Josune Zarandona
Beasaingo Beasainmendi auzoko Abarizketa baserrian jaio zen Aritz Aranburu (1990). Haurra zenetik bizi izan da animaliaz inguratuta. “Behiak eta ardiak” izan dira ugarienak baserrian, baita “behorren bat edo beste” ere. “Aitak eta aitonak beti izan dute zaldiekin eta behiekin tratuan aritzeko ohitura. Aitona tratularia izan zen”, azaldu du. 17 urte zituela erosi zuen bere lehendabiziko zaldia Aranburuk, Miranda Ebroko (Burgos, Espainia) feria batean. “Tor izena zuen, eta zikiratutako zaldi mestizo bat zen”. Urteekin, zaldiekiko mira handituz joan zaio, eta zaldi arabiarretan jarri zuen begia geroago. Anubis izeneko bere zaldi arabiarrak urrian Kordoban (Espainia) jokatu den Espainiako Txapelketa irabazi du bere kategorian.
2021eko otsailean erosi zuen Anubis Galizian, Pontevedrako Lalin herrian. Internet bidez jarri zen saltzailearekin harremanetan, eta bideo eta argazki bidez ezagutu zuen; orduan, 11 hilabete zituen animaliak. “Zerbait berezia zuela iruditu zitzaidan. Ibiltzeko eran badu halako grazia berezi bat”, esan du harro. Ordurako txapelketa batean parte hartu zuen Anubisek, sei hilabeterekin, eta irabazi egin zuen.Arabiarra da zaldi arraza guztien artean antzinakoena. Desertuko baldintza gogorretan hezita, zaldi azkarrak, izaera gogorrekoak eta dotoreak dira.
Gutxitik gehiagora
Hala ere, Anubis ez da Aranburuk izan duen lehendabiziko zaldi arabiarra. 2016an, Lazkaon erosi zuen lehendabizikoa: “Behor arabiarra” zen. Zaldi eta behorren tratuan ez ezik —aitaren eta aitonaren ohiturari eutsi dio—, zaldi arabiarren txapelketetan ere buru-belarri dabil azken bi urteetan Anubisekin. Anubis saldu zion gizona prestatzailea ere bada, eta hark entrenatzen du txapelketetarako; horregatik, denboraldi luzeak ematen ditu Anubisek Galizian —orain ere han da—. Espainian ez dira zaldi arabiarren txapelketa asko egiten, eta egiten diren “gehienak Galizian” egiten direla esan du Aranburuk: “Herrialde Katalanetan ere badago ohitura, eta Mallorcan daude Espainiako bi zalditegi garrantzitsuenak”.
Txapelketak entzutez ezagutzen zituen, baina Anubis bere bizitzan gurutzatu zen arte ez zuen inoiz pentsatu horietan parte hartzea. “Oro har, jende aberatsak, jekeek-eta parte hartzen dute txapelketa hauetan”. 2021eko uztailean hasi zen Anubis txapelketetan parte hartzen. Urrian Kordoban egiten den Espainiako Txapelketa kenduta —2021ean eta 2022an parte hartu du—, gainontzeko txapelketa guztiak Galizian jokatu ditu. Txapelketak modu apalean hasi bazituen ere, hobetuz joan da, eta aurten Espainiako Txapelketan lehendabiziko saria irabazi du bere kategoriakoetan. Sailkapen orokorrean bigarren egin du. Espainiako Txapelketa Kordobako Kristau Erregeen Alkazarrean jokatu zen, eta ehun zaldi baino gehiago aritu ziren lehian.
Anubis eta alaba June
“Txapelketetan bost alderdi baloratzen zaizkio zaldi bakoitzari: itxura, burua eta lepoa, enborra, gorputz adarrak eta mugimendua”. Bakoitzean hogei puntu banatzen dira, eta guztiak batuta puntu gehien duenak irabazten du. Adinaren arabera sailkatzen dituzte zaldiak —klaseko onenak aukeratzen dira—, eta multzo bakoitzeko garaileak elkarren aurka lehiatzen dira, finalean guztietan ederrena zein den ebazteko.
Beasainmendin, bi moxal eme ditu gaur egun Aranburuk, urtebetekoa eta hamar hilabetekoa, eta bederatzi urteko beste zaldi bat. Galizian, Anubisekin batera, iazko Gabonetan erosi zuen moxal bat ere bai: AA-JAL izenekoa. “AA Aritz Aranburu edo Abarizketa baserriagatik, eta JAL otsailean jaio zen alaba Juneren inizialak direlako”, azaldu du. Zaldien eta pertsonen arteko konexioan sinisten du Aranburuk, eta ez da gutxiagorako, kasualitateak kasualitate, alaba June Anubisek bi urte egin zituen egun berean jaio baita aurtengo otsailean.
Txapelketen aurtengo denboraldia amaitu da, eta, hurrengoari begira, Aranburu zalantzati dago: ez daki Anubisek txapelketa gehiagotan parte hartuko duen edo ez. “Orain bi zaldi ditut Galizian, eta horrek kostu bat du hilero; txapelketetan parte hartzea ere ez da merkea”. Aurten, “Anubis estaltzeetarako utziko dut, atsedena ere har dezan”. Txapelketa irabazita izena lortu du, eta estaltze garaian “balio altuagoa” izango duelakoan dago. Anubisek estaliko balu, AA-JALekin lehiatzeko asmoa dauka Aranburuk.
Leave a Reply