Unai Zubeldia
Paradisuan sartzeko aukera dago Orion. Musu truk. Gonbidapena ez da nolanahikoa: ordubete edonork egon nahiko lukeen tokian. Edo paradisua ez da hain paradisu izango, agian? Sorginlore gizarte elkartearen, Ikertze kultur elkartearen eta Experientziak taldearen ekimenez, azaroaren 30era arte Paradisu ihes gela pedagogikoa herritarren eskura egongo da Orioko Iturriaga jauregian —irailaren 23an zabaldu zituen ateak—. 2023ko urtarrilaren 27tik martxoaren 31ra, berriz, Beasaingo Usurbe antzokian egongo da ihes gela hori. Ana Orozko da arte zuzendaria, eta Orioko eta Beasaingo udalen eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren babesa jaso du proiektuak. Euskaraz edo gaztelaniaz egin daiteke zirkuitua.
“Paradisua leku bat dela uste duzu? Eta, hala bada, bakarrik joango zinateke? Bertan geratuko zinateke ala ihes egingo zenuke handik? Zein kolore du paradisuak? Badu kolorerik? Usainik? Soinurik? Bero egiten al du bertan?”. Galderak, galderak eta galderak. “Baina erantzunak ihes gelan bertan aurkitu beharko dituzte joatera animatzen direnek”, zehaztu du Maider Sagredo Sorginlore gizarte elkarteko kideak. “Ia-ia ezinezkoa da bertaratzen direnek zerekin topo egingo duten asmatzea, eta, horregatik, burua aske, fresko eramatea komeni da. Bakoitzarentzat oso esanahi desberdina dauka paradisua hitzak; egunerokoan dago paradisua batzuentzat, erlijioarekin lotzen dute beste batzuek…”. Sorginlore gizarte elkarteko kideak ziurtatu du paradisuarekin topo egingo dutela guztiek bai Orion eta bai Beasainen. “Baina paradisua nolakoa izango den… Hori jada ez dakit”.
COVID-19aren eragina
Sagredok azaldu du “Begirada kontzienteak” egitasmoaren barruan sartuta dagoela Paradisu ihes gela, “gogoeta baten ondorioa” dela. Beste hainbat gairen artean, kontsumo arduratsuaren inguruan gazteekin lanketa bat egin zuten eskoletan, baina duela bi urte COVID-19ak eragindako pandemiak “ezerezean” utzi zuen gazteekin egindako gogoetaren harira prestatzekoak ziren erakusketa. “Horregatik, proiektuari buelta bat eman, eta, erakusketaren ordez, ihes gela sortu genuen, gazteen bizipenak eta egoerak aintzat hartuta eta beste hainbat eragilerekin kontrastatuta”. Ihes gelaren sustatzaileak “berehala” jabetu ziren “proiektu arrakastatsua” izango zela esku artean zeukatena.
Harimakilatik Ihesi ihes gela eta Motxila Laranja ihes kalea daude Paradisu ihes gelaren oinarrian. 2020an landu zuten lehenengoa, Ordizian, eta iaz bigarrena, Aian, Itsasondon, Lazkaon, Seguran, Zarautzen eta Zumaian. Eskaintza “irekiak” dira guztiak, Sagredoren esanetan. “Berez, gazteentzako pentsatuta dago proposamena”, zehaztu du Sorginlore gizarte elkarteko kideak. “Hori bai, 13 urtetik beherakoek guraso edo helduren baten laguntza aktiboa beharko dute, bestela ia ezinezkoa izango delako ordubeteko tartean ihes gelatik ateratzea. Baina lagun kuadrillak, familiak, gazteak, helduak… Nahi duten guztiak etor daitezke”.
Tokiak, herriak ere ez dituzte ausaz aukeratu. “Hiri edo herri handiagoak alboratuta, oso kontzienteki etorri gara Oriora eta Beasainera. Herri txikietan, normalean, ez da izaten horrelako aukerarik”. Jendea “oso ondo” erantzuten ari da Orion, eta ez dute egin behar izan lanketa berezirik eskoletan. “Pentsatuta geneukan zenbait eskolatara joatea, baina ahoz ahokoak funtzionatu du oraingoan. Gu apiriletik ari gara lanean, guztia prestatzen, herritik bertatik hartzen dugu material guztia, eta beti mugimendua sortzen du horrek”.
Ordubete. Paradisuko atea zabaldu ondoren, denbora tarte hori izango dute joaten direnek. “Tarte horretan irteerako atea aurkitzen ez dutenek beste toki batetik atera beharko dute, ezingo dute jarraitu barrukoa ikusten. Eta, ez pentsa, atera ezinik gelditzen direnek berehala esaten digute Beasainera joango direla, amaitzea lortu beharra daukatela. Gogotsu dabil jendea; oso pozik ari dira ateratzen ateratzea lortzen duten guztiak”.
Elkar “lehenagotik” ezagutzen zuten arren, Sorginlore gizarte elkarteko kideak eta Ikertze kultur elkartekoak duela bi urte hasi ziren elkarlanean. “Orduan erabaki genuen kultur eta gizarte gaiak batzeko aukera geneukala”. Gaur egun, lau urte dauzka Sorginlorek. “Hainbat alorretan aholkularitza, dinamizazioa eta formakuntza eskaintzen dugu, eta hezkuntza proiektu eraldatzaileak ere lantzen ditugu”.
Nazioarteko elkarlana
Adibide modura, aurten, abenduan, Costa Ricako elkarte batekin ere landuko dute Motxila Laranja proiektua, San Jose hiriburuko zenbait gazterekin. “Sorginlore elkartean partaidetza eta eraikuntza kolektiboa dauzkagu oinarrian”. Ikertze, berriz, kultur elkarte bat da. “Oso antzekoak diren gaiak lantzen ditugu bi elkarteek: hezkidetza, partaidetza eta kulturartekotasuna, esaterako. Eurek artea eta kultura izaten dute oinarri, hori bai”.
Orion eta Beasainen izan ondoren, ateak itxiko ditu Paradisu ihes gelak. “Bi espazio horiek kontuan hartu ditugu ihes gela hau prestatzeko, eta hor amaituko da ibilbidea”. Baina horrek ez du esan nahi proiektu gehiago sortuko ez dituztenik. “Hezkuntza tresna honekin jarraitu nahi dugu. Ikaste prozesuan guretzat oso garrantzitsua da plazera; ikasiz eta desikasiz gozatzea. Tresna honek bat egiten du horrekin”.
Azken batean, Sagredoren hitzetan, “ondo pasatzea” da proiektuaren helburuetako bat. “Baina mezua ez bada iristen, akabo! Hezkuntza arloan lan egiten dugu guk, eta tresna hezitzailea izan nahiko luke ihes gela honek”. Buruko “klik” batzuk lortu nahi dituzte ihes gela pedagogikoarekin. “Klik desberdinak, bakoitzak bereak”.
Leave a Reply