Arazorik ez mendiko bideetan

Arazorik ez mendiko bideetan

Eneritz Maiz Etxarri

Alegian daude mendiko bizikletarekin jaitsierak egiteko baimenduta dauden Gipuzkoako ibilbide bakarrak. Langaurre aldean, herri lurretan eginiko lau ibilbide ezberdin dira. Alegiarrak dira Josu Jimenez Balerdi Totu eta Manex Balerdi Begiristain, eta, belaunaldi ezberdinetakoak badira ere, zaletasun berak elkartzen ditu: mendiko bizikletak. Haiek dira ibilbideen egileetako bi.

Jimenezek gogora ekarri du hamabi urte zeuzkanerako bizikletak desmuntatzen ibiltzen zela jada. Garai hartan ere mendian ibiltzen zen bizikletarekin, baina “bideko pista nagusietan”, zehaztu du. Gero sortua da enduro modalitatea, eta exijentzia ere igotzen joan dela argitu du Jimenezek: “Belaunaldi berriak muturra sartzen hasita zeuden, Pirinioetako parkeetara joanez, eta hemen ere zerbait egin zitekeela ikusi genuen”.

“Gazteagoak” hasi ziren Langaurren gaur egun dauden bideak markatzen. “Gu beti ibili izan gara mendi honetan, lagun artean, arratsalde pasa”, esan du Balerdik. “Kuadrilla ezberdinetakoak gara, baina zaletasun berak elkartu gaitu: adrenalina edo ero puntu bat duten kirolek; erotuta gaudela esaten digute batzuek”.

MANEX BALERDI BEGIRISTAIN

Manex Balerdi Begiristain eta Josu Jimenez Balerdi ‘Totu’.

Bizikletek “izugarrizko garapena” izan dutela argitu dute biek. “Josu ni baino zaharragoa da, eta beti ikusi izan dut mendiko bizikleta onekin”, dio Balerdik. 2014. urtea jarri du abiapuntutzat. “Pirinioetara joaten ginen, eta han zer sortzen ari zen ikusten genuen jada”. Etxe inguruan “zerbait” sortu nahi izan zuten eurek, eta orduan hasi ziren garai bateko bidezidorrak berreskuratzen eta garbitzen. “Basurdeen eta orkatzen bideak ziren batzuk”.

Etxe ondoko mendia aukeratu zuten horretarako: Iruntxurren magala. “Beste lagun batekin hasi nintzen Langaurrealdean ibiltzen eta bizikletarekin pasatzeko moduan jartzen; basurde bide bat garbitu genuen”. Han hasi ziren gora eta behera, ahalik eta azkarren jaitsiz, hori baita kirol horren oinarria. “Zortzi bat lagun” elkartzen dira gaur egun.

Piragua eta bizikleta

“Toturekin betidanik izan dut harremana; zer egin genuen esan nion, eta interesa agertu zuen berak ere”, jakinarazi du Balerdik. “Hasiera hartan bakar-bakarrik ibiltzen nintzen”, zehaztu du Jimenezek. “Apartatu samar” ere izan zuen bizikleta, piragua lehenetsi zuelako, baina, berriz ere, arreta pizten hasi zitzaion mendiko bizikleta: “Piraguak denbora eskatzen zidan erreka baten bila joateko; bizikletarekin, berriz, herritik atera eta gertu dut mendia; oso aberatsa da gertutasun hori”.

Elkarrekin ibiltzen hasi ziren orduan. “Marea puntatik Langaurre artera bide polita egina genuen”, esan du Balerdik, eta Jimenezek pista berri batzuk gehitu zituela gaineratu du. “Zuen bideak bukaera bat falta zuen”, zehaztu du Jimenezek. “Bidea ez zen iristen Alegiaraino, eta beste lagun batekin eremu hori aztertzen hasi nintzen. Azkenerako, Baxurka industrialderaino iritsi ginen”. Marea gainetik abiatzen da ibilbide hori. “Urte eta erdi” behar izan zuten guztia egiteko.

Balerdik kontatu du Unai Iraola alkateak eta haren taldeak aisialdi gunerako proiektu bat egin zutela. “Alkatea etorri zitzaigun, eta bizikletako bideak proiektuaren barruan sartzea planteatu zigun”. Bizikletako ibilbideez gain, oinezkoenak ere gehitu zituzten. “Esan zigun horrela eginda bide horiek legezkoak izango zirela”.

Orain arte, oinezkoen ibilbideetan ibili izan dira txirrindulari asko, eta debekuak edo isunak jarri izan dizkiete. Alegian, ordea, konpondu dute arazo hori. Panel eta seinaleekin markatuta daude lau ibilbideak. Totunkamon izena du ibilbideetako batek, Josu Jimenez Balerdi Totu-ren omenez. “Jendearekin elkartu eta Totu naizela jakitean, eskua luzatu eta eskerrak eman izan dizkidate”, esan du. Muskulegi, Okil beltz eta Txirriskala dira beste hiru bideak.

Garbiketa lanak egiteko ere arazorik ez dute Alegian: “Motozerra, aitzurra edo sasia garbitzeko makina hartuta ibiltzen gara”, adierazi du Balerdik. Eurak arduratzen dira mantenu lanak egiteaz; hau da, eroritako zuhaitzak kentzeaz eta sasiak garbitzeaz. “Inork ez digu ezer ordaintzen, baina kirol honen zaletasun bilakatu da hori ere”, esan du Balerdik berak. “Poza ematen du taldean elkartu eta lanera joateak; polita da”.

Ahoz aho zabaltzen

Ahoz ahokoak eta Internetek zabaldu dute Alegiako bideen inguruko albistea. Harrituta daude zenbat jende eta zenbat tokitatik joaten den Alegiara. Hori bai, Jimenezek ohartarazi du ez direla hasiberri batentzako moduko jaitsierak: “Zati batzuk izan daitezke, baina guztiek dituzte oso teknikoak diren gune batzuk”. Gustura daude bisitariekin: “Ona da jendea ibiltzea, horrela bideak ere garbiago mantentzen direlako”. Lasterketaren bat antolatzeko ideia ere buruan bueltaka ibili dute behin baino gehiagotan, baina oraindik ez dute eman pauso hori.

Leave a Reply

Your email address will not be published.