Prezioak eta beste kezka batzuk

Prezioak eta beste kezka batzuk

Miren Garate

BERRIAko Euskara Taldearen esanetan, honako hauek izan ziren iaz erruz erabili ziren hitzetako batzuk, hilabetekako hurrenkeran: lehen arreta, gerra, korridore humanitarioa, Korrika, zelatatu, sutea, bero zapa, ziztada, gasbidea, euskal selekzioa, Irulegiko Eskua eta bertsoa. Ezin jakin zein izango diren aurtengoak, baina hurrengoak izan daitezke hautagaietako batzuk.

A.

ALARDEA

Aurrerapenen gogoz

Baztertzailea da oraindik ere Hondarribiko alardea. Haren aurretik desfilatu behar izaten dute Jaizkibel konpainiako gizonek eta emakumeek. Alabaina, aldaketarako gogoa indarra hartzen ari dela sumatzen da. Iazko uztailean, Guztion Alardea izeneko mugimenduko 64 emakumezkok alardean parte hartzeko eskea egin zuten. Itxaropena eragin zuen eskaerak, desfile baztertzailean parte hartzen duten herritarren ingurutik sortua baita mugimendua. Alarde Fundazioak ezetz esan zien, eta ohi bezala egin zuen iazko desfilea irailaren 8an. Hondarribiko Udalak abendu amaierara arte ez zien erantzun, eta jasotako erantzunak ere ez dakarrela aurrerabiderik adierazi zuen Guztion Alardeak. Alkate aldaketa izango da aurten herrian, Txomin Sagarzazu oraingo alkatea ez baita aurkeztuko kargurako, eta ikusi beharko da udal gobernu berriak jarrera aldaketarik ekartzen duen.

B.

BERTSO EGUNA

Azpeitian, urtarrilaren 28an

Lehen Donostian egin ohi zen arren, 2018tik aurrera ibiltaria da Bertso Eguna, urtero aldatzen da herrialdez eta herriz, eta Azpeitian egingo da aurtengoa. Urtarrilaren 28an izango da. Pandemiaren aurretik bezala, egun osoko egitaraua antolatuko dute: goizean, kalez kaleko poteoa izango da, libreko bertso saioekin; eguerdian, bertso bazkariak egingo dituzte zenbait elkarte gastronomikotan; eta, gauean, afaria izango da. Afalostean ere bertso ekitaldia izango da.

C.

COVID-19A

Ahaztu nahi den pandemia

Hiru urte dira jada koronabirusaren hotsak entzuten hasi zirenetik. Bi urtean herritarren bizitza guztiz baldintzatu ostean, indargabetuz joan dira hari aurre egiteko neurriak, eta gutxitu dira hari buruzko albisteak ere. Alabaina, oraindik maskarak behar dira osasun zentroetara joateko eta garraio publikoan ibiltzeko. Pandemiaren zehar kalte batzuek ere agertzen jarraituko dutela aipatu izan dute adituek; adibidez, aurreko urteetan egin gabeko proben ondorioz, gaitz asko beranduegi hautemateko arriskuaz ohartarazi izan dute. Era berean, azken asteotan kezka zabaldu da berriz ere. Txinak arindu egin ditu birusari aurre egiteko neurriak, eta asko ugaritu dira kutsatzeak herrialde hartan. Hala, Europako Batasunak gomendatu du test negatiboak eskatzea Txinatik datozen bidaiariei.

D.

DONOSTIA

Ekonomia sozialaren hiri

Europako Kultur Hiriburu izan zen Donostia 2016an. Europako Gabonetako Hiriburu ere izan berri da. Eta, aurten, Gizarte Ekonomiaren Hiriburu izendatu du Espainiako Gobernuak. Erabakiaren berri izan ostean, Eneko Goia alkateak nabarmendu zuen izendapenak sektore horretan lan egiten duten enpresa eta erakundeentzat erreferente gisa sendotzen duela Donostia.

E.

EUSKARA

C1 azterketak doan

Urte bete-betea izan zen iazkoa euskararentzat. Batetik, Irulegiko Eskuaren aurkikuntzagatik. Bestetik, ekitaldi eta gertaera sonatu ugari izan zirelako: Korrika, Euskaraldia, kale neurketaren emaitzaren aurkezpenak, aldaketa Euskalgintzako Kontseiluaren idazkari nagusi karguan, Euskaltzaleen Topagunearen 25. urteurrena, Mintzalagun egitasmoaren 30. urteurrena… Itxura batera, euskalgintzaren bueltako agenda ez dator hain betea, baina herriz herri hamaika ekitaldi eta egitasmo antolatuko dituzte aurten ere. Euskara ikastea doakoa izateko eskaeran ere aurrerapen bat izango da, eta Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak handituko ditu 16 eta 30 urte arteko ikasleek, B2 mailako azterketak ez ezik, C1 mailakoak ere doan egin ditzaten.

F.

FAMILIA LEGEA

Egun gehiago zaintzarako

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak abenduan onartu zuen Familia Aniztasunaren eta Familiei Laguntzeko Legearen aurreproiektuaren arabera, urtean bederatzi eguneko baimena hartu ahal izango da senideak eta bizikideak zaintzeko. Ordaindutako bi baimen berri izango dira. Batetik, urtean bost egun izango dira familia edo bizikidea zaintzeko, istripuren bat, gaixotasun larriren bat, ospitaleratzeren bat edo kirurgiaren bat dela eta. Bestetik, lau eguneko beste baimen bat indarrean jarriko dute “larrialdi egoerei” aurre egiteko, hau da, eritasun edo istripuren bat gertatzen denean “berehalako presentzia” ezinbestekoa den kasuetarako. Neurri horiek uda aurretik indarrean egotea aurreikusi dute.

G.

GERRA

Ukrainatik ihesi, Gipuzkoara

Iazko albiste nagusia izan zen. Otsailean, nahiko ezustean, Errusiak Ukrainari eraso egin zion. Hasieran, uste zen gerra segituan amaituko zela, baina ez da hala izan. Urtebete egitera doa, eta ondorioak izugarriak ari dira izaten Ukrainako herritarrentzat. Milioika herritarrek ihes egin behar izan dute, eta horietako batzuek Gipuzkoa hartu dute bizilekutzat. Gerra hasi eta astebete eskasera iritsi ziren lehen errefuxiatuak. Espainiako Inklusio Ministerioak emandako datuen arabera, Gipuzkoan bizi diren 1.581 ukrainiarri eman dizkiete bizileku eta lanerako baimenak. Ukrainak “bakerako goi bilera bat” antolatzeko asmoa du datorren otsailerako. Moskuk esan du ez dituela Kieven baldintzak negoziatuko.

H.

HEZKUNTZA LEGEA

Martxorako adostu nahian

Eusko Jaurlaritzak irailean aurkeztu zuen Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroa, eta hura oinarri dutela ari dira eztabaidan. Iazko urtea amaitzerako onartu nahi zuen Jaurlaritzak, baina testuak zenbait kritika jaso ditu, eta ez zuten akordiorik lortu. Desadostasunen erakusle, ELAk, LABek eta Steilasek deituta, sare publikoko langileek bi greba egin zituzten iazko azaroan eta abenduan. Hezkuntza Legea langileekin batera adosteko eskatu zuten. Bingen Zupiria bozeramaileak esana du gustatuko litzaiekeela Hezkuntza Lege proiektua 2023ko lehen hiruhilekoan onartzea gobernu kontseiluan.

I.

INFLAZIOA

Prezioak gora eta gora

Nabarmen garestitu zen bizimodua iaz, eta, itxura batera, herritarren egoera ekonomikoak zeresana emango du aurten ere. Europako Banku Zentralaren iragarpenen arabera, prezioak goian egongo dira oraindik ere, eta interes tasak igotzea ere espero da. Horrek Euriborraren garestitzea ere ekarriko luke, eta are gehiago zailduko litzateke familia askoren egoera. Hain zuzen ere, hainbat gizarte eragilek jakinarazi dute dagoeneko igartzen dutela hazten ari direla gizarte desorekak eta pobrezia kronifikatzen ari dela kolektibo batzuetan. Inflazioaren ondorioak arintzeko zenbait neurri jarri dituzte indarrean. Urtea hastearekin batera, Espainiako Gobernuak oinarri-oinarrizko elikagaien BEZa %4tik %0ra jaitsi du, eta olioarena eta pastarena, %10etik %5era. Alabaina, ez dirudi jaitsiera horrek gehiegi arinduko dituenik kontsumitzaileen poltsikoak. Alokairu berrien prezioak ere izoztu egin ditu Espainiak, eta eguneratzeek ezingo dute %2ko igoera gainditu. Bertan behera geratu dira beste laguntza batzuk; tartean, martxotik indarrean zen erregai litroko 20 zentimoko hobaria, garraiolarientzat eta nekazarientzat salbu.

J.

JUBILAZIOA

Adina atzeratzen

2011n Espainiako Gobernuak pentsio sistemaren erreforma bat sustatu zuen, eta pixkanaka ari da indarrean jartzen. Erretiroaren adina 65 urtetik 67ra atzeratzea da haren asmoa, eta, 2013tik hasita 2027 arte, urtero bi hilabete atzeratzen ari dira erretiroaren adin ofizial hori. 66 urte eta lau hilabeterekin hartu ahal izango da erretiroa aurten. Aurtengo urtarriletik, Gizarte Segurantzari kotizatutako azken 25 urteak hartzen dira kontuan pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko. Urte hasieran, %8,5 handitu dira pentsioak, hori izan baitzen batez besteko inflazioa 2021eko abendutik 2022ko azarora.

K.

KUOTAK

Berdel gehiago

Gipuzkoako baxurako arrantzaleentzat, berdela, hegaluzea eta antxoa dira harrapaketa nagusiak. Europan egindako lehen negoziazioen arabera, berdela harrapatzeko aukerak %20 handituko dira iazkoekin alderatuta. Hegaluzearen eta antxoaren kuotak, berriz, aurrerago adostuko dira —Espainiako Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak aurreratu du aurten baino %17 antxoa gehiago arrantzatu ahal izango dutela—. Legatzaren kuota %10 handituko da; hain zuzen, azkenengo zortzi urteetan Bruselak egindako lehen igoera da. Espeziearen kontserbazio onaren eraginez hartu du erabakia. Kontrakoa gertatu da txitxarroarekin, murrizketa handia izango baitu: iaz arrantzatutakoaren %4 inguru soilik arrantzatu ahal izango dute, stockaren baldintza txarrak direla eta.

L.

LAN HITZARMENAK

Metala eta beste batzuk

Gipuzkoan, lan hitzarmen berezia izan ohi da metalarena, eragiten dien langile kopuruagatik eta beste sektore batzuetan ere erreferentziatzat hartu izan delako. Orain indarrean dagoen ituna aurten amaitzen da, eta sindikatuak dagoeneko hasi dira hari buruz hitz egiten. Iaztik eta lehenagotik datozen lan gatazka batzuk ere konpondu gabe daude oraindik ere. Zahar egoitzetakoa da horietan nabarmenenetako bat. Ohiko mailetatik gora dabil KPIa, eta soldatak haren arabera eguneratu edo ez izan daiteke gatazka puntu nagusietako bat negoziazio mahaietan. Hala eguneratu ezean, pobretu egingo dira langileak.

M.

MONDRAGON

Ulma eta Orona gabe

Ezohiko batzar banatan, Mondragon korporaziotik ateratzea erabaki zuten Ulma eta Orona kooperatibek iazko abenduan, gehiengo zabalarekin batean zein bestean. Bide propioari ekingo diote orain, eta haiek gabeko egoerara egokitu beharko du Mondragonek ere. Bi kooperatiben erabakiaren berri izan ostean, “etapa berri bat” hasiko duela esan zuen korporazioak, eta bide hori interkooperazio eta elkartasun balioetan arreta jarrita egingo duela. Ulmaren eta Oronaren artean Mondragon taldeko lanpostuen %13 zuten, salmenten %15 eta irabazi gordinen %20. Ikusteko dago zer ondorio izango dituen haien erabakiak Mondragonen jardueran eta eragiteko gaitasunean. Beste kooperatibaren batek bide bera hartzearen tentaldia izan dezakeen edo ez ere ez dago argi.

N.

N-1 ETA A-15

Bazkardoko obrak

Andoaingo Udalak 476.000 euro jasoko ditu Espainiako Gobernutik, Bazkardon N-1 eta A-15 au- tobideen lotura nola egin aztertzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak jada badu proiektu bat, eta Bidegirekin hitzartuta du nola egin. Alabaina, inguruko bizilagunek gogor kritikatu zuten proiektua, jasango dituzten kalteengatik, eta plataforma bat ere sortu zuten haren aurka. Andoaingo udal bilkurak ere obra gelditzeko eskatzeko mozioa onartu zuen. EH Bilduk egindako zuzenketa bati esker jasoko du diru sail hori udalak. Azterketak aldundiaren asmoetan aldaketak eragin ditzake, edo ez.

O.

OSAKIDETZA

Donostialdeko ESIko krisia

Abenduaren 2an lehertu zen Donostialdea ESIko krisia. Osakidetzak erakunde sanitarioko zuzendari kudeatzailea eta Donostia ospitaleko zuzendari medikua kargutik kendu zituen, eta egun hartan bertan egin zuten ESIko hainbat langilek erietxeko atarian lehen elkarretaratzea, haiei babesa erakusteko. Kargugabetzeen ostean, dimisioak ere etorri ziren. Aste hauetan, agerian geratu dira ESIen arteko tirabirak, goi agintarien inguruko mesfidantzak, eta gainezka ari den sistema batek sortutako zailtasunak. Urtarrilaren 18an dira elkartzekoak Osakidetzarekin; bien bitartean, astelehenetan elkarretaratzeak egiten jarraituko dute Donostia ospitalearen aurrean.

P.

PIASPE ETA ITSARAZ

Azterketa urtea

Norvegiako Statkraft enpresa publikoak Gipuzkoan bi parke eoliko egin nahi zituela jakinarazi zuen iaz. Azpeitia, Errezil eta Zestoa artean eraiki nahi du bat, Piaspe izenekoa; bestea, Itsaraz izenekoa, Eskoriatza eta Aramaio (Araba) artean. Herritarrei jakinarazi zien zero puntuan daudela proiektuak, eta pentsa daiteke azterketak egiteko urtea izango dela aurtengoa. Proiektu horien eta beste parke eoliko batzuen aurkako taldeak ere sortu dira, eta mendiak ez “industrializatzeko” eskatu dute.

R

REALA

2021-2022koaz gozatzen

Reala bikain aritu zen 2021-2022ko denboraldian, eta bigarren amaitu zuen emakumeen Espainiako Liga. Ondorioz, Superkopa jokatuko du. Urtarrilaren 18an edo 19an izango du finalaurrekoa; oraindik ez daki Bartzelona edo Sporting Huelvaren aurka, eta aurrera egiten badu, urtarrilaren 22an, finala. Gizonezkoetan, Reala hirugarrenez jarraian ari da Europa Ligan. Lehen postuan amaitu du multzoen fasea, eta martxoaren 9an eta 16an jokatuko ditu hurrengo bi partidak. Otsailaren 24an jakingo du noren aurka.

s

SAREREN MANIFESTAZIOA

Urtero bezala, kalera

Sare plataformak bihar egingo du Bilbon euskal presoen eskubideen aldeko urteroko nazio manifestazioa; 17:00etan abiatuko da, La Casillatik. Horrez gain, mahai inguru bat prestatu du goizerako, eta bertan elkartuko ditu ETAren, GALen, presoen sakabanaketa politikaren eta torturaren biktimak.

T.

TABAKALERA

Astelehenetan itxita

Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa astelehenetan itxita egongo da aurten. Kafetegia bakarrik egongo da zabalik. Asteartetik ostiralera, berriz, ordubete geroago irekiko ditu ateak: 10:00etan. Energia aurreztea da hartutako erabakiaren arrazoia.

U.

UDAL ETA FORU BOZAK

Maiatzean da hitzordua

Maiatzaren 28an izango dira udal eta foru hauteskundeak. Herri askotan, alderdiek dagoeneko iragarri dituzte zein izango diren beren alkategaiak. Donostiakoak, esate baterako, Eneko Goia (EAJ), Juan Karlos Izagirre (EH Bildu), Marisol Garmendia (PSE), Borja Corominas (PP) eta Victor Lasa (Ahal Dugu) izango dira. Ahaldun nagusi izateko hautagaiak ere zehaztuta daude: Eider Mendoza (EAJ), Maddalen Iriarte (EH Bildu), Jose Ignacio Asensio (PSE), Miren Etxebeste (Ahal Dugu) eta Mikel Lezama (PP). Inkesten arabera, EAJk eta EH Bilduk dituzte foru hauteskundeak irabazteko aukera handienak. Hala gertatuz gero, lehenengo aldiz emakume bat izango da ahaldun nagusi Gipuzkoan.

V.

VINGEGAARD

Frantziako Tourra

Jonas Vingegaard izan zen Frantziako Tourraren iazko irabazlea. Eta errepikatu nahiko du balentria aurten ere. Uztailaren 1ean hasiko da lasterketa, non eta Euskal Herrian. Bizkaian ibiliko dira txirrindulariak lehen egunean, eta biharamunean hartuko dituzte Gipuzkoako errepideak. Gasteizen hasiko da egun horretako etapa, eta Donostian izango du helmuga. Hirugarren etaparen zatirik handiena ere Gipuzkoatik igaroko da, kostaldeko herrietatik, eta Lapurdin amaituko da, Baionan.

W.

WIKIPEDIA

Entziklopedia, sendo

2022ko urriaren 18an 400.000. artikulura iritsi zen euskarazko Wikipedia. Horren gain, euskarazko Wikipediak jadanik baditu “Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluak” sarean. Hala ere, euskarak esparru digitalean duen egoerak kezka eragiten du, batez ere ikus-entzunezkoen eskaintza urriak.

X.

XENOFOBIA

Gorroto delitu nagusia

Eusko Jaurlaritzak iaz emandako datuen arabera, gorroto delitu gehienen kausa nagusia arrazismoa eta xenofobia da, eta, batez ere, jatorri arabiarreko pertsonek pairatzen dute. 2023an “migrazio politika arrazistak” gogortu egingo direla uste dute Etorkinekin eta Irungo Harrerak Sareak.

Y.

EUSKAL Y-A

Lanak, atzeratuta

Atzeratzen ari dira abiadura handiko trenaren obrak, eta Gorka Bueno, Andoni Kortazar eta David Hoyos EHUko irakasleek egin duten ikerketa baten arabera, aurreko hamarkadan egin ziren erabilera aurreikuspenak zaharkituta geratu dira. Euskal Y-aren erabilera datuak —bidaiariena eta salgaiena— apalak izango direla esan dute, eta, ikertzaileen iritziz, ez dute justifikatzen azpiegituraren errentagarritasun ekonomiko-sozial eta finantzarioa.Gasteiz, Bilbo eta Donostia lotu nahi dituen abiadura handiko trenaren nolabaiteko ardatza Bergarako lotunea da. Hiru zati ditu obrak, eta hiruretan ari dira lanean; alabaina, oso atzeratuta doaz, aurreko hamarkadan obra horiek egiteko eskaintza jaso zuten enpresek bertan behera utzi zutelako kontratua, gainkostuen ondorioz.

Z.

ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA

Eraikin berria Hernanin

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkearen Hernaniko Galarretako campusak eraikin berria izango du 2025ean. Aurten hasiko dira lanekin, eta gehienez ere 24 hilabetean amaitu beharko dituzte. Sustatzaileek azaldu dutenez, eraikuntza berria biribilgune nagusiaren ondoan egongo da, campuseko sarbidean. 6.045 metroko lursail batean eraikiko da, eta bulego, laborategi edo I+G zentroetarako erabiliko da, salmenta eta alokairu modalitateetan. Lurzatiaren eraikigarritasuna 10.000 m2-koa da, eta eraikinaren gehieneko altuera hemeretzi metrokoa izango da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.