Josune Zarandona
Gorputzaren gurtza ez da aro modernoari lotutako praktika soila. Antzinako Grezian jada oso sustraituta zegoen gorputz perfektuaren kultua; estetika soilaz harago, norbanakoaren klase soziala ere definitzen zuen, adibidez. Pentsamolde horrek gaur arte iraun du, eta gero eta gehiago dira gorputz perfektuaren peskizan dabiltzanak. Kulturismoa da, ziurrenik, praktika horren muturreko errepresentazioa gaur egungo gizartean. Kontrako eta aldeko iritziak sortzen ditu kirol horrek, eta, itxuraz gaindi, gutxitan ematen zaio balioa muturreraino landutako gorputz horiek erdiesteko ahaleginari eta sakrifizioari. Gihar definituak izatea bezain beharrezkoa du kulturistak psikologikoki indartsua izatea. Horren adibide garbia da Jon Aranburu idiazabaldarra (1993).
Gipuzkoan “gutxi” dira kirol horretan lehiatzen direnak. Joan den asteburuan Pragan jokatu zuten Munduko Txapelketan parte hartzekoa zen Aranburu, Espainiako selekzioarekin, baina, azkenean, uko egin zion parte hartzeari. Munduko Txapelketara joateko merituak bere kasa lortu zituen arren, kulturismoaren barruan “iruzurra oso hedatuta” dagoela dio. “Balorazioak egiteko orduan, badago nolabaiteko faboritismoa, oso nabarmena da, eta nik joko hori ez dut gustuko”. Azken hilabeteetan pilatutako nekea ere batu zaio hartutako erabaki horri: “Asko hausnartutako erabaki bat izan da, eta ez naiz damu”, ondorioztatu du.
Oholtzako sentsazioak
Orain hamar bat urte piztu zitzaion kulturismoaren inguruko jakin-mina Aranbururi. Haurra zenetik, kirolzalea zen —futbolean aritutakoa da aurretik—, eta goi mailako ikasketak ere kirolaren esparruan egin zituen. Hasieran, bere burua probatzeko hasi zen gorputza lantzen, baina segituan harrapatu zuen gimnasioko jardunak. Hiru urte geroago parte hartu zuen lehendabizikoz txapelketa batean: “Hasieran, esperientzia bizitzea izan zen helburua. Ikaragarria da oholtzara igotzean sentitzen dena, baina ordura arte egin beharreko prozesua bizitzen eta baloratzen ere jakin behar da. Harrapatu egiten zaitu kirol honek”.
Izan ere, epe luzeko ikuspegiarekin prestatu behar dira entrenamenduak. Urrian Valentzian (Herrialde Katalanak) eta azaroan Kordoban (Espainia) egindako txapelketetan parte hartu ondoren —Pragakoa zen hurrengo lehiaketa—, “indarberritze fasean” dago orain Aranburu. Bi asteren buruan, “bolumen faseari” ekingo dio. “Pisua hartzea” da helburua fase horretan, ahalik eta masa muskular gehien irabazteko; “gorputza jatera behartu beharra dago”. Bi edo hiru urtez ariko da zeregin horretan, hori izaten baita, batez beste, txapelketa batetik bestera utzi beharreko denbora. “Gorputzari indarberritzeko denbora eman behar zaio, eta are gehiago nik bezala kulturismo naturala egiten denean”.
Txapelketa aurreko hilabeteetan hasten da “definizio fasea”. Azken zazpi hilabeteak eman ditu lan horretan Aranburuk: “Aurretik pilatutako kaloriak kendu behar dira —14 kilo galdu ditu idiazabaldarrak—; ahalik eta gantz kantitate txikiena lortzea da helburua, masa muskularra galdu gabe”. “Tentuz” egin behar da lan hori, “profesionalen gidaritzapean beti”. Dieta zorrotzak bete behar izaten dituzte —gosea pasatu duela aitortu du—, eta entrenamenduak ere “gogorrak” izaten direla dio. Astean bost edo sei egunetan entrenatzen da, bi orduz. “Kirol honek, beste guztiek bezala, diziplina eskatzen du. Hori da oinarria”.
Osasuna, “bigarren mailan”
Kulturismoan, gorputza “muturreraino” eramaten da prestaketa faseetan, eta Aranburuk aitortu du osasuna “bigarren mailan” uzten dutela. Are gehiago, gorputza definitzeko helburuarekin kimika erabiltzen bada: “Dopina oso ohikoa da gurean; batzuk erabat dopatuta joaten dira. Niri ez didate inoiz eskaini, baina beharrik ere ez dago. Nahi izatea nahikoa da, oso eskura baitago”. Kulturismoan beste kirol batzuetan baino “agerikoagoa” izan daitekeen arren, dopina “kirol guztietan” dago ela esan du Aranburuk: “Mendiko lasterketetan, errugbian eta baita futbolean ere”.
Dietaren eta prestaketa fisikoaren gogortasunak “psikologikoki indartsu izatea” eskatzen du, Aranbururen hitzetan: “Kirol hau ez da egokia burua behar den lekuan ez dutenentzat”. Idiazabaldarrak zerrendatu duenez, “ondorio asko” ditu gorputza muturreraino eramateak: “Hormonen desorekek eragindakoak dira asko: testosteronaren jaitsiera, hilekoaren galera emakumeetan, elikadura portaeraren nahasmenduak, depresioa…”. “Epe luzera” beste txapelketaren batean parte hartuko duela baieztatu du idiazabaldarrak, baina ez dauka helburu jakinik. Gustuko bizitza estiloa du, eta esan du “bizitza guztian” jarraituko duela gorputza lantzen.
Leave a Reply