Natalia Salazar Orbe
AP-8 Peajerik Ez plataformak sei urte bete ditu AP-8ko bidesariak kentzeko eskatzen. Juan Carlos Poderoso plataformako kideak (Durango, Bizkaia, 1955) esan du AP-8koaren gisako azpiegiturak “sobera” ordainduta daudela zergen bidez.
Urteak dira AP-8ak doakoa izan behar duela aldarrikatzen duzuela. Zertan da aldarrikapen hori? Egon al da aurrerapausorik?
Aurrerapauso bakarra gure ibilbidea hasi eta gutxira gertatu zen. Manifestazio handi bat egin genuen, eta [Bizkaiko] aldundiak pausoren bat ematera behartuta ikusi zuen bere burua. Gipuzkoan bazegoen, baina Bizkaian oraindik ez, eta tarifa finkoa jarri zuen. Horrek ez zuen ekarri bidesaria kentzea, ordea. Neurri hark ekarri zuen ordainpeko autobidea erabiltzen zutenen gastua arintzea.
Zuek ez duzue uste bidesariak beharrezkoak direnik azpiegitura mantentzeko?
Ez. Ez dugu esaten AP-8 autobideak doan izan behar duenik. Autobideak, errepideak eta auzo bideak zergen bidez ordaintzen ditugu. Horrez gain, errepideak erabiltzen dituztenek zerga berezi bat ordaintzen dute: erregaien zerga. Erregaia hartzen duten bakoitzean, ordaintzen dutenaren %50 zerga horretara bideratuta dago. Uste dugu azpiegitura guztiak sobera ordainduta daudela. Diru gehiago biltzen dute erregai zergaren bidez, errepide eta auzobide guztietan gastatzen dutena baino. Gezurra da ordainpeko autobideak eta bestelakoak defizitarioak direla. Erregaiaren zergarekin nahikoa dute, mantenu lanetarako ez ezik, baita azpiegiturak hobetzeko ere.
Nola ulertu orduan bidesariak ezartzea?
Aldundiek negozioa egin nahi dute. Kontzesioa bukatu zenean, ikusi zuten emakidadunak negozio ona eta segurua egin zuela. Duela hogei urte emakidadunari esan zioten kabinak zeuden bezala utz zitzala, aurrerantzean ustiapena eurek egiteko. Bizkaian engainatu egin gintuzten. Garai hartako diputatu nagusi Jose Luis Bilbaok esan zigun behin-behinean bakarrik kobratuko zutela bidesaria, hirugarren erreia egiteko, eta gero doakoa izango zela. Ez zen izan horrela: hiru errei dituen bide zati hori ez zitzaion batere kostatu; bizkaitar guztien diru publikoarekin eraiki zuten, eta ez zen bidesaririk ezarri, gainera: Usansolotik [Galdakao] aurrera ez dute kobratzen bidesaririk.
Ba al dakizue Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek AP-8a mantentzeko zenbateko gastua egiten duten eta zenbat diru biltzen duten bidesariekin?
Egiten den gastua oso txikia da: milioi bat euro pasatxokoa. Hala ere, aldundiek AP-8aren gastuen barruan sartzen dituzte AP-8tik ateratzen diren adarretan egiten dituzten lanak. Esaterako, [Bizkaiko] aldundiak erreka azpiko tunela egingo du [Artatzako biribilgunetik Ballontikora]. Obra horrek 400 milioi euro balioko du. Horren finantzaketa AP-8ari endosatuko diote. Argudiatzen dute esanez bidesaria ezartzen dutela Arrondegiko zubiko trafikoa arinduko duen AP-8aren adar bat egiteko. Esaten dute bidesaria kobratzen dutela A-8 guztia mantentzeko. Kontzesioa bukatu zenean eta AP-8aren ardura hartu zutenean, foru arauak ezarri zuen A-8 osoan bidesaria ezar zitekeela, Ermuko mugatik Kantabriako mugaraino [Bizkaian]. Lehenago, bidesaria Ermutik Basaurirako tartean zegoen; gaur egun, Erletxeraino [Galdakao, Bizkaia] dago bidesaria.
Gipuzkoan zer-nolakoa izan da prozesu hori?
Handik pasatzen den AP-8aren zati guztian bidesaria ordaindu behar da. Han arazoa zen oso garestia zela. Gipuzkoarrei zenbatekoa malgutu zieten, eta tarifa finkoa ezarri zuten, Bildu aldundira iritsi zenean. Bizkaian gero jarri zuten. Hori izan da gure plataformaren arrakasta bakarra. Mobilizazioak abiatu genituenean, Bizkaiko aldundiak tarifa finkoa ezarri zuen, tarifak Gipuzkoan sei urteko ibilbidea egin ostean.
Tarifa finkoei zer deritzezue?
Bizkaiko azpiegituretarako aurrekontua 93 milioi eurokoa da aurten. Erregaien zergarekin soilik, aurten jada ia 200 milioi euro bildu dituzte. Gidariei kobratzen jarraitzea negozio ona da, eta ez dute utzi nahi.
Zer aukera dituzte Gipuzkoako eta Bizkaiko gidariek AP-8a ez badute erabiltzen?
AP-8aren alternatiba N-634 errepidea da. AP-8a N-634arekiko paraleloan eraiki zuten. Azken hori hirugarren munduko errepide bat da. Aldundiek inoiz ez dute hobetu. AP-8aren emakidaduna zegoenean, enpresak ez zuen nahi N-634 errepidea hobetzerik, negozioari kalte egingo ziolakoan. Gipuzkoan ezin duzu hartu N-634 errepidea; Irundik Eibarrera joateko zorakeria da, jasanezina. Hiru aldiz denbora gehiago behar duzu AP-8an egingo zenukeen tarte bera egiteko. Eta Bizkaian, beste horrenbeste. Errepide hori gainezka dago. Egunean 26.000 auto pasatzen dira Bizkaiko tartean. Kamioiak, bidesaririk ez ordaintzeko, beste N-634tik joaten dira. EAEko errepiderik arriskutsuena da.
Kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkartearen inkesta baten arabera, erabiltzaileek 5,7 puntu eman dizkiote Bizkaia eta Gipuzkoa arteko AP-8ari. Errepide horrek ba al du ordainpeko autobide baten baldintzarik?
Ez. Trazadurak ez ditu betetzen ordainpeko autobidetzat jotzen direnek bete beharreko baldintzak. Obrak daude etengabe, eta oso garestia da, Estatuko garestiena. Tarte askotan orduko 100 kilometroko abiaduran joan behar duzu, eta bihurgune batzuk oso itxiak dira, ordainpeko autobideei ez dagozkienak. Ez litzateke bidesaririk ordaindu beharko, eta, emakidadun batek kudeatuko balu, ez genuke ordainduko hainbeste.
2003az geroztik AP-8 autobideak doakoa izan beharko luke?
Bai. Kontzesio administratiboa emakidadun bati eman zioten, errepidea 30 urtez eraiki eta ustia zezan. Kontzesioa bukatzean, emakidadunak giltzak entregatu zizkien aldundiei, ezer kobratu gabe. Beraz, 30 urteren ostean, aldundiek eginda zegoen errepide bat hartu zuten, gasturik sortu ez ziena, eta negozioa jarraitu zuten.
Leave a Reply