Xabier Lertxundi: “Politika publikoek zerikusi zuzena dute euskararen erabileran”

Xabier Lertxundi: “Politika publikoek zerikusi zuzena dute euskararen erabileran”

Miren Garate

Abenduaren 17an egingo du urteko batzar nagusia Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema), Deban, eta, ezusteko handirik ezean, bi kide berri onartuko ditu: Hernani eta Asteasu. Hala, 96 udal izango dira aurrerantzean mankomunitatean, eta guztien artean ia 300.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuko dute. Xabier Lertxundi (Hernani, 1983) Hernaniko alkatearen esanetan, sare bateko kide izateko eta euskararen normalizazioaren inguruan “indarrak batzeko” aukera emango die Ueman sartzeak.

Ueman sartu ahal izateko, euskaldunen indizeak %70 gainditzea eskatzen du mankomunitateak. Euskaldunak gehi ia euskaldunak hartzen dira kontuan kopurua ateratzeko (ia euskaldunen tasaren erdia hartzen da); Hernanik lehen aldiz betetzen du baldintza hori. Nola lortu da euskararen ezagutza handitzea zuen herrian?

Ezagutza maila pixkanaka-pixkanaka joan da handituz urteetan zehar, eta gaur egun Hernaniko herritarren %62 dira euskaldunak, eta %20 inguru ia euskaldunak. Oro har, beti aipatzen da eskolak asko lagundu duela euskararen ezagutzan, hau da, euskararen ezagutza orokortzen ari dela, eta datuek hori erakusten dute. Migrazioak jaso izan dituen herria da Hernani, baina ikusten da migratutako pertsona horien ondorengoek euskara ikasi dutela.

Argi zenuten baldintzak bete bezain pronto egingo zenutela Ueman sartzeko eskaera?

Euskararen ezagutzaren datuak eman zituztenean, Uemakoak gurekin jarri ziren harremanetan, eta zalantzarik ez genuen izan: proposamena egin, eta tramite guztiak egiten hasi ginen sartu ahal izateko. Joan den astean egin genuen udaleko osoko bilkura, eta ia alderdi guztien botoekin onartu genuen sartzea. Lehenago ere gustura egongo ginen, baina datuek ez zuten ematen.

Ueman sartzeko eskaerari buruzko bozketa horretan, zure talde EH Bilduk (11 boto), EAJk (6) eta Elkarrekin Podemosek (2) bozkatu zenuten alde, eta abstenitu egin zen PSE-EE (2). Espero zenituzten beste alderdien jarrera horiek?

Ez dakit gainerako herrietan alderdi sozialistak zer jarrera izan ohi duen Ueman sartzearen inguruan, baina uste dut euskararen normalizaziorako indarrak batzea inoiz ez dagoela sobran, eta ulergaitza egiten zait haren erabaki hori, baina bakoitzak bere irizpideak ditu.

Zer betebehar eta aukera ekarriko dizkio Hernaniri Ueman sartzeak?

Hernaniko Udalean urte asko daramatzagu euskaraz lan egiten; euskara da gure lan hizkuntza: osoko bilkurak euskaraz izaten dira, batzorde informatzaileak ere bai, dokumentazio guztia euskaraz pasatzen da… Hasieran, pauso hori ematea zaila izan zen, eta kontrakotasunak ere izan ziren, baina urteekin denak ohitu dira, eta funtzionamendu hori barneratua dugu. Horren adibide da gure itzulpen zerbitzuek ia guztia euskaratik gaztelaniara itzultzen dutela. Aldaketa batzuk ekarriko dizkigu, baina Uemak erabiltzen dituen irizpide asko dagoeneko martxan ditugu. Emango diguna da udalen arteko sare bat, euskararen normalizazioaren inguruan indarrak batzeko. Horri esker, elkarrekin egin ahal izango ditugu zenbait dinamika, bai administrazioaren barrura begirakoak, bai herrira begirakoak.

Kaleko azken neurketaren arabera, euskararen erabilera %33,3koa da Hernanin. Aurreko neurketarekin alderatuta, zertxobait gora egin du, baina alde handia dago ezagutzaren eta erabileraren artean. Horren zer azterketa egiten duzue?

Beste herri batzuetan beheranzkoa izan da erabileraren joera; Hernanin ez, baina ezin dugu horrekin konformatu, erabilerak gora egin behar du, eta politika publikoek eragin behar dute horretan. Argi daukat politika publikoek zerikusi zuzena dutela hizkuntzaren erabileran, eta politika publiko ausartagoak izan behar ditugula erabileran eragiteko.

Erabileran eragiteko egitasmo zehatzen bat baduzue martxan Hernanin?

Ugari ditugu. Aipatu bezala, udaleko lan hizkuntza euskara da, eta ematen ditugun zerbitzuetan ere euskara lehenesten dugu: kiroldegiko zerbitzuetan, kultura ikastaroetan… Ueman egoteak eta Uema barruan dauden udalak saretuta egoteak ere lagunduko digu egitasmo berriak martxan jartzen.

Erabilerari begira, badago bereziki kezkatzen zaituzten gauzaren bat edo daturen bat?

Haurrak izatetik gaztetxo izatera pasatzen den adin horretan, hizkuntzaren erabilerari dagokionez, euskaratik gaztelaniara pasatzeko joera bat dago. Adin horretan jada ohitura batzuk sortzen dira, eta ohitura horiek zer hizkuntzatan sortzen diren garrantzitsua da, finkatu egiten direlako eta gerora ere eragina dutelako. Beraz, adin tarte horretan eragitea oso inportantea da. Udalerri mailatik goragoko jardunak ere behar dira: erreferenteei lotutakoak, gaur egun kontsumitzen ditugun ikus-entzunezkoen ingurukoak…

Zarautzen atzetik, Ueman dauden herririk handienetan bigarrena izango da zuena. Zailagoa da euskarari eustea herri handietan?

Herri handiak izateaz harago, herriaren ezaugarriek ere badute eragina erabileran. Adibidez, Zarautz eta Hernani oso ezberdinak dira. Hernani oso herri industriala izan da: 1970eko hamarkadan, Espainiatik etorritako migrazioa jaso zuen, eta gero beste maila bateko migrazioa ere jasotzen ari da. Baina alde positibo bat ere ikusten da: hurrengo belaunaldiek euskarari eutsi diote, eta euskaldundu egin dira.

Leave a Reply

Your email address will not be published.