M. Garate
Era guztietako hizketagaiak izaten dituzte mintzalagunek astez asteko hitzorduetan. Bidelagunak dira Arantxa Ugartetxea eta Karmen Urretabizkaia, baina beraientzat ere egitasmoa oso aberasgarria dela esan dute; bidelariak dira, berriz, Josune Lasa eta Giovanna Santamaria, eta kontatu dute, egitasmoan parte hartzen hasi zirenetik, eremu gehiagotan ere hasi direla euskaraz hitz egiten.
Astean behin, Donostiako kafetegi batean elkartzen dira Arantxa Ugartetxea eta Josune Lasa, beste bi mintzalagunekin batera. Erretiroa hartuta dute laurek, eta seigarren ikasturtea dute talde berean. Bidelaguna da Ugartetxea, eta bidelaria Lasa. Euskararen bueltan sortu duten harremana jada “harreman afektibo” ere bihurtuta dagoela esan dute, eta nabarmendu dute gaitegi oso zabala izaten dutela asteroko hitzordu horietan. “‘Nola esaten da euskaraz?’-etik abiatuta, askotan beste giro batzuetan ateratzera ausartzen ez garen gaiak ere ateratzen ditugu”, esan du Ugartetxeak.
Etxeko hizkuntza izan du euskara Ugartetxeak. “Ikasketak-eta dena gaztelaniaz egin nituen, euskaraz egitea debekatuta zegoelako orduan; gero, Hego Amerikan bizi izandakoa naiz, eta, han, euskara jakitea eta euskarari buruz hitz egitea oso txalotua zegoen”. Euskal Herrira itzuli zenean, “etxeko hizkuntza horren oinarriak sentitu” nahi zituela esan du, eta horregatik eman zuela izena Mintzalagunen, “kalean ere hitz egiteko, etxean sentitzeko kaleetan barrena”.
Lasa, berriz, gaztetan hasi zen euskara ikasten, EUTGn ikasten hasi zenean. “Baina gero utzi egin nuen, eta Bartzelonara joan nintzen bizitzera, gero Madrilera… Umeen mailan geratu nintzen gutxi gorabehera”. Duela hamabi urte itzuli zen Donostiara. “Ez dut estudiatzen, baina nahi nuen askatu, eta izena eman nuen Bageran”. Esan du ezin duela bere burua kanpotik ikusi, baina beste bi kideek urteotan egin duten aurrerapena “izugarria” dela nabaritzen du. “Hasieran, ia ez ziren hitz egiteko gai, baina orain ikusten ditut, eta harrigarria da”.
Lasaren esanetan, “oso gustura” joaten dira asteroko saioetara. “Euskara aldetik interesgarria da, eta hizketarako gaien aldetik ere bai. Eztabaidazaleak gara, eta animatuak izaten dira solasaldiak”. Kontatu du Mintzalaguni esker beste giro batzuetan ere euskaraz aritzera ausartu dela.
Ikasturtea amaitutakoan, udan beste estilo bateko mintzalagunak ere izaten ditu Ugartetxeak. “Tituluren bat lortzeko azterketa gainditu ez dutenak izaten dira askotan. Beste era bateko giroa sortzen da talde horietan, baina hori ere oso interesgarria da”. Azaldu du bidelari horiek beharrak bultzatuta ematen dutela izena, ez hainbeste gustuz. “Eremu horretan ezkortasunak aurkitzen dira askotan, eta mintzalagunen zeregina izaten da beste sentsibilitate batean sartzea, beharra sentitzetik gozatzera eramatea. Eta hori ere ikasketa bat izaten da denontzat. Benetan aberasgarria iruditzen zait Mintzalagun”.
Karmen Urretabizkaia ez da zehatz-mehatz akordatzen noiz hasi zen Mintzalagun egitasmoan bidelagun moduan: “Hamar, hamabi, hamabost urte izango dira, urte pila bat”. Aurten, bi talde ditu, eta lau lagun elkartzen dira bakoitzean. Teorian, ordubeteko saioak izaten dira, baina beti luzatzen direla azaldu du. “Lagunartean egoten gara eta… Talde batean zortzi urte daramatzagu elkarrekin, eta iritsi orduko hasten gara elkarri galderak egiten”.
Erretiroa hartutako laukotea da taldeetako bat, eta 30 urteren bueltakoak ditu bestean. “Bagera saiatzen da hori ondo antolatzen; noizbehinka tokatzen zaizu zurekin zerikusirik ez duen norbaitekin, baina gutxitan”. Urretabizkaiak ere esan du edozertaz hitz egiten dutela. Taberna batean elkartu ohi dira, edo elkarte gastronomiko batean ere bai.
Egitasmoan parte hartzera animatzen du jendea. “Nik, teorian, irakatsi egiten dut, baina pila bat ikasten dut beraiekin. Oso aberasgarria da”. Kanpotik, astero elkartu beharra konpromisotzat ikus daitekeen arren, ez dela hala dio. “Ondo pasatzen dut, ez da inolako sakrifizioa izaten joan beharra, kontrakoa, ‘gaur osteguna, zer ondo’ pentsatzen dut”. Tarteka, asteroko hitzordutik kanpo, bazkariren batzuk-eta ere egiten dituztela esan du.
Bizkaitarra da Giovanna Santamaria, Ezkerraldekoa. “Portugalete ondokoa. Nire herrian, nire adineko jendeak ez zuen euskaraz hitz egiten. Eskolan ere euskara ikasgaia bakarrik nuen euskaraz, eta ingeniaritza ere gaztelaniaz ikasi nuen”. Hogeiren bat urte daramatza Donostian bizitzen, eta duela zortzi urtetik parte hartzen du Mintzalagunen, bidelari moduan. “Hasi nintzenean ia-ia ez nuen euskaraz hitz egiten, eta, orain, hanka sartzeekin, baina ia egunero hitz egiten dut euskaraz”.
Azaldu du Mintzalagun pare-pareko egitasmoa dela beretzat. “Euskara maila ona dut idazten eta irakurtzen; gramatikan ondo moldatzen naiz, eta azterketak ere ondo egiten ditut, baina hizketarako ez daukat trebetasunik. Beste hizkuntzetan ere gauza bera gertatzen zait, eta hori ez daukadala lotsarik hitz egiteko”. Talde berria du aurten, eta astean behin, ostiraletan elkartuko dira; auzo ezberdinetakoak direnez, Donostiako erdialdean geratuko dira.
Mintzalagunekin askotariko planak egin ohi dituztela kontatu du. “Oso saltseroa naiz, eta liburutegiren batean erakusketaren bat badago, joan egiten gara, eta gero horri buruz hitz egiten dugu”. Hurrengoan zer egingo duten ere adostuta dute. “Merkataritza zentro batera joango gara, eta elikagaien hiztegia praktikatuko dugu”. Talde desberdinetan egon da urteotan. “Jende oso jatorra ezagutu dut, jende guztiak zerbait berria ematen du beti. Izugarria da”.
Leave a Reply