Miren Garate
Korrikaren urtea izan da 2022a. Euskaraldiarena. 25. urteurrena ospatu ahal izan du Euskaltzaleon Topaguneak. Baita Emun kooperatibak ere. Mende erdia bete du, berriz, Elhuyarrek. Izan dira itxaropena sortu duten beste albiste batzuk ere; adibidez, Gazte Euskaltzaleen Sarea sortu izana, eta Euskara Aurrera egitasmoa. Alabaina, pozerako motiboak bezala, kezkarakoak ere utzi ditu urteak. Herri euskaldunenetan —Gipuzkoan daude gehienak—, euskararen erabilera izaten ari den atzerakada da horietako bat.
Pandemiak urtebete atzeratu zuen arren, antolatzaileen esanetan, “mundiala, epikoa” izan zen 22. Korrika. Amurrion (Araba) hasi zen, martxoaren 31n, Hitzekin lelopean, eta 2.575 kilometroko ibilbidea osatu ostean, Donostian amaitu zen. Karmele Jaio idazleak idatzi eta irakurri zuen mezua. AEK-k doakotasunaren aldeko “erabaki ausartagoak” eskatu zizkien administrazio publikoei.
Korrikaz gain, Euskaraldia bihurtu da euskararen aldeko ariketa sozial jendetsuenetakoa. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra izan zen hirugarren aldia: 161.099 lagunek eta 6.634 entitatek eman zuten izena. Amaierako balorazioan, antolatzaileek esan zuten ariketa soziala gizartean “txertatua” dagoela. Haien hitzetan, lau urteotan “aurrerapauso handiak” eman ditu “lehen hitza euskaraz” arau sozial berriak, eta euskaraz ulertzen duenarekin euskarari eusteko jokabidea ere “gero eta barneratuago” dago. Hala ere, onartu zuten aurten “nahi baino txapa gutxiago” ikusi zituztela kalean.
Euskaraldia hasi aurreko astean, Pantailaldia egitasmoa ere izan zen, estreinakoz. Astebetez, euskarazko ikus-entzunezko edukien kontsumoa sustatzea proposatu zuen egitasmoak. Kezka eragiten du gaiak; batik bat, haur eta gazteen hizkuntza ohituretan duen eraginagatik. Pantailak Euskaraz taldeak eman zituen datuen arabera, streaming plataformetako 26.000 edukitatik %0,1 ere ez daude hizkuntza horretan. Talde horrek behin baino gehiagotan eskatu du legez arautzeko euskarak pantailetan izan behar duen presentzia.
Sei urtera, antzeko argazkia
Horri lotuta, Soziolinguistika Klusterrak, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta EHUko Dream ikerketa taldeak egindako Udalerri euskaldunetako haurrak eta euskara ikerlanaren arabera, udalerri euskaldunetako haurren profiletan eta hizkuntza praktiketan aldaketa “nabarmenak” ari dira gertatzen. Besteak beste, ikerketak lehentasunezkotzat jo zuen ikus-entzunezkoak euskaraz eskaintzea, eta ondorioztatu zuen, “aukera egokia eta erakargarria” dutenean, haurrek kontsumitzen dituztela euskarazko edukiak.
Iaz egindako kale neurketaren emaitzak ere jakinarazi ditu aurten Soziolinguistika Klusterrak: euskararen erabileraren beherakada eten egin da, baina ez irauli. Hots, sei urte lehenagoko —ordukoa zen aurreko neurketa— argazki orokorra ez da aldatu: %12,6k egiten dute euskaraz kalean, zortzi lagunetik batek. Eremurik euskaldunenetan erabilerak behera egin duela ere ondorioztatu zuen ikerketak. Horrez gain, euskararen erabilera gaztetu egin dela erakutsi zuten datuek: haurrek darabilte gehien, eta adinekoek gutxien.
Euskarak gaur egun duen egoerak “arduratuta”, Euskara Aurrera egitasmoa aurkeztu zuten apirilean, eta manifestazio handi bat ere egin zuten maiatzaren 21ean, Donostian. Egitasmoa sortzeko arrazoien artean, besteak beste, azken urtean “euskararen aurka” hartu diren erabaki judizialak, euskarak pantailetan duen presentzia “murritza”, euskararen erabilera datuek erakusten duten “geldialdia”, eta euskaraz ikasteko eskubidea “behin eta berriz” urratzen dela nabarmendu zituzten egitasmoaren sustatzaileek.
Leave a Reply