Motzean

Atletismoa ez den beste kirol bat?
Esku pilota gustatzen zait asko, eta tenisa ere bai, ikusteko.
Lasterketarik maiteena?
Bat esatekotan, Donostiako maratoia; nire markarik onena ere hantxe egin nuen. Eta beste bat esan beharko banu, Zegama-Aizkorrikoa. Pena bat daukat: mendiko lasterketak berandu deskubritu izana.
Zer gaitasun izan behar ditu atleta on batek?
Buruz indartsua izatea, hori bakarrik. Batzuek esango dute erdia gorputza eta erdia burua dela; nire ustez, %90 burua da.
Lasterketa baten aurretik beti egiten duzun zerbait?
Sekula ez dut izan era horretako maniarik. Izatekotan, baraurik joatea, kafe batekin.
Distantzia luzeak ala motzak?
Luzeak; ondo bazoaz, indartsu bazoaz, ikaragarri disfrutatzen duzu, gozamena da.
Sekula egin duzun lasterketarik luzeena?
Maratoitik ez naiz pasatu; kalitate-prezioan, niretzako horixe da tamainarik onena.