U. Zubeldia
Duela lauzpabost urte, “ondo pasatzeko helburuarekin” gerturatu zen Anabel Toral (Lazkao, 1992) musikaren mundura. Amagoia eta Maialen Aiestaran ahizpak ondoan zituela, Gilda taldea sortu zuten berehala, eta lehen diskoa ere kaleratu dute jada: Egin albora. Bihar, Donostiako Kutixik jaialdian aurkeztuko dute disko berria.
Nola sortu zenuten Gilda proiektua?
Amagoia [Aiestaran, baxua eta ahotsa] eta biok duela lauzpabost urte hasi ginen baxua eta gitarra ikasten, eta bide horretan abesti batzuk sortu genituen. Orduan ondo pasatzea zen gure helburua, baina ohartu ginen abesti dezente geneuzkala, eta talderen bat sortzeko gogoa sentitu genuen. Hirukote bat geneukan buruan; hasieran, Andoni Imazekin hasi ginen abestiak-eta finkatzen, baina COVID-19arekin ezin izan genuen jarraitu. Irtenbiderik aurkitu ezinik geneuzkan abesti batzuk, eta Maialen Aiestarani, Amagoiaren ahizpari, aipatu genion bateria jotzen hasteko [bateria eta ahotsa]. Kanpoan bizi zen, baina itzuli zenean gurekin hasi zen taldean, eta horrela sortu zen mugimendua.
Erdi jolasean hasi… eta disko bat grabatu: Egin albora. Pauso handia dago batetik bestera.
Asko daukagu ikasteko, baina aurrera egitekoak gara gu: ausartak gara. Geure burua hasieran ez genuen gai ikusten kontzertuak emateko, baina bai abestiei forma emateko eta grabatzeko. Beñat Antxustegi ezagutzen nuen nik, Balio Dut kolektiboko eta Bi Zaldi taldeko kidea; haren bidez lortu genuen diskoa grabatzea. Zortzi abestiko bilduma da. Diskoa grabatzeko hainbeste entseatu genuen, orduan jada ikusi genuen kontzertuak emateko gai ginela.
Noiz eman zenuten lehenengo kontzertua?
Galdakaoko [Bizkaia] azoka batean, aurtengo maiatzean. Hasieran ez genekien kontzertuak nola lotzen ziren ere, baina Balio Dut kolektiboaren bidez dezente lotu ditugu. Hiru emakume gara taldean, eta zenbait lekutan bereziki zaintzen da gizonen eta emakumeen taldeen parte hartzea; horrek ere lagundu digu kontzertu batzuk lotzen. Egia esan, ez zaigu falta izan aukerarik; uste baino toki gehiagotan ematen ari gara kontzertuak; oso pozik gaude.
Zuentzat zer da Kutixik bezalako jaialdi batean parte hartzea?
Oso berezia da. Orain arte ez dugu eduki aukerarik horrelako ekitaldi batean parte hartzeko, eta aukera ona da gure kolektiboko jendea ezagutzeko eta bateratzeko.
Etorkizunera begira, zein helburu dauzkazue taldean?
Abesti berri batzuk badauzkagu jada, eta horiei forma ematen jarraitu nahi dugu. Lanez lepo gabiltza, baina ea denbora pixka bat har dezakegun gure proiektuari beste bultzada bat emateko.
Leave a Reply