Kezkatzeko arrazoirik gabe

Kezkatzeko arrazoirik gabe

Josune Zarandona

Azken hilabeteetako euri eskasiak ur hornikuntzaren inguruko kezka sortu du. Gipuzkoako zenbait urtegiren errealitateak ere —Legazpiko Brinkola auzoko Barrendiolakoa, esaterako, %42,93 baino ez dago beteta—, are gehiago harrotu ditu hautsak. Baina, adituek diotenez, Gipuzkoako urtegien egoera “guztiz normala” da. Iazko garai bereko datuekin alderatuta, urtegiak “apalago” daude orain, baina adituek, gaur-gaurkoz, ez dute ikusten kezkatzeko motiborik, eta lasai egoteko deia zabaldu dute herritarren artean.

Gipuzkoan, bederatzi urtegi daude guztira. Gipuzkoarrak edateko urez hornitzeaz eta hondakin uren saneamendu eta arazketa zerbitzua emateaz arduratzen dira, besteak beste. Gipuzkoako Urak partzuergoak kudeatzen ditu zazpi: Aixola, Elgetan; Barrendiola, Legazpin; Urkulu, Aretxabaletan; Lareo, Ataunen; Ibai-Eder, Azpeitian; Arriaran, Beasainen, eta Ibiur, Ikaztegietan. Gipuzkoaren %86 hartzen du Gipuzkoako Urak partzuergoaren jarduketa eremuak, eta 277.706 herritarri ematen die zerbitzua.

Endarako urtegia Txingudiko Zerbitzuak elkarteak kudeatzen du, eta Hondarribiko eta Irungo 79.951 bizilaguni ematen die zerbitzua. Bestalde, Añarbekoa da Gipuzkoan dagoen urtegirik handiena, bai tamainari dagokionez —43.500.000 metro kubikoko edukiera du—, eta baita hornitzen duen biztanle kopuruari dagokionez ere (318.310 biztanle). Hamar udalerri hornitzen ditu Añarbek: Donostia, Errenteria, Hernani, Lasarte-Oria, Pasaia, Oiartzun, Urnieta, Usurbil, Lezo eta Astigarraga. Bitxikeria gisa, 15.000 olinpiar igerilekuk adinako edukiera dauka Añarbeko urtegiak.

Ibaietatik kaniletaraino

Uraren kudeaketak hainbat fase ditu. Lehenik eta behin, ura hartu egin behar da, eta urtegietan pilatu. Ur naturala edateko ur bihurtzen da araztegietan, eta deposituetan jaso. Giza kontsumorako ura banaketa sare baten bitartez bideratzen da. Kontrara, etxe, denda edo industrietatik iristen diren ur zikinak ere jaso egiten dituzte, kolektore eta biltegietan. Ur zikinak ur zikinen araztegietan garbitzen dituzte, prozesu biologiko natural baten bitartez, eta araztutako urak ibaira edo itsasora botatzen dituzte berriz, jatorrian zutenaren antzeko egoeran.

Euria da urtegien betetzea baldintzatzen duten faktore nagusietako bat, eta horregatik sortu da kezka herritarren artean. Gipuzkoako Urak partzuergoko ustiapen zuzendari Aitor Lander Izak esan duenez, “urteko garairik lehorrena” da egungoa, eta euri sasoia “udazkenaren amaieran” hasten dela gogorarazi du. Haren hitzetan, horregatik daude urtegiak “urteko mailarik apalenean”.

Urtegiak

Goierrikoak apalen

Deigarriak dira, hala ere, Gipuzkoako gainontzeko urtegiekin alderatuta, Goierriko hiru urtegietan jaso dituzten datuak. Barrendiolakoa %42,93 dago beteta, iaz sasoi berean baino 17 puntu gutxiago. Lareokoa %42,87 dago beteta —iaz, %60,04—, eta Arriarangoa %55,04 dago beteta, iaz baino hiru puntu eta erdi gutxiago. Izak argitu duenez, urtegi bakoitzak “bere berezitasunak” ditu, eta “biltze gaitasuna, bildutako ur bolumena eta hornitu beharreko biztanle kopurua” dira egoera hori ulertzeko kontuan hartu beharreko faktoreak. Gaur-gaurkoz, berretsi du ez dagoela kezkatzeko arrazoirik. “Goierriko urtegiek gaitasun nahikoa daukate, oraingoz, baina, aurtengo euri eskasia ikusita, arreta handiz aztertzen ari gara urtegi horien eboluzioa”.

Hainbat neurri ere hartuta dauzkate jada. Barrendiolako urtegiak Legazpiri ez ezik, Urretxuri eta Zumarragari ere ematen die ura, baina, egungo egoerak baldintzatuta, Ibai-Ederrek hornitzen ditu azken bi herri horiek orain aste batzuetatik hona. “Oria eta Urola ibaietako sistemak lotuta egoteak aukera hori ematen du”, esan du Izak. “Negu amaierara arte, posible izango da horrela jarraitzea”. Urte bukaerarako euri eskasia ez balitz arinduko, ordea, “bestelako neurri batzuk” hartu beharko lituzkete, azaldu duenez.

Datuak, iraganaren ispilu

Orain artean bildutako datu historikoei begiratuta, Gipuzkoako Urak partzuergoko ustiapen zuzendariak baieztatu du urtegiak “urruti” daudela jasota dauden indize apalenetatik. “1989an eta 1995ean, adibidez, ur mozketak izan ziren orduko egoerari aurre egiteko. 2003an ere, gaur egun baino egoera larriagoa izanik, ur mozketarik gabe bideratu zuten egoera”.

AÑARBEKO URTEGIA

Iban Zubeldia Añarbeko urtegiko komunikazio arduradunak adierazi duenez, “aurreko urteetan baino zertxobait apalago” dago Añarbeko urtegia. “Baina inondik inora ere ez larritzeko moduan”. Zubeldiak azaldu du edukieran egon daitezkeen gorabeherak “gutxiago” nabaritzen direla Añarben “txikiagoak diren beste urtegi batzuen aldean”. Prezipitazio aldetik, zehaztu du “azaroa” dela urteko hilabeterik euritsuena, eta ohartarazi du aurten ere hala hasi dela. Dena den, ikusteko dago zenbat euri egingo duen. Datozen asteetan euria egitea funtsezkoa izango da Gipuzkoako urtegien egoera hobetzeko edo bere hartan iraunarazteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.