Miren Garate
Erakusmahai kopuruari, nobedade zerrendari eta zuzeneko emanaldien programari begiratuta, “ohiko” Durangoko Azoka bat espero dute antolatzaileek: 248 erakusmahai izango dira, 930 nobedade aurkeztuko dituzte —689 liburu, 141 musika produktu, 46 aldizkari eta bestelako 54 lan—, eta 250 kultur ekitaldi antolatuko dituzte Durangon (Bizkaia), abenduaren 7tik 11ra.
Azokan beteranoa da Lander Izagirre Elkar argitaletxeko produkzio arduraduna, bi hamarkada baino gehiago baitaramatza hara joaten. Sortzaile gisa, lehen aldia izango du Mikel Alvarez Sarriegik. Eta Zumarragako Urki liburu dendak, berriz, liburu aurkezpen bat antolatuko du estreinakoz, Zu non, han DA! egitasmoaren barruan.
Elkar argitaletxeko produkzio arduraduna
Urtero, abenduko egun batzuetan, Durango bihurtzen zaio lantoki Lander Irizar Elkar argitaletxeko produkzio arduradunari. Pandemiaren eraginez, 2020an ez zen azokarik egin, baina, bestela, azken 22 urteetan han izan da. “Jendearekin harreman zuzena izateko dugun gune gutxietako bat da, eta hartu-eman hori izatea oso garrantzitsua eta aberatsa da argitaletxeontzat”.
Jendeak liburu bat hartzen duenean zer aurpegi jartzen duen, zer galdera egiten dituen, zer gauza begiratzen dituen… Azokak halako gauzen berri izateko balio diela kontatu du Irizarrek. Eta, noski, salmentei begira ere plaza oso garrantzitsua da oraindik, nahiz eta azken urteetan haren eragina zertxobait apaldu den. “Zer gertatzen da? Garai batean, astebete lehenago argitaratzen ziren liburuak eta diskoak, eta Durangon izaten zen haiek lehen aldiz eskuetan izateko aukera”.
Gaur egun, irailean hasi ohi dira, udazkeneko kanpaina esaten diotenarekin, eta, denak batera merkaturatu beharrean, pixkanaka ateratzen dituzte lanak. Irizarrek kontatu duenez, jendearen, saltokien eta komunikabideen eskuetara lehenago iristea nahi izaten dute, lanek ikusgaitasuna lor dezaten. “Durangon askotan gertatzen da autorerik esanguratsuenek beste askori presentzia kentzea, eta Durangoko Azokaren bezperetan ateratako lan asko galduta geratzen dira”.
Hain zuzen, Durangoko Azokari begira antolatzen dute urteko egutegia Elkarren. “Azoka izan ez balitz, ziurrenik ekoizpena urte osoan banatuago egongo litzateke, baina, hala ere, udazkenak garrantzia izango luke, Gabonengatik”. Irizarren esanetan, ia hilero ateratzen dituzte lanak, eta Liburuaren Egunaren (apirilak 23) bueltan ere izaten da beste gorakada bat. “Baina egia da udazkenekoek oihartzun handiagoa izaten dutela”.
Durangora joaten diren herritarren eskaerak ere aldatuz doazela ikusi du azken bi hamarkadetan. “Egilearekin egoteko gogoa areagotu egin da, nabarmen. Lehen, sinadurak nahi izaten zituen jendeak, eta, orain, argazkiak ere bai”. Gaur egun, egileek azokan bertan ere egiten dituzte aurkezpenak, eta horretan ere asmatu dela uste du, laguntzen duelako publikoa eta sortzaileak elkarrekin egon daitezen.
Pandemiaren eraginez, bi urte bereziren ostean dator aurtengo aldia, eta “itxura ona” hartzen dio Irizarrek. “Jende asko joango dela uste dut; ikusiko dugu jendeak zer erosketa egiten dituen, baina euskaldunok badugu horrelako egoeretan indartzeko eta elkar laguntzeko bertutea”. Nekagarria izan arren, eta ezustekoak ere beti sortzen diren arren, egun politak izan ohi direla kontatu du. “Urte osoan, denbora asko pasatzen dugu bulegoan, eta jendearekin egotea ederra da. Aspaldiko ezagun batzuk ere urtean behin bakarrik ikusten dituzu: Durangon”. Abenduaren 11n dena jaso ostean, balorazioak egitea tokatuko zaie, “azoka ixtea”, eta Gabonetan hartuko dituzte oporrak. “Dena den, dagoeneko ari gara 2023ko liburuekin lanean”.
Beasaingo sortzailea
Umetatik du Durangoko Azokara joateko ohitura Mikel Alvarez Sarriegi beasaindarrak. “Kultura erosle amorratua naiz, eta urtero aprobetxatzen dut azoka Gabonetako opariak erosteko, baita neure buruarentzako ere”. Aurten ere hartuko du horretarako tartea, baina azoka sortzaile moduan ezagutuko du lehen aldiz; bi arrazoirengatik, gainera: alde batetik, Euskalia (Elkar) bere lehen eleberriari buruz solasean ariko da abenduaren 9an, 12:30ean, eta liburuak sinatzen ere arituko da; abenduaren 11n, berriz, Azken dantza maisua dokumentala aurkeztuko du, Irudienean (Zugaza zinema, 11:00).
Ondarroako Udalak eta Elkarrek antolatzen duten Augustin Zubikarai beka irabazita argitaratu du Euskalia Alvarezek. “Beka irabazi izanak segurtasuna ematen dizu. Ez nuen espero horrelako ideia zoro bat sarituko zutenik. Gainera, argitaratuko den ziurtasuna ere izaten duzu bekarekin, eta denbora ordaintzen dizute, liburua idatzi ahal izateko”. Kontatu du “frustrazio” baten emaitza dela liburua. Gidoilaria da Alvarez, eta telesail bat izan behar zuen berez Euskalia-k. Proiektuak, ordea, ez zuen aurrera egin, eta eginda zuen lanari beste molde bat ematea erabaki zuen.
Liburuaren abiapuntuan, bi arkeologok euskarazko lehen idazkuna duen xafla misteriotsu bat aurkitzen dute indusketa batean. “Irulegiko Eskuaren kontuarekin, lagunek esan didate ea Aranzadiri ordaindu diodan promozioa egiteko”, esan du irribarrez. XXIII. mendean kokatzen da istorioa; aurkikuntza harrigarri batzuen ondorioz, euskaldunak dira nagusi galaxian, eta euskara da hizkuntza nagusia. “Eta gaztelania hizkuntza gutxitu bihurtu delako gustura ez dauden erresistentziako kide batzuk Euskalia ahalbidetu duten gertaerak zapuzten ahaleginduko dira”.
Alvarezen esanetan, hainbat gai landu nahi izan ditu: kultura eta hizkuntza gutxitu baten parte izateak sortzen dituen frustrazio eta beldur sentimenduak; egunen batean gure hizkuntza hegemonikoa balitz izango genukeen jokabideari buruzko gogoeta; egun euskaldunen kezkei garrantzia kentzen dietenek beren hizkuntza egongo balitz arriskuan izango luketen portaera…
Azken dantza maisua dokumentala ere berezia da harentzat. Ekainean izan zen lehen aldiz filma ikusteko aukera, Beasainen, baina Durangoko emanaldiaren ostean hasiko dira Euskal Herrian barrena zabaltzen. “Nire familiak lotura estua izan du dantzarekin. Iaz hil zen osaba Paxatxo [Francisco Javier Sarriegi Olano]. Molde zaharreko azken dantza maisua zen. Osabak pertsonifikatutako dantza maisua aitzakia hartuta, azken boladan gertatzen ari diren aldaketak kontatzen ditu dokumentalak”. Beasaingo Aurtzaka dantza taldeak eskatuta egin du, baina nabarmendu du ez dela tokiko lan bat, dantzaren munduan bolo-bolo dabiltzan gaiak jorratzen baititu.
Behin lanak kaleratuta, hurrengo fasearekin “gozatzeko gogoz” dagoela azaldu du. “Ea zer bide egiten duten eta zer datorren bueltan”. Gustura joango da Durangora ere. “Hainbeste urtean erosle izan ostean, orain beste aldean egoteak ilusioa egiten dit”.
Zumarragako Urki dendako saltzailea
Pandemiaren eraginez jarri zuten abian Durangoko Azokaren antolatzaileek Zu non, han DA! izeneko programa. Haien esanetan, “oso arrakastatsua” izan da esperientzia, eta jarraitzea erabaki dute. Azoka egunak amaitu ostean, Euskal Herriko ehun liburu denda baino gehiagotako erakusleihoetan nobedadeak jarriko dituzte, eta, horrez gainera, aurten, lehenengo aldiz, hainbat liburu eta disko aurkezpen ere egingo dituzte denda horietako batzuetan. Gipuzkoan, hamalau dendatan izango dira aurkezpenak.
Egitasmoan parte hartuko duten liburu dendetako bat da Zumarragako Urki. “Aukera eskaini ziguten, eta probatzea erabaki dugu”, esan du Arantxa Ormazabal dendariak. Andoni Agirrezabalaga alegiarrak Etxe berdea (Erein) bere lehen eleberria aurkeztuko du Urkin, abenduaren 14an, 18:00etan. Ez dute liburu aurkezpenak egiteko ohiturarik dendan: “Ea zer moduz ateratzen den”.
35 urte inguru dira Urki zabaldu zutela, eta ez dituzte liburuak bakarrik saltzen. “Bolada batean asko hitz egiten zen espezializazioaz, baina guk dibertsifikazioaren alde egin dugu: gauza asko saltzen ditugu, eta horrek lagundu digu aurrera egiten”. Hain zuzen ere, Gipuzkoako herrietan dauden liburu saltokietan horixe da eredurik ohikoena: literatura lanez gain, eskolako materiala, jostailuak, prentsa eta bestelako produktuak ere saltzea.
Liburu denda hutsa ez izan arren, Ormazabalek esan du igartzen dutela Durangoko Azokaren eragina. “Egunkarietan-eta ateratzen dira nobedadeak, jendea adi egoten da zer lan saldu diren gehien Durangoko Azokan, eta zuzenean liburu horien bila etortzen dira Gabonetarako”. Badira salmentetan eragina duten bestelako faktore batzuk ere, hala nola herriko idazleren batek libururen bat ateratzea. “Antxiñe Mendizabalen Odolekoak asko saldu genuen; aurten, gaztelaniara itzuli dute, eta berriz etorri da jendea”.
Urkin azken boladan arrakastarik handiena izan duen liburua, berriz, Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen Miñan dela esan du Ormazabalek. Aurtengo Gabonetarako libururik salduena zein izango den ez dakiela dio, baina Nerea Ibarzabalen Bar Gloria da oraingoz nabarmentzen ari direnetako bat. Generoari dagokionez, nobelek dituzte zalerik gehien, eta azaldu du haur literaturako liburuak ere asko saldu ohi dituztela.
Leave a Reply