Duela gutxi @GarroZigor txiolariak gogorarazi digunez, Che Guevararenak omen dira hitz hauek, seme-alabei idatzitako gutun batetik ateratakoak: “Batez ere izan zaitezte beti gai munduan edonon edonoren aurka burututako edozein bidegabekeria sakonenean sentitzeko, iraultzaile baten ezaugarririk ederrena da”.
Eskari ederra da iraultzaile mitikoarena, baina goi-asmo utopiko moduan hartzekoa, ez zorrotz betetzekoa. Gizakiaren ahalmenak mugatuak dira, eta “edonon edonoren aurka burututako edozein bidegabekeria sakonenean sentitzea” ahalmen horietatik urrun dago. Alferrik izango zara sentiberetan sentiberena: biziko bazara, ezin zaituzte ezagutzen dituzun bidegabekeria guztiek barrutik sutzeraino asaldatu.
Gainera, bidegabekeriaren aurkako borrokak, ia beti —oso sinplea eta argia den kasu bakanetan izan ezik—, bidegabekeria eskatzen du —arinagoa bada ere, ustez behintzat— efikaza eta efektiboa izango bada, kexa hutsetik haragokoa. Bidegabekeria asko beste bidegabekeria baten aurka sortuak dira, bidegabekeria gehienen aurkako asmoak, ekimenak eta ekintzak nekez gauzatu daitezkeelako batere bidegabekeriarik gabe. Bidegabekeria, gehienetan ez bada bai askotan behintzat, ez da ez sortzen eta ez suntsitzen, eraldatu egiten da.
Aukeran sinpleegia eta errazegia den arren, karikatura hutsa, adibide hau argia bada behintzat: nekez egin daiteke borroka kapitalismoaren aurka neurri bateko edo besteko kapital bat pilatu gabe, hau da, sosik gabe. Gisa berean, ekologiaren aldeko borrokarako kilometro asko egin beharra izaten da batzuetan, eta ez beti garraio publikoan edo bizikletan.
Gure gizartean ohikoak —sistemikoak— diren bidegabekerien aurka —kutsadura eta klima-aldaketa, matxismoa eta sexismoa, homofobia eta transfobia, pobrezia eta aporofobia, migrazio behartua eta xenofobia…— azken urteotan sortu diren gobernuetako zein gobernuz kanpoko erakunde ugariek ere latz nozitzen dute bidegabekeriaren izaera mutatzaile bihurri eta temati hori. Ahulenei laguntza eman nahi diete, inor atzean ez uztea dute xede egiten duten orotan, baina, helas!, mekatxis!, euskararen alde duten jarrera zalantzaz kanpokoa ezin izaten dute ia inoiz jokabide bihurtu, bakoitzak bere xede nagusi duen bidegabekeriaren aurkako ekinean euskara traba bihurtuko zaielakoan, eta, horregatik, erdaraz lan egiten dute egunerokoan, beren artean zein kanpora begira, eta erdaraz egiten dituzte bertako zein Europako diru laguntzak jasotzeko behar diren txostenak ere, hala eskatzen dietenean euskarazko itzulpena —kasu gehienetan derrigortutako tramite huts— azkenerako utzita. Euskara omen da gero, batzuek maiz gogorarazi nahi izaten digutenez, hiper-subentzionatutako hizkuntza!
Ez da guztien kasua, baina bai joera zabaldua gure inguruko era guztietako erakunde, elkarte, entitate, partzuergo eta kofradia eta abarren artean. Baita alderdi politikoen artean ere. Azken batean, alderdien kasuan bezala, erakundea bera —aparatua— bihurtzen baita maiz lehentasun, xede nobleen gainetik. Transbertsalitatea auzoan; bueno, txostenetan.
Bidegabekeriaren aurka ia beti bidegabekeriaz jokatu beharrak nork bere kontraesanekin bizitzera behartzen gaitu. Denok ditugu kontraesanak. Egia da hori. Baina denok ez ditugu diru publikoz subentzionatutako kontraesanak.
Leave a Reply