Mikel del Val
Martxan da jada Atzegi adimen urritasunen bat dutenen aldeko Gipuzkoako elkarteak sustatzen eta antolatzen duen Nire erara bizitzeko erronka kanpaina. Adimen desgaitasunen bat dutenek modu independentean bizitzeko aukera, gaitasuna eta eskubidea dutela aldarrikatzen du kanpaina horrek. Adimen desgaitasunen bat dutenen kolektiboaren eskubideak aldarrikatzeko, elkarteak gizarteko arlo edo esparru batean jartzen du arreta urtero. Adibide gisa, aurreko urte batzuetan lana eta hezkuntza izan dituzte kanpainaren ardatz.
Iragan astean aurkeztu zuten kanpaina nagusia, Donostian, baina herriz herri ere aritu dira aurkezpenak egiten, Ainhoa Fiz kanpainaren arduradun nagusi eta Atzegiko teknikariak jakinarazi duenez. Atzo egin zuten azken aurkezpena, Irungo Zabaltza plazan, baina Beasainen, Pasaian, Azpeitian, Eibarren, Hernanin, Legazpin, Zarautzen, Arrasaten eta Tolosan ere izan dira Atzegiko kideak azken bi asteotan.
Gizarteari helarazteko adimen desgaitasunen bat dutenek modu independentean bizitzeko aukera dutela, lau esperientzia islatzen dituzten lau kartel eta lau bideo sortu dituzte, Fizek azaldu duenaren arabera. Haren hitzetan, helburua da, lau testigantzak erabiliz, adimen desgaitasunen bat dutenen artean “pertsona adina bizimodu” daudela erakustea.
Oraingoz, 57 pertsona ditu Atzegik Bizitza Independentea programaren barruan. Fizek nabarmendu du elkarteko kideek “laguntza” ematen dietela pertsona horiei, “bizitza autonomo hori kalitatezkoa izan dadin”. Maider Arregi donostiarra da erabiltzaileetako bat, eta hura da grabatu dituzten lau bideoetako baten protagonista ere. Berrogei segundoz, Arregik bere egunerokoan nola moldatzen den erakusten du bideoan. Onartu du aukera hori eskaini ziotenean “harritu” egin zela, baina “polita” iruditu zaiola aurtengo kanpainan protagonista gisa parte hartu ahal izatea.
Amarako etxebizitza batean bizi da Arregi, Nahia pisukidearekin batera. “Denetik” egiten duela kontatu du; esaterako, “kozinatu, garbitu eta erosketak egin”. Baina duen ezintasunagatik ezin dituenez gauza guztiak egin, hezitzaile batek laguntzen dio, egunerokoa errazteko: “Ezin ditudanez etxeko lan guztiak egin, Martin etortzen zait etxera laguntzera. Medikuarengana joaten laguntzen dit; pisukidearekin liskarren bat izaten badut, harreman hori hobetzen saiatzen da; eta diru kontuak ere eramaten dizkit. Oso ondo portatzen da nirekin”.
Errealitatea ikusgai jartzen
Fizek nabarmendu du Atzegiko programa eta kanpaina guztiek “sentsibilizazioa” izaten dutela helburu. Adimen desgaitasunen bat dutenen errealitatea “gero eta gehiago ikusten” dela azaldu du Atzegiko teknikariak, baina oraindik ere bidea egin beharra dagoela iruditzen zaio: “Gero eta eskubide gehiago aldarrikatuz eta lortuz joan dira, baina, halere, haien errealitateak oraindik ez du ikusgaitasun aski gure gizartean”. Fizek adierazi duenez, urteroko kanpainak lagungarriak izaten dira pertsona horien errealitatea ikusgai egiteko. “Eta eskubide horiek guztiak ere aldarrikatzen ditugu, gizartearen parte direnez beste edonork bezala bizitzeko aukera eta eskubidea izan behar baitute”.
Kanpainaren harira, eta familiek hala eskatuta, tailer batzuk jarri zituzten martxan, Atzegiko kideek bizitza independente hori aurrera eraman ahal izateko abileziak landu zitzaten. Ikastaro horietan “hainbat abilezia” irakasten dizkietela aipatu du Fizek, “etorkizunean pertsona horiek modu independentean bizi nahi badute, oinarrizko abilezia batzuk garatuz joan daitezen”.
Atzegira jotzen dutenen artean “askotariko pertsonak” daudela azpimarratu dute elkarteko kideek. Hori dela eta, erabiltzaileak “oso modu ezberdinean” laguntzen dituzte, eta “plan bat” egiten dute bakoitzarekin.
Bakoitzak erreferente bat
Bizitza Independentea programaren barruan, erabiltzaile bakoitzak erreferente bat izaten du beti, eta hori izaten da eguneroko laguntzarako pertsona. Kasu bakoitzaren jarraipena egiten du hezitzaile horrek, eta bakoitzari behar duen laguntza eman edo bilatzen laguntzen dio. Fizek zehaztu duenez, pertsona horientzat “oso garrantzitsua” da laguntza sare bat izatea.
Leave a Reply