Unai Zubeldia
Ostegun goizaldea zen. Otsailaren 24a. Vladimir Putin Errusiako presidenteak herritarrentzako mezu batean iragarri zuen operazio militar bat hasi zuela “Ukraina desnazifikatzeko”. Operazio militarrarekin izua barreiatu zen Ukrainan bertan eta mundu guztian. Berehalakoa izan zen erreakzioa: milaka eta milaka ukrainar euren herrialdetik ihesean abiatu ziren, eta Gipuzkoaraino iritsi ziren horietatik 1.500 inguru; hainbat adingabe, tartean.
Gerra piztu eta astebete pasatxora, martxo hasieran, iritsi ziren lehen ukrainarrak, dozena bat, Oñati eta Tolosako aterpetxetara, eta bi horiei, besteren artean, berehala gehitu zitzaien Irungo zentroa ere. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi zuen 50.000 euro emango zizkiela herrialdeko hainbat gizarte erakunderi, “gerraren biktimei laguntzeko”. Baina erakundeak bakarrik ez, ehunka herritar ere azkar hasi ziren materiala biltzen, gobernuz kanpoko erakundeen bidez Ukrainara eta Ukrainarekin muga egiten duten herrialdeetara bidaltzeko.
Boluntario sare handia
Bergaran, Arrasaten, Donostian, Hondarribian, Tolosan… Tokian-tokian, elkarretaratzeak egiten hasi ziren eta herritarren mugimendua indarra hartuz joan zen. Trintxerpen, Pasaiako ukrainarren elkartea izan zen herritarren mugimendua koordinatu zutenetako bat —Donostiako Altza auzora lekualdatu ziren gero—. Gaur-gaurkoz, 30 bat lagunek osatzen dute elkarte hori, baina, boluntarioei esker, hirurehun bat laguneko sarea sortu zuten Ukrainan gerra lehertu eta aste gutxira.
Pixoihalak, kozinatu behar ez den janaria, latak, txokolatea, garbiketarako tresnak, lo zakuak, esterak, medikamentuak…, denetik bildu zuten lehen egun horietan. Elkartasunaren ispilu, hainbat taxi gidari ere elkartu ziren bildutako material guztia Ukrainara eramateko eta ukrainarrak handik Gipuzkoara ekartzeko.
Gipuzkoako DYAk ere hartu zituen neurriak Ukrainako errefuxiatuei laguntzeko, eta martxo hasieran, lehen kolpean, hamazazpi errefuxiatu ekarri zituen Euskal Herrira. Zortzi boluntario Poloniara joan ziren hiru furgonetatan, eta material ugari hara eramateaz gain, han jaso zituzten hamazazpi iheslariak; horietako bost, adingabeak.
Lehen hilabeteetako elkartasun uholdeari jarraipena emanda, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria departamentuak eta Ukraina-Euskadi elkarteak ukrainar adingabeentzako udalekuak antolatu zituzten udan. Donostiako Rodovid zentroan —5 eta 14 urte arteko haur eta gazteak— eta Orioko Txurruka aterpetxean —8 eta 14 urte artekoak— egin zituzten egonaldiak ehun haurrek, uztailean eta abuztuan. Sustatzaileek azaldu zuten Ukrainatik Gipuzkoara iritsitako ama errefuxiatuei lan munduan sartzeko eta beharrezko lan prestakuntza emateko egitasmoa izan zela bereziki udakoa, gainerakoan euren seme-alabak inorekin uzteko aukerarik ez zutelako izango.
Leave a Reply