Ez da errebantxa bat izango

Ez da errebantxa bat izango

Urko Etxebeste

Nafarroa Arena txiki bat izango da Oiartzungo Elorsoro kiroldegia igandean (17:00). 2022ko abenduaren 18an Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean aritu ziren zortzi bertsolariak berriz ere oholtza batean batuko dira. Ez da errebantxa izango, ordea. Maialen Lujanbiok ez du jokoan jarriko txapela. Gogoratuko dute, ordea, oraindik ere euskal presoak salbuespen egoeran bizi direla, haiek eta haien senideek zuzenean edo zeharka jasaten dituztela neurri horiek, eta horiei aurre egiteko iniziatibak sortzen eta egiten jarraitzen duela euskal gizarteak. Oraingo honetan, Etxerat-en ekimenez, kulturatik, euskaratik eta bertsoetatik bideratuko dute salbuespen egoera horiek bukatzeko nahia. Goraino beteko da Elorsoro.

“Guretzat oso garrantzitsua da kultur adierazpenen bidez ere aukera izatea plazaratzeko zein den euskal presoen egoera. Erreferente da, alde horretatik, Oiartzungo bertso saioa. Etxerat-en izenean izaten da, baina Oiartzungo lantaldearen lana ezinbestekoa da hau dena aurrera ateratzeko”, azaldu du Etxerat-eko koordinatzaile Nagore Mujikak.

Izan ere, aurten, 26.ez egingo dute bertsolaritza emanaldia. Lehen saioa egin zutenetik euskal presoen egoera asko hobetu bada ere, sakabanaketaren alorretik begiratuta batez ere, oraindik ere lanerako eta aldarrikapenerako arrazoiak badaudela uste du Mujikak. “Espero dugu urruntze politikarekin laster amaituko dugula. Sufrimendu handia eragin du gugan, eta konpondu ezinezko kalteak ere bai: 16 hildako utzi ditu, besteak beste. Bai, askoz hobeto gaude. Fase berri baten atarian gaudela esan genezake. Baina helmugara iristeko lan handia egin behar dugu: preso eta errepresaliatu guztiak etxean egotea nahi dugu”.

Oiartzungo saioan, aurreko urte guztietakoetan bezala, euskal presoekin lotura duten gaiak landuko dituzte Txapelketa Nagusiko protagonistek. “Elkartasun ekintza guztiek balio handia dute”, zehaztu du Mujikak. Azaldu du, bide horretan, biharko Bilboko nazio manifestazioa ere gaia gizartera zabaltzeko ahalegina dela, “baina astelehenean, asteartean, asteazkenean… lanean jarraitu behar dugu”. Egun, 173 euskal preso daude: horietatik 147 Euskal Herriko presondegietan, hamalau Espainiako Estatukoetan, eta beste hamabi Frantziako Estatukoetan. “Preso gehienak Euskal Herriko presondegietan izan arren, Espainiako Auzitegi Nazionalak salbuespen egoerak indartzen jarraitzen du. Legea bihurritzen dute presoen etxeratzea atzeratzeko. Guk presoentzat ez dugu onura berezirik nahi. Legea bete dadila nahi dugu, euren eskubidea delako. Bizikidetzaren bidean aurrera egiteko salbuespenezko legeekin bukatu behar da”. Etxerat-eko Nagore Mujikak esandakoak, bertsotara eramango dituzte etzi Oiartzunen.

Oiartzuarrak

Uda aurretik hasi zen prestatzen Oiartzungo lantaldea etziko emanaldia. Etxerat-ekin koordinatuz, antolakuntza lanaren pisua haiena da. Taldeko kide da Igor Ibarguren: “Elorsoro beteko da. 1.400 lagunentzako eserlekuak jarriko ditugu. 1.300 saldu dira jada [asteleheneko datua da]. Egunean bertan hogeiko talde bat ariko gara lanean, den-dena egoki atera dadin”. Ibargurenek aipatu du aurreko urteetan, urtarrileroko Sareren nazio manifestazioaren aurretik izaten dela Oiartzungo emanaldia. Aurten, jaiegunen dantzagatik, atzeratu egin dute. “Etxerat-en aldeko 26. saioa izango da etzikoa, baina duela 28 urte antolatu zen lehena. 2020an pandemiagatik ez zen egin, eta beste urteren batean ere ezin izan zen antolatu”, zehaztu du.

Bertsolariak aukeratzean, Txapelketa Nagusiko finala izaten ez den urteetan, saiatzen dira Euskal Herriko herrialde denetako bertsolariak ekartzen, emakume-gizon oreka mantentzen, baita bertsolari oiartzuarren bat lotzen ere. “Aurten, finala izanik, Nafarroa Arenako zortzikoaren bila joan gara zuzenean”; zer bertsolari ekarri, beraz, ez da buruhaustea izan. Etxean ariko da, gainera, Alaia Martin Etxebeste.

Aitortu du ikuslerik gehien Txapelketa Nagusiko urteetan izaten dela Oiartzunen. “Finaletik aparteko urteetan mila ikusle inguru bildu dira. Finalekoetan goraino betetzen da kiroldegia. Olatua baliatzen dugu”. Iaz, COVID-19aren murrizketengatik, 360 bertsozale bildu ziren kiroldegian. “Azkena izan dadila” esaldia maiz errepikatu ohi da gisa honetako ekitaldietan. “Oraingoz, ez da horrela izango”, esan du Ibargurenek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.