M. Garate
Real Automovil Club Vasco Navarro elkarteak gogorarazi du errepide konbentzionalak soilik zeuden garaian AP-8a egitea “izugarrizko aldaketa” izan zela. “Europara gerturatu gintuen”. Mario Garcia elkarteko bozeramaileak azaldu du errepidea asko erabiltzen dela oraindik ere, eta, bidesaria ez dutenez kendu, “diru iturri sendo bat” daukala azpiegiturak. Elkartearen iritziz, ordea, diru sarrera horien isla ez da hainbestekoa errepidearen mantentze mailan, eta puntu batzuk “zaharkituta” geratu dira.
Datorren urtean ehun urte beteko ditu Real Automovil Club Vasco Navarro elkarteak, eta auto gidarien interesak sustatu, babestu eta defendatzea da haren helburua. “Oraindik ere errepide garrantzitsua da AP-8a, eta, puntu batzuetan beti obretan ari diren arren, gabezia batzuk ikusten ditugu”. RACVN elkarteko kidearen esanetan, bihurguneak, maldak, aldatsak eta abar leuntzea, seinaleak eta bideko markak hobetzea, trafiko handieneko guneetan hiru errei egitea eta abar izan daitezke errepidea hobetzeko neurrietako batzuk.
Garciak gogorarazi du AP-8 errepidearen gaineko eskumena aldundien eskuetan geratu zenean, 2003an, aipatzen zela errepideak kostu txikiagoa izango zuela herritarrentzat, baina uste du ez dela aldaketarik igarri. “Orduan, bidesariak benetan mantentze zerbitzu hori ordaintzeko izan behar luke, edo, bestela, prezioa jaitsi beharko litzateke mantentze maila horrekin bat datorren prezio batera”.
Errepide “zaila”
Garciarentzat AP-8a ezin da beste errepide batzuekin konparatu. Alde batetik, antzinatasunagatik, azken 50 urteetan teknologia asko hobetu delako; eta, bestetik, Gipuzkoako eta Bizkaiko orografiagatik. “Autobide konplikatua da AP-8a, bai egin zutenean eta bai orain”. Eibartik Gasteizera doan AP-1 zatia, adibidez, “askoz hobea” dela dio, zabalagoa, azpiegitura gehiagorekin, bihurgune gutxiagorekin… “Askoz berriagoa da. Orduan, guk uste duguna da AP-8ak egindako ekarpena positiboa dela, baina hobetzen jarraitu beharra dagoela”.
Elkartearen iritziz, trafiko arina bermatzea eta segurtasuna eskatu behar zaizkie errepideei. Alde horretatik, hausnarketa bat ere egin du elkarteak: ea trenbide sare eraginkor batek balioko ote lukeen AP-8a arintzeko, eta, ondorioz, segurtasuna hobetzeko. Ildo horretatik, AHTak ekarpenik egingo ote duen galdetu du. Segurtasunari dagokionez, elkarteak urtero egiten dituen azterketako emaitzei begiratuta, ez du zalantzarik: azkarrago joan arren, gainerako errepideak baino seguruagoak dira autobideak.
Leave a Reply