Unai Zubeldia
Lehen lerroan jarri nahi zituzten emakumezko zinema zuzendariak. “Bazeudelako, baina ez zirelako ikusten”, azaldu du Txema Muñoz Euskadiko Filmategiko programazio arduradunak. “Duela hiruzpalau urte hasi ginen euskal emakume zuzendarien gaia aztertzen, hutsune bat geneukala jabetu ginelako, eta iaz eman genuen behin betiko pausoa”. “Betiko” zinemagileak gonbidatu zituzten iaz Donostian, Bilbon eta Gasteizen egin zuten Euskal Emakume Zinemagileen I. ziklora. “Klasikoak aukeratu genituen: Helena Taberna, Ana Diez, Aizpea Goenaga…”. Aurten, berriz, “bigarren belaunaldia-edo” iragartzen ari dira. Donostiako Tabakaleran eta Gasteizko Artium museoan ari dira zikloa lantzen —Bilbon ezin izan dute egin aurten, obretan ari direlako Arte Ederren Museoan—.
Tabakalerari dagokionez, urriaren 14an eskaini zuten lehen lana: Arantxa Etxebarriaren Carmen y Lola. Maru Soloresen txanda izango da gaur, 19:00etan. Aztarnak lana eskainiko du zinema zuzendari donostiarrak. Aurtengo Donostiako Zinemaldian ere proiektatu zuen lana. “Amaren sabeletik hasita, bizitzaren lehenengo urteek, gogoratzen ez ditugun lehen urte horiek, gure bizitzan zer-nolako eragina daukaten eta nolako aztarnak uzten dizkiguten aztertzen saiatu naiz. Hausnarketa bat da”, esan du Soloresek berak.
Familien eta adituen hitzak
“Oso gai zabala” dela adierazi du zinema zuzendariak. “Nire ibilbide pertsonalaz gain, beste familia batzuen esperientziak eta bizipenak, eta adituen elkarrizketak ere bilduta daude dokumentalean. Amatasunaren bidean aurkitu ditudan adituak erabili ditut collage antzeko bat osatzeko”. Galderak proposatu ditu Soloresek. “Eta ondoren bakoitzarengan hausnarketa bat sortuko du galdera bakoitzak. Norberarenak dira erantzunak, gaia unibertsala delako eta denok garelako seme-alabak”.
Antzeko egitura daukate saio guztiek: filmaren zuzendariak aurkezpen txiki bat egiten du hasieran, filma ikusten dute ondoren, eta solasaldirako tarte bat egoten da amaieran. “Filmak hobeto ulertzeko aukera ematen du horrek, gaia sakonago lantzekoa”, adierazi du Muñozek. Soloresek aitortu du “nahiko aberatsak” izan ohi direla filma eman ondorengo solasaldiak.
Donostiarrak “eskaera asko” izan ditu dokumentala eskaintzeko. “Guraso elkarteenak-eta, baina interesgarria da bestelako testuinguru batzuetan aurkeztea, Zinemaldian edo ziklo honetan, esaterako. Horrek beste ikus-entzuleria batera zabaltzen du filma”.
“Zuzendari berrienekin”, ia prest daukate hurrengo urteko zikloa ere. “Eta, aldaketaren batekin, baina gerora ere jarraituko dugu gai hau lantzen, lehen urratsa besterik ez delako izan hau”, zehaztu du Muñozek. “Dagoeneko aztertzen ari gara 2024rako zer aukera dauzkagun”. Iaz eta aurtengo lehen saioetan ikus-entzuleek “ondo” erantzun dutela esan du Muñozek. “Nahi baino jende gutxiago etortzen da, baina pozik gaude. Hirurogei bat lagun etortzen ziren iaz saio bakoitzera eta 70-80 etortzen ari dira aurten. Jendeak ondo pasatzen du eta merezi du etortzea”.
Leave a Reply