Intxaurra beltz, etorkizuna ere halatsu

Intxaurra beltz, etorkizuna ere halatsu

Ihintza Elustondo

Euskal Herrian produktu preziatua da intxaurra, sagardoaren ezinbesteko aliatua izateaz aparte, osasunerako hainbat onura eragiten dituena. Landa eremuko etxe askotan dute atarian intxaurrondoak izateko ohitura, baita horiek emandako aleak aprobetxatzekoa ere. Dena den, azken bi urteotan gainbeheran joan da produktu horren emaria, ia-ia galtzeraino. Izan ere, gaitzak jo ditu intxaurrondoak, eta azken uzta ia erabat galdu da; hala baieztatu du Jon Arruti baserritar beizamarrak: “Gipuzkoako baserritarrak intxaurrik gabe gelditu gara”.

Beizamako Oiarbide-Saletxe baserrian bizi da Arruti, eta abeltzaina da ogibidez. Dena den, zaletasun gisa, badu beste proiektu bat ere esku artean: intxaur olioa egiten du. Etxe inguruan hainbat intxaurrondo ditu, eta zuhaitz horiek emandako aleei aterabidea emateko hasi zen intxaur olioa egiten, duela hamar urte inguru. “Urte emankorretan, sobera gelditzen zen intxaurra baserri askotan; alferrik galtzen zen. Eta soberan zegoenarekin olioa egitea bururatu zitzaidan, aprobetxatzeko”.

Ordutik, hainbat urtez egin du olioa, baina azken bi urteotan, ez da posible izan. “2021ean aurreko urtean ekoitzitako olioaren azken hondarrak saldu nituen, eta iaz ez nuen batere saldu, ezin izan nuelako egin”. Jendeak esan izan dio kanpoko intxaurrarekin egiteko olioa, baina Arrutik ez du hori nahi. “Bertako intxaurrari aterabidea emateko hasi nintzen olioa egiten, eta horrek ez luke zentzurik izango”.

Azaldu duenez, “kantitate txikietan” sortu izan du intxaur olioa. “Ez naiz profesionala”, dio. Dena den, bere etxeko intxaurrak eta inguruko baserritarrenak batuta, bi mila kilo inguru baliatu izan ditu olioa ekoizteko. “Etxean biltzen nituen ehun bat kiloez aparte, Gipuzkoako zenbait baserritarri erosten nien intxaurra: Errezilgoei, Baliarraingoei, Asteasukoei, Aiakoei, Ordiziakoei…”. Azkeneko bi urteotan ere jarri da haiekin harremanetan, baina guztien erantzuna berbera izan da: “Inork ez dauka intxaurrik”.

2021ean hasi zen nabaritzen zenbait intxaur ale belztu egiten zirela, eta iaz ikusi zituen kalterik handienak. “2021ean intxaur pixka bat izan genuen, baina joan den urtean, batere ez”. Ez daki zehazki zerk eragin duen intxaurraren gaitza. “Adituek diote bi zomorro motak eragin dezaketela. Batzuek uste dute sagarraren harrak eragin diola intxaurrari, eta beste batzuek, berriz, Ameriketatik etorritako zomorro bat izan daitekeela eragilea”. Haren arabera, lehen ere belzten zen intxaurra “tarteka”, baina oraingoan “dena” galdu da. “Gaitzak hartzean, agian hamar aletik bat mantentzen da ondo, eta baserritarrok ezin dugu ezer egin”.

MAITIA OLIOA

Azken bi urteotan, beraz, Arrutik ez du ekoitzi intxaur oliorik, eta ez daki geldialdi hori betirako izango den ala ez. “Ez dakigu 2023an uztarik izango den”. Inguruotako intxaurrak belztu ditu gaitzak, baina ez hori bakarrik; oraingoz, behintzat, ez dago jakiterik etorkizunak ere kolore bera izango duen.

Frantziara egindako bidaia batean izan zuen intxaur olioaren berri Arrutik, eta han sortu zitzaion Euskal Herriko intxaurrak baliatuz olioa egiteko ideia. Dordoinan (Frantzia) ekoitzi izan du olioa, eta Frantziarekin izandako hartu-emanetan gauza batekin ohartu da: uste dut Euskal Herrian baloratzen den produktua dela intxaurra; “gero eta gehiago”, gainera. “Hala ere, ohartu naiz ez daukagula jakintza handirik intxaurraren inguruan. Mota asko daude, baina identifikatu gabe dauzkagu”. Uste du lan handia dagoela egiteko. “Baserrietan eta inguruetan intxaur ugari dago, eta horiek genetikoki identifikatu beharko genituzke; aurrera begira, altxor bat izango litzateke hori. Agian, lan hori eginda izango bagenu, zenbait intxaur mota ez zituzkeen gaitzak kaltetuko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.