer ikusten; gero zerbait ikusten zen, baina ‘ona’ zela jartzen zuen; eta luzatzen eta luzatzen, azkenean korrika eta presaka egin behar izan zioten ebakuntza, eta bularra kendu behar izan zioten”, esan du Lizarraldek.
Ginearen bikoteak ere minbizia du, eta “amorratuta” daudela esan du. “Minbizia izateaz gain, esan diote arrisku handia duela beste tumore bat agertzeko ere, eta ebakuntza egitea komeni dela. Urtebete inguru gaude zain, eta oraindik ez digute datarik eman”. Ginea Onkologikoko pazientea izan da, baina haren bikotekidea, ez. “Nik jasotako tratua eta harena konparatzen ditut, eta ez dute zerikusirik”.
Onkologikoan jaso duten gertuko arreta nabarmendu dute pazienteek, jasotako goxotasuna. “Txikia izanda, beti tratu familiar bat izan du, estilo jakin bat. Punta-puntakoa izan da, gertukoa, baliabide aldetik ona. Eta dena pikutara doala ikusten dugu”, azaldu du Ginea pazienteak ere. Kezka horrek bultzatuta, apirilean elkarte bat sortu zuten.
Dena “deslokalizatuta”
Langile batzordeak ere hainbat kontu “salatu beharra” sentitzen du. Ane Urzelaik, Kepa Vicariok eta Jon Galfarsorok eman dituzte azalpenak. Guztiaren gainetik, nabarmendu dute behar baino askoz gutxiago erabiltzen dela Onkologikoa. “Ospitalizazio gune bat ia hutsik daukagu: ehun ohetik, hamabost-edo egongo dira okupatuta. Ebakuntzarik ere ia ez dugu egiten. Dena deslokalizatu digute”, dio Galfarsorok.
Datorren urtean beteko ditu 90 urte Onkologikoak. Kutxa fundazioarena da, nahiz eta sare publikokoak izan diren gaixo gehienak hasieratik —gaur egun, ia guztiak—. Eusko Jaurlaritzak 2018ko abenduan sinatu zuen lotura hitzarmena Onkologikoarekin, eta osasun sare publikoari lotutako zentro bilakatzea adostu zuten. “Ia lau urte pasatu dira, eta guk ikusten duguna da hemen oso-oso gauza gutxi egiten dela”, gaineratu du Vicariok. Urzelairen esanetan, urologian, adibidez, bi hilabetetik urtebetera luzatu dira itxaron zerrendak, eta mamografo batzuk ere itxita izaten dituzte arratsaldeetan. “Diagnosi batzuk, agian, une horretan ez dira txarrak, baina bai handik zortzi hilabetera. Horregatik, funtsezkoa da azkartasuna”.
“Osasungintza publikoan gertatzen ari den guztia” gogora ekarrita, eta Sagarduik aipatutako itxaron zerrendak ere aintzat hartuta, langileek uste dute “onartezina” dela halako baliabide bat hain gutxi erabiltzea. “Ebakuntzen zain hainbeste jende egoteak dakar heriotzak gehitzea. Bitartean, honen moduko zentro bat hain gutxi erabiltzeak diru publikoa xahutzea esan nahi du”, dio Vicariok. Langile batzordearen ustez, agintzen ari diren horiei erantzukizunak eskatu behar zaizkie: erantzukizun zibilak, penalak… Gai horri heltzeko asmoa dutela ere iragarri dute.
Langileen esanetan, gaur egun kimioterapia eta erradioterapia tratamenduak, eta ebakuntza bakan batzuk egiten dituzte Onkologikoan. Eta aurrerantzean ere hala izango den susmoa dute. “Ospitale-anbulatorio bat bihurtu nahi dute hau, kimioterapia eta erradioterapia tratamenduak emateko, eta medikuntza nuklearrerako bakarrik erabiltzeko”.
Langileen esanetan, hori ez da minbiziaren aurkako borrokarako benetako erreferentziazko zentroa izatea. “Benetan zentro monografiko bat izatea hau da: mediku kontsulta bakarrean egitea kontsulta, diagnostikorako proba, emaitzen irakurketa, eta zer dagoen ikusita, tratamendua edo behar izanez gero, ebakuntza. Lehen, hala egiten genuen, eta hori berreskuratu behar dugu”.
Eta horretarako garaia hau dela uste dute: Osakidetzaren eta Onkologikoaren arteko lotura prozesua. “Filosofia horrek gorputza prozesu horretan hartu behar luke”. Alabaina, kontrakoa ikusten dute. Prozesua hasi aurretik ere zerbitzu batzuk kendu zizkietela azaldu dute. “Baina binkulazioarekin guztiz azkartu da desitxuraketa hau”.
Gaur-gaurkoz, Donostiako Onkologikoaren guztia Osakidetzak ordaintzen duela azaldu dute. “Fundazioak ez du autonomiarik. Osakidetzak agintzen digu zer egin behar dugun”. 2019ra arte, Onkologikoan jardueraren memoria egiten zutela ere kontatu dute. “Handik aurrera, ez, datuak penagarriak direlako. Haien aitzakia da ez gaudela prestatuta ebakuntza handietarako, baina egin ditzagun txikiak; beti egin izan ditugu”.
Guztiz integratu gabe
Jendeak uste du Onkologikoa jada Osakidetzan integratuta dagoela, baina zehaztu dute ez dela horrela. “Falta da laneko integrazioa eta estrukturala; hau da, zer gertatzen da eraikinarekin eta zer langileekin?”. Kutxa fundaziokoak dira gaur egun Onkologikoko langileak, ez Osakidetzakoak.
Era berean, ez dakite osasungintza publikoan nola kokatuko diren ere: ESI propioa osatuko duten, edo Donostialdeko ESIaren barruan sartuko diren. “Sailburuak esandakoen arabera, badirudi ESI propio bat sortzea dela asmoa, baina Donostia Ospitalean erreparo batzuk sortzen ditu horrek, uste baitzuten haien parte izango ginela”. Egokiena zer iruditzen zaien galdetuta, ez dakitela erantzun dute. Gaiak badu garrantzia, adibidez, sektore publikoko langileen lan egoeran eragina izaten duelako ESI aldaketa batek.
Azaldutako horrek guztiak eragindako beste joera bat ere ikusten dute bai langileek, bai pazienteek: aseguru pribatuak izaten ari diren hazkundea. “Esaten dizute ez dakit zenbat hilabetean ez dizutela probarik egingo. Zer egiten duzu? Pribatura jo”, kontatu dute pazienteek.
Pribatizazio horri dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan osasungintza publikoan ardurak izan dituzten batzuek gaur egun osasunari lotutako enpresa pribatuetan dituzten karguak ere aipagarriak iruditzen zaizkie; besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak izandako Jon Darpon eta Jon Azua jarri dituzte adibidetzat, osasungintza pribatuko enpresetan gero izandako karguengatik. “Eta okerrena da enpresa pribatu horiek aurrekontu publikoetako dirua lortzen dutela”.
Gipuzkoako Hitza Onkologikoko arduradunekin hitz egiten saiatu da gaiari buruz, baina ez du lortu.
Leave a Reply