Unai Zubeldia
Euskal presoen eskubideen alde, sindikatuek mobilizazio bat egingo dute abenduaren 20an, Donostian. 12:00etan hasiko da mobilizazioa, Easo plazan, eta, Moraza kaletik barrena abiatuta, Easo plazaren ondoan dagoen Autonomia kalean amaituko dute ibilbidea. Amaieran, ekitaldi txiki bat egingo dute Easo plazako kioskoan. ELA, LAB, Steilas, ESK, CNT, CGT, Hiru eta EHNE sindikatuak dira deitzaileak. Bizkaian, sindikatuek abenduaren 16an egingo dute elkarretaratzea, Bilbon, eta han izango da UGT —Bizkaiko CCOOk ez du bat egin deialdiarekin—, baina Donostian ez dira izango ez UGT eta ez CCOO. Datorren urtarrilaren 7an Bilbon egingo duten manifestazio nazionalerako “beroketa lana” izango da abenduaren 20koa.
“Duela urte batzuk hasi genuen lanketa baten emaitza da mobilizazio hau”, esan du Iker Beristain LAB sindikatuko Donostialdeko arduradunak. “Bilbon, hilabete bakoitzeko hirugarren ostegunean elkartzen dira sindikatuak euskal presoen eskubideen alde egiteko. Tradizio bat badaukate han, eta guk 2020an planteatu genuen interesgarria izan zitekeela antzeko dinamika bat martxan jartzea”. Sarerekin bilera bat egin, bide orri bat adostu, eta 2020ko abenduaren 18an egin zuten lehen deialdia, Donostian. Iaz, abenduaren 17an egin zuten bigarrena, eta aurtengo bigarren mobilizazioa izango da abenduaren 20koa, aurretik ekainaren 17an ere aldarrikatu zutelako euskal presoak Euskal Herriratzeko eta etxeratzeko beharra.
Bi urteko hutsunearen ondoren, urtarrilaren 7an “salbuespen legedia bertan behera uzteko” eskatuko du Sarek Bilbon, Autonomia kalea betetzera goaz lelopean. “Legeak zehazten duen bidea egiten utzi behar zaie presoei, baina oztopo asko dauzkate oraindik”, esan du Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak. Bide horretan, hirugarren graduak ematea eta Eusko Jaurlaritzak espetxeetako eskumena izatea “oso pauso positiboa” dela azpimarratu du Oiartzabalek. “Baina azkenaldian ikusten ari gara hirugarren graduan zeuden euskal preso batzuen kontra helegiteak aurkezten ari direla Espainiako Audientzia Nazionaleko fiskalak, eta bide hori baliatzen ari direla hainbat preso berriz espetxeratzeko. Horrek, noski, kostu psikologiko handia eragiten die presoei eurei eta haien senitartekoei”. Xabier Atristain, Mikel San Argimiro, Aitor Esnaola eta Joseba Arregiren kasuak aipatu ditu Sareko bozeramaileak.
Gradu progresioekin, kezka
Ariane Alberdi Iñarra Steilas sindikatuko idazkaritza nazionaleko kidea “oso arduratuta” dago gradu aldaketa horiekin. “Asko kezkatzen gaitu gai horrek, eta arduratuta gaude gai horrek hartu duen bidearekin. Gerturatzeekin oso balorazio positiboa egiten dugu, baina gradu progresioek eragin nabarmena daukate presoengan”. Atristain, San Argimiro, Esnaola eta Arregiren kasuak gogoratu ditu Alberdik ere. “Baina beste preso batzuen kasuak ere errebisio bidean daude”. Oiartzabalek uste du “batzuek”, oraindik, “konfrontazio egoera” nahi dutela. “Iraganean nahi gaituzte, eta horregatik da hain garrantzitsua gizarteko esparru guztietako jendearen arteko elkarlana”.
Urtarrilaren 7ko deialdiarekin bat eginda, “sinbolikoki”, abenduaren 20an ere Donostian antzeko helburua daukatela azaldu du Edurne Iriondo ELAko Donostialdeko arduradunak. “Bi aldarrikapen horiekin bat egiten saiatuko gara Donostian, Easo plazaren ondoan, Autonomia kalea daukagula baliatuta”. Sindikatuen deialdia bada ere, “herritar guztiei irekia” dela azpimarratu du Iriondok. “Sindikatuko langile eta ordezkariei dei berezia egingo diegu guk, baina edonork bat egin dezake deialdiarekin, noski”.
UGT eta CCOO bidean gelditu izanarekin pena pixka bat badu Sareko bozeramaileak. “Baina egia da batzuetan aldarrikapen eta aktibazio modu hori ez dela denok eroso senti gaitezkeen formatu bat”. Hori bai, urtarrilaren 7an “sindikatu guztiak” Bilbon izatea desio du Oiartzabalek. “Hori da gure apustua, eta hori eskatzen du errealitateak. Guretzat garrantzitsua da pentsamendu, ideologia eta ibilbide desberdinak dituztenen arteko elkarlana”. Are gehiago, “ados egotetik aktibaziora” pasatu nahi du Sarek. “Euskal presoak etxeratzeko bidean, azken fase horretan, behar-beharrezkoa izango da ezberdinen parte hartzea, eta baita, noski, sindikatuena ere”.
CCOOk, erantzunik ez
Sareren moduan, Beristainek aitortu du eurek ere “arantza txiki bat” sartuta daukatela UGT eta CCOOren ezezkoarekin. “UGTk esan zigun euren afiliatuen artean nahiko gatazkatsua izan daitekeela Bilboko mobilizazioez gain babesa Gipuzkoara ere zabaltzea”. CCOOk, berriz, “beti” esan izan die lan osasunaren arloan sindikatuak ez daudela bat eginda. “Eta, ondorioz, presoen auzian ere ez daukagula elkarrekin egon beharrik. Egia esan, proposamena bidali arren, aurten ez dugu erantzunik jaso”. Hori bai, LABeko Donostialdeko arduradunak uste du gizartean “nahiko onartuta” dagoela euskal presoen eskubideen aldeko aldarria.
Alberdiren hitzetan, euskal presoena “lanerako eremu erosoa” da eurentzat. “Adostasunak dauzkagulako. Eguneroko eztabaidetatik harago, sindikatuok badauzkagu elkargune batzuk, eta ildo horretan ulertzen dugu Sarerekin daukagun harremana ere”.
Oiartzabalek esan du litekeena dela “gertu” egotea urruntze politikaren amaiera. “Fase hori ixtear gaude. Baina hemeretzi euskal preso daude oraindik Espainiako kartzeletan [beste hamabi euskal preso daude Frantziako Estatuko espetxeetan: Reaun eta Lannemezanen (Okzitania)], eta espero dugu datozen hilabeteetan denak Euskal Herriko espetxeetan egotea”. Aldarrikapen bide horretan, “beroketa lan garrantzitsua” izango da hil honen 20koa.
Babes hutsetik harago
Sindikatuetako ordezkariek aitortu dute “babesetik haragokoa” izan beharko lukeela euren egitekoak euskal presoen auzian. “Zentzu horretan, guri preso ohi asko etorri izan zaizkigu informazio eta laguntza eske, eta gu beti saiatzen gara lan mundurako irizpide batzuk ematen”, aitortu du LABeko Beristainek. Gaineratu du “hainbat” lan eskaintza jasotzen dituztela Whatsapp bidez. “Eta preso ohi guztien artean zabaltzen ditugu beti eskaintza horiek. Dena den, egia da guretzat zaila dela hortik aurrera askoz gauza gehiago egitea”.
Alberdi Steilaseko kideak ere aitortu du presoek “arazo eta zailtasun batzuk” izaten dituztela gizarteratzeko fasean. “Epaituak izan ziren, euren zigorrak ondo bete dituzte, eta uste dugu eduki beharko luketela aukera lan munduan era seguruan integratzeko”.
Leave a Reply