Alaine Aranburu Etxegoien
Merkatuaren eta kapitalismoaren erritmoei ez segitzen ahaleginduko diren ekonomia eta bizi ereduen bilaketa areagotzen ari da gizartean. Klima aldaketak eta konfinamenduak eragindako derrigorrezko geldiuneak, nola eta zeren truke bizi nahi duten planteatzera bideratu ditu asko. Horren adibide dira Fer Romero (Irun, 1983) eta Jones Agara (Bera, Nafarroa, 1989), Bidasoko Badoa ziklo banaketa zerbitzuko bazkideak. Bi haiez gain, Amets Badiolak (Errenteria, 1982) eta Aritz Lopezek (Errenteria, 1977) Errenterian ere ekin diote bizikleta bidezko banaketa zerbitzu bat sortzeari, Badoa oinarri hartuta; kooperatiba bat eratzeko fasean daude Badiola eta Lopez.
Iaz eratu zuten Bidasoko Badoa beste lagun batzuek, eta haiek proiektua alde batera utzi bazuten ere, “indartsu eta oso gogotsu” bere egin zuten erronka Romerok eta Agarak. Biek osatzen dute kooperatiba, nahiz eta atzean baduten babesten ari den taldetxo bat: BDS Koop, hain zuzen ere. Ekonomia gaiak kudeatzen dizkie, batez ere. Ekonomia zirkularrari haien pedalkadak ematen hasiak dira jada, eta eskualdeko merkatari eta nekazariekin saretzea dute lehen helburu. “Bertako komertzioei bultzada bat eman nahi diegu jasangarri bihurtzen laguntzeko. Kontua ez da pastela batek eramatea, baizik eta pastela banatzea”, esan du Agarak.
Egunotan, bezeroak bilatzen ari dira bi kideak, eta, era berean, Irungo Udalak abian jarri duen Irun Market Place egitasmoarekin bat egin dute. Romerok argi du denen artean indarra egin behar dutela ekonomia zirkularrak funtzionatzea nahi badute. “Guk banatu eta merkatariek euren lana egiten badute, ekonomia zirkularra bultzatuko dugu eta herrian geratuko da dena. Herritik herriarentzat”.
Denda txikiak babestuz
Market Place aplikazioak Irungo merkatarien produktuak erostea ahalbidetzen du, eta Badoa zerbitzua arduratzen da banaketaz. Romerok zehaztu du plataforma horretako dendak txikiak direla, ez dutela Internet bidezko zerbitzurik, eta ez direla kate handien mendekoak. Agarak gaineratu du “hirian aspalditik errotuta dauden dendak” direla, eta horiek Internet bidezko zerbitzurik gabe lan egiten dutela. Horregatik, Romerok uste du Badoa zerbitzuaren lana asko eskertzen dutela ibilbide luzeko negozio horiek.
Irunen bidea egiten hasita daude, eta Errenterian ere izan zuten abiatze horren berri. Hala, ea zergatik ez zuten euren herrian ere horrelako zerbitzu bat eskaintzen galdetu zion Badiolak bere buruari. Horren beharra identifikatuta zeukatela zehaztu du, eta KoopFabrikak ereiteko bultzada eman ziela oroitarazi du Lopezek, proiektuaren parte den bigarren lagunak.
Beharra identifikatzea ez zen ustekabekoa izan, ordea. Iazko abenduan Erria aldizkarian publikatu zuten Errenteriako 55 negoziorekin egindako ikerketa lan bat: multinazional batek kudeatutako banaketa zerbitzuaren gaineko iritzia eskatu zieten komertzioei, eta kooperatibismoan oinarritutako beste eredu bat aurkeztu zieten. Oro har, denden %47k banaketa zerbitzuaren beharra identifikatu zuten, %27k ez zuten beharrik ikusi, eta beste %25ek ez zuten jakin izan zer erantzun.
Iritzi horiek bilduta, herriko hainbat merkatari eta eragilerekin mintegi bat egin zuten Errenterian: “Beharrak eta nahiak identifikatzeko egin genuen mintegi hori, eta harrera ona izan zuen proposamenak”. Identifikatzeko lan horrek “hastapenetarako” balio izan die, eta Errenteriako erdigunetik kanpo dagoen eta adineko asko bizi den auzo batean, Beraunen, bertako supermerkatu txiki batekin hasiko dira lanean. Urtarril-otsailerako kooperatiba eratuta egotea da sortzaileen helburua.
Errespetua eskatu dute
Bi hiri handi dira Irun eta Errenteria, orografia anitzekoak. Hortaz, ekonomikoki eta fisikoki errentagarria izateko banaketa ibilbideak osatzea “buruhaustea” dela adierazi du Agarak. “Batzuetan, lantxo baten tarifa jaitsi beharko da, edo beste batzuekin uztartu”. Alde horretatik, Badiolak adierazi du haien proiektua ezin dela Errenteriara mugatu. “Guretzat errazagoa da Lezora iristea, Errenteriako Kaputxinoak auzora iristea baino. Gure indarra neurtu behar dugu”. Dena den, abiapuntua Errenteria izango dela berretsi dute proiektuaren sortzaileek. Bizikleta gidarienganako errespetua eta ikusgarritasuna aldarrikatu dituzte.
Leave a Reply