Miren Garate
Bi urteko ikerketa proiektua izan da Duina, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko 11 baratze ekologiko aztertu dituzte Biolurrek eta EHUk, hainbat erakunderen laguntzarekin. Laboreen ekoizpen kostuak, soldatak, lanorduak, prezioak eta abar hartu dituzte kontuan, eta Leire Ibarretxe (Galdakao, Bizkaia, 1975) Biolurreko teknikariaren esanetan, orain garrantzi berezia emango diote emaitza horiek jendarteratzeari. Eskualdez eskualde ari dira aurkezten, eta Lazkaon (azaroak 3), Zizurkilen (azaroak 8) eta Oiartzunen (azaroak 10) izango dira Gipuzkoako hurrengo hitzorduak.
Gipuzkoa eta Bizkaiko 11 baratze ekologiko aztertu dituzue Duina proiektuan. Zer ondorio nagusi atera dituzue?
Lau puntu nagusi atera ditugu: Nekazaritzako Lan Unitateko lan hitzarmenak berrikusketa bat behar duela; ordezkapen sistema egoki bat behar dugula, baratzezainek ere oporrak hartu ahal izateko; balioa eman behar zaiela baratzezaintza ekologikoaren kanpo eragin positiboei; eta labore nagusi batzuetan ekoizpen kostuaren azpitik dagoela salmenta prezioa.
Zergatik behar du berrikusketa bat Nekazaritzako Lan Unitateko edukiak?
Eusko Jaurlaritzaren 2016. urteko dekretu batek zehazten du Nekazaritzako Lan Unitateen urteko lanaldia 1.800 ordu dela. Gure azterketan ikusi dugu batez beste hori baino %10 ordu gehiago sartzen direla aztertutako baratzeetan, baina %53ra ere heldu da gainkarga proiektu batzuetan. Ez dira errealistak markatutako ordu horiek. Gainera, kalkulua egiterakoan, lan batzuk ez dira kontuan hartu: adibidez, jasotzen, txukuntzen eta abar igarotakoak.
Beti esaten da lan lotua dela baserrikoa; batik bat, animaliak-eta daudenean tartean. Baratzeetan ere hala da?
Egunero duzu zerbait egiteko; oporraldi bat egin ahal izateko, derrigor norbaitek ordezkatu behar zaitu. Eta baratzezainek ere behar dute denbora librea, bizitza pertsonalaren garapenerako. Oso interesgarria izango litzateke ordezkapen sistema ganorazko bat izatea. Horri buelta batzuk eman behar dizkiogu, nola antolatu daitekeen pentsatzeko; izan ere, zer egin badakiten ordezkoak beharko lirateke, ez lanean erakutsi behar diozun norbait.
Zein izan daitezke ordezkapen sistema hori sortzeko aukerak?
Eskubide sozialen gutunak esaten du urtean 16.800 euro garbikoa dela soldata duina, eta ikusi dugu laborarien soldata erreala 14.990 euro dela; horrek esan nahi du justu dabiltzala, eta nahi badute norbait kontratatu beren oporrak egiteko, ezin dutela. Begiratzen ari gara zer beste aukera egon daitezkeen: ea instituzioek ere lagun dezaketen zerbitzu hori jartzen, baratzezainak elkarrekin antolatu daitezkeen oporrak egiteko…
Instituzioek nolako laguntza ematen diete baratze ekologikoetan aritzen direnei?
Ekologikoan aritzen diren baratzezainen guztizko diru sarreren %5,42 dira laguntza zuzenak, hau da, ez dago batere sostengatua jarduera hau. Diru sarrera ia guztiak beren salmentetatik lortzen dituzte. Badago baserritarrak laguntzetatik bizi diren ideia, baina baretzeen kasuan ez da hala. Eta ez dugu diru laguntza zuzenik eskatzen, baina baratze ekologikoek dituzten kanpo eragin positiboak baloratzea nahiko genuke: ez dute erabiltzen produktu kimikoetatik eratorritako substantziarik, ezta fitosanitario kimikorik ere; tokiko baliabideak erabiltzen dituzte, biodibertsitatea zaintzen dute, gertu ekoizten dituzte elikagaiak… Horrez gain, aztertutako baserri guztietan salmenta bide zuzenak erabiltzen dituzte, gertuko sarea indartzen dutenak, gizartearengandik oso gertu daudenak. Hori ere positibotzat ikusten dugu, baina ez zaio baliorik ematen, ez instituzioen aldetik, eta herritarren aldetik ere gero eta gehiago, baina oraindik ere gutxi.
Esan duzu ikerketaren ondorioetako bat izan dela ekoizpen kostuen azpitik saltzen direla zenbait produktu. Nola eusten zaio horri?
Orduko lan kostuak kalkulatu ditugu, eta zenbat ordu sartu dituzten hamabi labore nagusiak ekoizteko. Salmenta zuzeneko prezio txikienekin eta handienekin osatu dugu tarte bat, eta ekoizpen kostuak salmenta prezioen gainetik zeuden. Diferentzia horri aipatutako lan estra horrekin egiten zaio aurre.
Zer bide izan dezake ikerketa honek?
Guretzat oso garrantzitsua da ikerketa hau jendarteratzea, besteak beste kontsumitzaileei begira. Prestigioa eman behar zaio baratzezaintza ekologikoari, eta duina izan behar du baratzeko lanak. Aldez aurretik prekarioa dela edo estigmatizatuta dagoela jakinda, gazteek ez dute nahi sektorean sartu, eta esan nahi dugu oso lanbide duina dela eta duina izateko tresnak jartzen ari garela mahai gainean. Horri lotuta, aipagarria da ikerketan parte hartu duten 11 baserri horiek esan dutela asko maite dutela beren ofizioa eta jarraitzeko asmoa dutela; oso positiboki baloratzen dute beren jarduna, pozik daude, eta saretuta ere sentitzen dira, bai Biolurren barruan, bai beraien artean.
Ekoizle kopuruari dagokionez, zer bilakaera ikusten duzue?
Biolurren, Gipuzkoako hirurogei baratzezain daude, eta 33 hektarea dituzte aire zabalean eta bost berotegian. Oso poliki doa gora ekoizle kopurua; esan bezala, kostatu egiten delako prekarioa dela aurrez jakinda norbait horretan hastea. Zailtasunen artean, azpimarratzekoa da produkzio elementuen eskuragarritasuna ere. Nola hasi? Etxetik ez badatorkizu, oso zaila da, eta saiatzen ari gara ea udalek, aldundiak eta abarrek nekazaritzarako lur onak babesten dituzten eta eskuragarri jartzen dituzten benetako erreleboa emateko.
Leave a Reply