Miren Garate
Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteak antolatuta, aurretiazko borondateen agiria egiten ikasteko tailerra egingo dute asteartean Donostian, Okendo kultur etxean, 19:00etatik aurrera. Arantza Garaialde (Donostia, 1951) elkarteko kidearen esanetan, dokumentua idatzi aurretik egiten den lanketa da garrantzitsuena.
Hogei urte betetzera doa aurretiazko borondateen agiria edo bizi testamentua. Herritarrek ezagutzen dutela esango zenuke?
Ez, oso jende gutxik egiten du oraindik. Urtarrileko datuen arabera, mila biztanleko hamaseik dute egina erkidegoan [EAE]. Nafarroan pixka bat handiagoa da kopurua: mila biztanleko hemezortzi pasatxok dute.
Agiri horren helburua da herritarrek idatziz jasota uztea zer-nolako osasun zaintza jaso nahi duten, beren borondatea azaltzeko gai ez direnean kontuan hartzeko. Zergatik da garrantzitsua dokumentu hori egitea?
Dokumentua bera egitea gutxienekoa da, azkenean; guretzat, horren aurretik egiten den lana da garrantzitsuena: heriotzaren gainean hausnarketa bat egitea, zer nahiko zenukeen eta zer ez ikustea… Berez, burua ondo baduzu, ez duzu dokumentua ezertarako behar, medikuari zeuk esango diozulako zer nahi duzun. Baina ez bazara horretarako gai, idatzita eta erregistratuta uzten baduzu zer nahi duzun, osasun langileak kasu egin behar dio. Horregatik da garrantzitsua egitea; bestela, tokatzen zaizun medikuaren mende egon zaitezke. Era berean, zure ingurukoen artean liskarrik ez sortzeko ere lagungarria da.
Zer jasotzen du dokumentu horrek? Zuek eredu bat ere baduzue prestatua.
Gure ereduak lau puntu ditu, eta, adibidez, esaten du neure buruaz baliatzeko gauza ez naizenean edo neure senide edo hurbilekoak ezagutzeko gai ez naizenean, neure bizitza eutanasiaren bidez lehenbailehen amaitzeko borondatea errespetatzea nahi dudala; esaten du, eutanasia eskaeraren kudeaketak hartzen duen epean, edo eskaera ukatuz gero, uko egiten diodala bizitza iraunarazten lagunduko luketen bizi euskarri, tratamendu, esku hartze nahiz prozedura orori; gaixotasun aurreratu bat badut edo egoera terminalean banago, sedazio aringarri sakona eskatzen dudala esaten du; osasun arloko profesionalen bat kontzientzia objektore deklaratuko balitz, haren ordez beste profesional bat izendatzea nahi dudala…
Osasun langileak behartuta egoten dira agiriak esaten duena errespetatzera?
Printzipioz, bai. Beste kontu bat izaten da ea ados dauden pertsona aipatutako puntu horretara iritsi dela onartzeko orduan. Hori izaten da zailena: agian, pixka bat hobera egin dezake, edo badirudi ez duela hainbeste sufritzen… Gauza batzuk oso subjektiboak dira, eta, medikuak zenbat eta hobeto ezagutu zure bizibidea, orduan eta errazago izango da zure borondatea betetzea.
Lehen esan duzu hurbilekoen arteko liskarrak eragozteko ere baliagarria dela agiria. Ohikoak izaten dira halakoak?
Gertatzen dena da denok ez dugula heriotzaren inguruko ikuspegi bera, eta batzuei oso gogorra egiten zaie joaten uztea; baina, gure ustez, pertsona horren borondatea bazen egoera jakin batzuetan ez bizitzea, ez dago eskubiderik haren bizitza alferrik luzatzeko. Horregatik, agiri hau egina baduzu, argi egoten da guztia, ondo zeundenean egin zenuelako.
Bestelako nahi batzuk ere sar daitezke agirian?
Gure ereduan aipatzen diren lau puntu horiek osasunari lotutakoak dira. Behin erregistratutakoan, zure osasun karpetan agertzen da agiria, eta medikuek ikus dezakete. Baina nahi duzuna jar dezakezu: nolako hileta nahi duzun, erraustea nahi duzun… Horiek ingurukoek kontuan hartzeko izaten dira.
Nola egin daiteke aurretiazko borondateen agiria?
Hiru modu daude. Ikuskariaren bidezkoa da bat. Gipuzkoan, adibidez, Donostiako Groseko osasun zentroan eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko ordezkaritzan —Antso Jakituna kalean— eska daiteke ordua. Ez da behar lekukorik erregistratzeko. Bigarren aukera da notario batekin egitea; horretan ere ez da behar lekukorik, baina ordaindu egin behar da. Hirugarren aukera da norbere kabuz egitea, Internetetik eredu bat deskargatuta, gure tailerretara etorrita… Halakoetan, hiru lekuko behar izaten dira. Postaz bidaltzen da Gasteizera, han baitago erregistroa, eta hilabete ingurura erantzuten dute, jaso dutela esanez; edo Groseko osasun zentroan edo Antso Jakituneko bulegoan erregistratzen da prestatu dugun dokumentua.
Edonor izan daiteke lekuko?
Baldintza batzuk bete behar dira: ezin dute interesatuarekin bigarren mailarainoko ahaide loturarik izan, ez eta ondare harremanik ere. Bestela, lekukoen egiteko bakarra da esatea ikusi duzula pertsona hori agiria sinatzen, eta gai zela horretarako. Tailerrak egiten ditugunean, bi egunetan banatu ohi ditugu, eta bigarrenean, NAren hiruzpalau fotokopia eramateko eskatzen diegu partaideei, agiria betetzen duten bitartean batzuk besteen lekuko izateko. Nahiz eta ez izan derrigorrezkoa, guk ordezkari bat izendatzeko ere gomendatzen dugu: norbaitek gure bizi testamentua defendatu behar badu, egon dadila pertsona bat horretarako izendatua, berak ere onartuta.
Zer soslai izan ohi dute zuen tailerretan parte hartzen dutenek?
Gaiaren inguruko kezka dutenak izaten dira, eta, oro har, inguruko norbaiten esperientziaren bat izaten dute. Askok diote inguruko horrek gehiegi sufritu zuela eta beraientzat ez dutela nahi halakorik. Zaintza lanetan emakumeak gehiago ari dira, eta aurretiazko borondateen agiriak ere gehienbat emakumeenak izaten dira.
Leave a Reply