Miren Garate
Euskararen ezagutza maila ez zen gaur adinakoa duela 30 urteko Donostian. Bagera euskara elkartean ikusten zuten jende mordoa ari zela euskaltegietan ikasten, baina handik ateratakoan hizkuntza praktikatzeko aukerak ez zirela hainbestekoak. Askok inguruan ez zuten euskal hiztunik. Kezka horretatik abiatuta sortu zuen Mintzalagun egitasmoa Donostiako elkarteak. Datu batek erakusten du hartu duen tamaina: 30 urtean, 5.000 donostiarrek hartu dute parte Mintzalagunen. Euskal Herriko beste herri askotara ere zabaldu da proiektua, eta, iazko ikasturtean, 6.150 pertsona inguru aritu ziren aurrez aurreko saioetan; eta beste mila inguruk sareko aukera baliatu zuten.
Euskara praktikatu nahi dutenak eta euskaraz normaltasunez aritzen diren laguntzaileak elkartzen ditu Mintzalagunek. Bidelariak esaten diete euskaraz aritu nahi dutenei, eta bidelagunak laguntzeko prest daudenei. Bagerak lehen deialdia egin zuenean, elkarteko sei kide agertu ziren prest, eta sei bikoterekin abiatu zen proiektua. Binaka elkartzen ziren hasieran; gaur egun, ordea, hiruzpalau lagunekoak izaten dira taldeak.
“Hizkuntza bat menderatzeko, oso inportantea da hizkuntza ikastea eta ezagutzea, baina erabiltzea ere behar-beharrezkoa da”, dio Aitziber Gurutzeaga Bagera elkarteko Mintzalaguneko koordinatzaileak. Haren esanetan, erabilera sustatzen du Mintzalagunek, “beren buruarengan konfiantza hartzen eta askatzen” laguntzen dielako bidelariei.
Titulurik eta halakorik ez diete eskatzen parte hartu nahi dutenei, gutxi gorabehera zer maila duten bakarrik galdetzen diete. “Hori bai, nahiz eta akatsak egin, elkarrizketa bat egiteko gaitasuna izaten dute guztiek. Ikasten hasi berri direnek ezin dute parte hartu”, zehaztu du Gurutzeagak. Bidelari izateko ere ez da titulurik behar. “Euskaraz egiteko gaitasuna izatea bakarrik eskatzen dugu”. Boluntarioa da haien lana, eta, hasiera hartan, horixe zen egitasmoari ikusten zitzaion trabetako bat: berriz ere zerbait eskatzen zitzaiela euskaldunei. “Baina eman baino gehiago jaso egiten dutela esaten digute”.
Saltoa ematea, errazago
Hain zuzen ere, Gurutzeagaren esanetan, euskara ikasten ari direnentzat nahiz euskaldunentzat da interesgarria ekinbidea. “Hizkuntza erabili nahi dugunontzat oso inportantea da, jende bat trebatzen laguntzen duzu, eta, aldi berean, zeuri ere aukerak zabaltzen zaizkizu jende gehiagorekin hitz egiteko euskaraz”. Ikasturte hasieratik amaierara euskaraz ikasten ari diren horiek egiten duten aurrerakada ere bidelagunentzat oso pozgarria izan ohi dela nabarmendu du.
Mintzalagun taldeak egin ahal izateko, hainbat faktore hartzen dituzte kontuan Bageran. Ordutegiek bat egitea izaten da garrantzitsuena. Hizkuntza maila antzekoa dutenak elkartu ohi dituzte, eta, hortik aurrera, saiatzen dira beste faktore batzuk ere kontuan hartzen, hala nola adina, antzeko zaletasunak izatea edo auzo berekoak izatea. “Auzokideak izanda, eta harremana euskaraz sortu badute, kalean gurutzatutakoan ere euskaraz egingo dute”.
30 urteko ibilbidean, aldaketa nagusi bat ikusi dute Bageran: euskararen ezagutzak nabarmen egin duela gora. “Orain, ia denek badute euskaldunen bat inguruan, izan lankideren bat, lagunen bat…” Mintzalagunek segurtasuna eta konfiantza hartzeko eta askatzeko balio ohi die. “Eta hortik saltoa eman dezakete beste eremu batzuetan ere euskara gehiago erabiltzeko”, esan du Gurutzeagak.
Bagerak bezala, Gipuzkoako beste herri batzuetako euskara elkarteek ere martxan dituzte mintzapraktika egitasmoak. Aurtengo ikasturteko datuak biltzen ari da Topagunea, baina azkenekoan Andoain, Astigarraga, Aretxabaleta, Arrasate, Azkoitia, Azpeitia, Bergara, Beasain, Deba, Donostia, Elgeta, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Eskoriatza, Getaria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lazkao, Oñati, Ordizia, Orio, Soraluze, Tolosaldea, Urnieta, Usurbil, Urretxu-Zumarraga, Zarautz, Zestoa eta Zumaian osatu zituzten taldeak. Parte hartzaileei dagokienez, adin tarterik ohikoena 41-50 urte artekoena da (%48,5) eta emakumeak izan ohi dira gehienak (%65).
Leave a Reply