Donostiako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua, maldan behera

Eneko Goia Donostiako alkateak iragarri du Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuari 50 milioi euro emango zaizkiola datozen lau urteotan. Gainera, ziurtatu du iaz 2.486 pertsona artatu zituela zerbitzuak Donostian, 424.383 ordurekin, eta langileen soldatak %15 handituko direla lau urteotan. Pagotxa dirudi.
Datu horiek ponpaz erabili ditu alkateak, udalak gastu soziala deitzen duen horretan diru asko jarriko duela esateko. Baina datu horiek sakon aztertuz gero, bestelako argazkia erakusten dute.

Hasteko, Donostiako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua pribatizatutako zerbitzu publikoa da (zerbitzuko laguntzaileak zaurgarritasun egoeran daudenak artatzera joaten dira etxeetara). Horrek esan nahi du enpresa pribatu batek kudeatzen duela diru publikoa eta baita bere etekinak ere. Zerbitzuaren zati bat udalak ordaintzen du, eta bestea erabiltzaileak, bere baliabideen arabera.

Bestetik, datuek ere erakusten dute, antza denez, Donostian jendeak gero eta gutxiago behar duela zerbitzua, denborari dagokionez: iaztik aurtengo irailera arte ia 28.000 ordu gutxiago baliatu dira, nahiz eta iaz 279 pertsona gehiago artatu zituzten. Nola da posible? Jendeak denbora gutxiagoz kontratatzen duelako zerbitzua, beharra handiagoa izanagatik ere. Prezio garestiaren ondorio ote? Udalak dio ezin duela erabiltzaileen prezioa merkatu.

Horren aurrean, beraz, hona galderak: zerbitzua behar duten guztiengana iristen ote da? Benetan behar duten neurrian? Eta, beharrak handiak badira, hausnarketarik egin ote du udalak zergatik erabiltzaileek zerbitzuaren denbora mugatu eta gutxitu duten?

ELA sindikatuarentzat kezkagarriak dira datuak, zerbitzuaren zein lan baldintzen okertzea erakusten dutelako. Izan ere, kontratu partzialen kopurua beldurgarria da, eta enpresak zein udalak ez diete ordu kopuruari eusten; jardunaldiaren herenarekin dauden langile askok oso etorkizun beltza izango dute. Gogora dezagun orain bi urte ELAk salaketa jarri zuela Lan Ikuskaritzan kontratu partzialtasuna salatzeko. Enpresak prozesua lotsarik gabe luzatu zuen, eta udalak beste alde batera begiratu zuen.

Soldatei dagokienez, Goiari ahaztu zaio zehaztea iragarritako %15eko soldata hobekuntza ez dagoela KPIari lotuta. Horrek langileen erosahalmena galtzea dakar, eta, beraz, txirotzea. Ondorioz, horrek ez ditu hobetuko langileen lan baldintzak; prekaritatearen eta txirotasunaren aurrean mutu eta geldirik geratzea da hori.

Azkenik, iaz udaleko ordezkariekin bildu zen ELA, Matia fundazioak egindako bakardadearen inguruko azterketaz aritzeko. Izan ere, azterketak erakusten du edadekoek, eta, batez ere, emakumeek, bakardade handia jasaten dutela, eta, horri aurre egiteko, etxez etxeko profesionalen akonpainamendua egitea proposatu zuen sindikatuak. Gainera, langileen batez besteko adina 56 urtekoa dela kontuan izanik, lan gogorrenak egiteko gai ez direnekin eskaini daiteke zerbitzu hori, erretiroa hartu aurretik bajak kateatu beharrik gabe. Udalak erantzun zuen horretarako ez zegoela dirurik. Zaintzarako ez dago dirurik.

Gizartean hainbat egoera larri ikusten ditu egunero ELAk. Zaintza esparruak, ordea, pribatizatuta jarraitzen du. Horregatik, zaintza duinak erdigunera ekarri behar dira, eta ELAk Donostiako Udalari eskatzen dio benetako neurriak har ditzala. Inoiz baino beharrezkoagoa dugu zaintza publiko, unibertsal eta doakoa. Behar dugulako eta hala dagokigulako.