Esaten da gaztetxotan entzuten dugun musikak markatu egiten gaituela. Ez dakit guztiz egia den, baina esan nezake kantu punkiak entzuten ditudanean, zarata eta oihu baino ez badira ere, hasperen moduko bat irteten zaidala, barruan “etxean nago” bezalako sentsazioa eragiten didatela, nahiz eta nire oraingo musika gustuak ez diren horiek justu.
Aurrekoa irakurrita asmatuko zenuten zein kontzertutan izan naizen Gabon bueltan. Bai, Hertzainak agurtzen berriro ere. BECen eta Gasteizen egon nintzen, eta otsailean beste nonon joko balute, atzera ere joango nintzateke. Nostalgia? Ez, gehiago disfrutea eta sasoi ilun horietako oroitzapenak.
Hertzainak taldea berezia izan da gure belaunaldiko askorendako. Zutabe honetan aspaldian kontatu nuen lez, lehenengoz Debako Maxi tabernan (dagoeneko itxita, snif!) entzun nuen, eta haluzinatu egin nuen musika hori euskaraz zelako! Itoizen zaleak baginen, baina musika zaratatsu “berri” hura ordura arte gaztelaniaz baino ez genuen entzun. Danbateko itzela.
Nire bizitzako lehenengo kontzertua ere Hertzainakena izan zen. 15 bat urte izango genituen, eta Eibarren jo zuten, frontoi zaharreko eskoletako patioan. Eskola horri La Potxi deitzen zioten, potxilga-tik (txerrikorta)! Makinatxo bat kartzelak patio txukunagorik izango dute. La Potxi, frontoi zaharra eta dena desagertu zen aspaldi, baina bertan izan ginenok betiko izango dugu gogoan kontzertua! Hango pogoak, bultzadak… Gu hain gazte eta berde, denarekin flipatzen! Taldekideei gauzak jaurtitzen publikoa! Gariren sex-appeal hura tirantedun kamisetan geratu zenean mikroaren aurrean! Eta Arrautz bat pinu batean jo zutenean izei bat jarri zuten oholtzan (Gabonak ziren), motozerra bat atera, mozten hasi… kable batzuk ere moztu eta kontzertua amaitu! Hori izanda lehenengo kontzertua, ezerk ezin gaitu harritu!
Denbora zoro haiek pasatuta, oraingoak makrokontzertuak izan dira: arauak eta ilarak. Nola aldatzen diren gauzak, kamarada.
Musika, ordea, ez da aldatu. Bertsioak egin zituzten kantu batzuetan. Gasteizen, Aitormena Zabalak eta Garik kantatua, ikaragarri gustatu zitzaidan, abesti gustukoena ez izan arren. Kantek 30 urte baino gehiago badituzte ere, askok ez dute aktualitaterik galdu, Amets prefabrikatuak edo Larru beltzak abestiek, esaterako. Beste batzuek ere funtzionatzen dute oraindik. Eta funtzionatzen ez dutenei emanaldietan funtzionarazi diegu, saltoka eta oihuka. Horiek ere zer pentsatua eman digute, era berean zenbat eta zein gutxi aldatu den gure gizartea azaltzen dutelako, sasoi bateko lekuko ozenak direlako. Kirrinka egiten digute kontu batzuek, adibidez gaur egunean ere galtzontzillo kuadrilla ikustea eszenatokian. Edota hasi aurretik Andoni Ortuzar ikustea publiko artean BECen eta jo zuten lehenengo kantua Rokanrol batzokian izatea… “Hau dena aldatu nahi nuke” oihukatzen segitzeko nahikoa motibo badaudela demostratuta geratu da.
Agur esan digute, jaio eta bukatu, nahiz eta duela 30 urte Donostian Anoetako frontoian agurtu genituen. Orduan bai pena, baina oraingoan poza sentitu dugu, iñun baino alaiagoa izan da-eta.
Leave a Reply